Pantxikaneri omenaldia, bertso bidez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abu. 21a, 02:00

Andramaritako bertso saioan Pantxikane taberna jatetxea omendu zuen Unai Mendizabal bertsolariak. Igotz Alkortak itxi berri den tabernari buruz kantatzeko eskatu zion eta Adunibarkoak hiru bertso eder eskaini zizkien. Bideoz bildu zuen Joxin Azkuek.

Bertso idatziak: 

Han zen lehenengo telefonoa, 

ta haren kable kixkurra.

Kanpaiak eurek jotzen zituzten,

dardarka jarriaz lurra.

Nola ahaztu hango kroketak,

hango arratoi txakurrak?

Haur, gazte eta zaharrenentzat

estalpe goxo xamurra.

Ai! Pantxikane zer da guretzat

ez da zerrenda laburra.

Historia handiko taberna bat ta

herri giroan ikurra.

 

Ama Pilarren sukalderako

gogo ta afizioa,

Milagritosen fundamentua,

Marinesen akzioa,

Joxemariren hizketa garbi,

kontutako bizioa,

bateko kafe, besteko pintxo,

besteko infusioa.

Me(re)zi dezue eta hauxe da

herritarron desioa:

osasunean goza ezazue

zuen jubilazioa.

 

Zaharrentzako xarma bazeukan

meza ondoren joateak,

umeentzako a ze plazerra

gusanitoak jatera!

Batzuk ireki, besteak itxi,

aurrera darrai kateak.

Hura itxi da, ta ze hutsune

Zizurkilgo gizarteak!

Ea ba jabe berriak hartzen

ditun hango teilapeak,

berriz zabalik nahi ditugu-ta

Pantxikaneko ateak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!