Iraileko bigarren astean hasiko dira Zizurkilgo festak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abu. 23a, 02:00

Zizurkilgo festa batzordeak prest du irailaren 6tik 11ra luzatuko diren festetarako egitaraua. Ekintzekin batera, hainbat ohar zehaztu dituzte. Jarraian banan bana:

• Danborradarako eta Ingurutxorako entseguak irailaren 1ean eta 2an izango dira, arratseko 19:00etan (ingurutxoa) eta 20:00etan (danborrada), P. M. Otaño eskolan. Danborradan parte hartzeko ezinbestekoa izango da entsegura joan eta bertan izena ematea. Danborradan, soilik, 2001. urtean edo aurretik jaiotakoek har dezakete parte.

• Herri afarirako txartela Egarrin eta Olentzon erosi ahal izango da, irailaren 6ra bitartean (Salneurria: 20 euro).

• Larunbateko Herri bazkarirako mahai eta aulkiak erreserbatu ahal izateko (kopurua zehaztuz), ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, zerrenda Udal bulegoetan egongo da, abuztuaren 24tik irailaren 2ra arte.

• Herri bazkariaren ondoren Postre lehiaketa egingo da, parte hartu nahi dutenek etxean egindako postrearen zati bat entregatu beharko dute bazkalaurretik.

• Gazte bazkarirako txartelak Atxulondo, Egarri eta Iriarte tabernetan egongo dira salgai irailaren 6 arte (10 euro). Bakoitzak bere platera eta mahai-tresnak eraman beharko ditu.

• Mus txapelketan parte hartu ahal izango dute 1999. urtean edo aurrez jaiotakoek.

• Kros mistoan izena emateko lasterketa baino ordubete lehenago azaldu beharko da. Izen-ematea dohainik izango da.

• Astakiloen show-ean parte hartzeko aurrez izena eman beharko da bazkari-orduan.

• Karpan afaltzeko gunea izango da gauero. Nahi duenak afaria ekarri eta bertan afaldu

ahalko du. Festetako zapiak herriko tabernetan egongo dira salgai.

• Festa batzordeak ez du bere gain hartuko gerta daitezkeen istripuen ardura.

• Festek irauten duten bitartean, ordutegi aldaketak izango dira hondakinen bilketan. Adi Udalak zabalduko duen bandoari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!