Norbanakoaren eskubideen alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abu. 9a, 02:00

Tolosaldeko Koordinadora Feministak Santio festetan, uztailaren 27an izandako gertaera salatu du gaur eguerdian. Salaketarekin bat egin dute Villabonako Udalak eta Onddo Gazte Asanbladak ere. Jarraian, Berdura plazan irakurri duten idatzia:

Billabonako festetako gertakizunen berri emateko bildu gara gaur plaza honetan. Izan ere, jada ohikoa dirudien beste jarduera bat izan zen protagonista uztailaren 27an.

Larunbat gau hartan, neska gazte bati bera jabetu ez zelarik droga bota zioten edarian. Horrek noski, eragina izan zuen, berak dioen bezala, edari hori hartu zuenetik ez baitu ezer gogoratzen. Hurrengo goizean ospitalean esnatu zen ertzainez inguraturik.

Gertakizun honen aurrean, agerikoa da pertsona jakin batek edo batzuek maltzurkeriaz eginiko ekintza bat dela, neska baten edarian droga sartzearena alegia. Ekintza hori borondatearen aurka egiteaz ez ezik helburu bat lortzeko helmugaren hasiera besterik ez da izan. Zer lortu nahi zuten hori eginez? Ez dugu hauen intentzionalitatearen berririk, baina argi dugu joku zikinez baliaturiko ekintza honetan asmoa ez dela ona. Ez da harritzekoa biktima berriro ere emakumea izatea, ez eta gaztea izatea ere. Ibarrako Gazte Festetan ere ezagun izan genuen antzeko egoera. Bi neska izan ziren ezkutuko drogaren ondorioak jasan zituztenak, eta behin eta berriz entzunak ditugu beste herrietako festa batzuetan ere horrelako pasarteak.

Hau guztia esanda, irmoki salatzen dugu gertakaria. Horrelako jarrerek ez dute lekurik ez festetan, ez eta inon ere. Ez dugu onartuko beti emakumea izatea festetako gertakari lazgarrien protagonista, nazkatuak gaude.

Hori dela eta Tolosaldeko Koordinadora Feministako kideok, lanean jarraituko dugu Brigada Feminista bezelako iniziatiba eta emakumeon indarraz baliatuz, beldurra ALDEZ aldatuko baitugu. Ez dugu onartuko norbanakoaren eskubide urraketarik, era aske eta baketsuan bizi nahi dugu!

Honako salaketa hau Tolosaldeko Koordinadora Feministak egiteaz gain, Billabonako Udaletxeak eta Onddo Gazte Asanbladak ere egiten du.

Eskerrik asko, eta gora borroka feminista!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!