Zizurkilgo plaza berriak haritza izango du erdian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abu. 23a, 02:00

Abuztuaren 15 eta 16an, herriko festekin batera egindako galdeketaren emaitzak jakinarazi ditu Udalak: . 90 boto eman ziren: 30ek haritzaren alde egin zuten, 29k lizarra aukeratu zuten eta 18k pagoa. Udalak jarritako hiru aukerez gain, artearen alde egin zuten hiru herritarrek. Gehiengoz, beraz, haritza jarriko dute P. M. Otaño plaza berrituan:

“Emaitza estua izan da, iritzi ezberdinak agerian geratu dira baina batek behar du eta boto bategatik bada ere haritza nagusitu denez, berau jarriko da”, azaldu du Aitor Sarasua nekazaritza zinegotziak. Fraisoro nekazal eskolarekin hitz eginda egingo dira urratsak, orain artean bezala.

Plaza berritzeko lanak urte amaiera aldera hastea aurreikusten du Udalak. “Aurtengo aurrekontuetan sartu da diru partida bat eta gainontzekoa hurrengo urtean jarriko dugu”, azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak. Udazken aldera, proiektua zehaztu bezain pronto herritarren aurrean aurkeztuko du Udalak batzar batean.

Argazkia: Zizurkilgo Udala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!