EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Udal gobernuari, Amasako frontoian edukiontziak biltzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abu. 29a, 02:00

Amasa-Villabonako EH Bilduk oharra kaleratu du Amasako frontoiak edukiontzien biltegia dirudiela eta Villabonako Udaleko gobernuari azalpenak eskatzeko:

Pasa den uztailean (Santio jaien aurretik) Amasako frontoia zabor edukiontziz beteta zegoela jakin genuen. Orduan guztiz harrituta geratu ginen eta garbi utzi nahi dugu EH Bilduko zinegotziei ez zitzaiela kontu honi buruzko ezertxo ere jakinarazi. Beraz, EAJ-PNVko Udal Gobernuak bapatean eta unilateralki frontoia biltegi bilakatu eta isteko erabakia hartu du.

Hasieran egun batzuetako kontua izango zela pentsatu genuen, baina oker geunden eta abuztu osoa darama frontoiak egoera horretan. Normala den bezala, honek hainbat herritarren artean haserrea eragin du, frontoiko erabiltzaileek ezin izan baitute pilotan jokatzeko (edo beste kirol batzuk praktikatzeko) erabili. Guk ere bat egiten dugu haserre horrekin, ez baitugu ulertzen nola eduki daitekeen kirol instalakuntza publiko bat, guztiz itxita biltegi soil bat bezala erabiltzeko. Frontoia herritarrek erabiltzeko espazio publiko bat da eta horrexegatik EH Bilduko kideok egunero irekita egon behar duela pentsatzen dugu. Zergatik erabaki da edukiontzien biltegi bezala Amasako frontoia erabiltzea? eta ez herritarrek erabiltzen ez duten beste edozein espazio? Gure ustez egoera hau ez da onargarria eta udal gobernuari azalpen argi bat ematea eskatzen diogu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!