Emakumezko futbolari aitzindariei omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abu. 1a, 02:00
Maria Jesus Otaegi, Lurdes Jauregi, Maite Alvarez eta Itziar Lizarralde

Andoainen emakumezko futbol talderik ez zenean, hainbat neska aitzindari lanetan aritu ziren. Jose Aldasoro izan zuten entrenatzaile. Hainbat urte eta gero, Etxeberrietako jaietan omenaldia jaso zuten. Aurrez, lau jokalariek elkarrizketa eskaini zioten Aurri aldizkariari.Honatx erreportajea, argazkiekin batera:

Andoainen, 1974an, futbolean jokatzeko gogoa agertu zuten emakume aitzindariei omenaldia eskainiko zaie Etxeberrietako jaietan. Ekimen hura gogora ekarri dute emakume haietako lauk.

Emakumezkoen futbolaren historian ez da urrezko letrez idatzita azalduko sekula, baina merezi du gogoan hartzea Andoaingo hamahiru emakumeek 1974an egin zuten balentria. Frankismoaren moralak eta ideologiak oraindik gizartean izugarrizko eragina zeukanean, futbola eta emakumea uztartzea bekatutzat har zitekeen arren, galtza motzak jantzi eta futbolean normaltasunez jokatu zuten. Gizonezkoek bezainbat gogoz jokatu zezaketela aldarrikatu nahi izan zuten.

Taldeko hamahiru jokalariak. Zutik, Argeme Santano, Teo Peguero, Cecilia, Pepi Gomez, Karmele Ezeiza, Lurdes Jauregi eta Asun Alvarez. Makurtuta: Izaskun, Maria Angeles Perez, Maria Jesus Gomez, Maria Jesus Otaegi, Maite Alvarez eta Itziar Lizarralde.

 

Gipuzkoan ez zegoen futbol talde femeninorik andoaindarrekin indarrak neurtzeko moduan, eta testimonialismo hutsean geratu zen saiakera; ez ziren gehiago elkartu, entrenamenduekin jarraitzeko. Nolanahi ere, aitortu behar zaie aitzindariak izan zirela generoaren berdintasuna kirolera ere eramateko ahaleginean.

Bada, aurtengo Etxeberrieta auzoko San Inazio jaietan, emakume horiei esker oneko omenaldia eskainiko diete auzotarrek; euren asmoa, emakume haiek eman zuten pausoa goraipatzea eta Andoaingo historiarako berreskuratzea da.

Emakume talde hartatik lau bildu dira, Maria Jesus Otaegi, Lurdes Jauregi, Maite Alvarez eta Itziar Lizarralde. ilusioa eragiten dien gertakizun hura kontatzeko asmoz. Harrotasuna nabari zaie saiakera hartan parte hartu izanagatik, nahiz eta ez zuen aurrerabiderik eduki. “Jende askok oraindik ez digu sinesten futbolean aritu ginenik. Eskerrak argazkiak geratzen zaizkigun gezurretan ez garela ari frogatzeko”. 

Andoainen futbol taldea nola osatu zuten azaldu nahi izan dute lauek, lehenengo eta behin. “Hamasei bat urteren bueltan genbiltzan neska gazteak ginen. Sapa lantegiko langileak ginen gehienok, 14 urterekin hasitakoak bertan”. Orduan tradizioa zen lantegien arteko futbol neurketak jokatzea, gizonezkoak beti, noski. Etxeberrietako zelaietan izaten ziren gehienak. Halakoetan, emakume horiek inbidietan geratzen ziren, haiek ere ezin zutelako jokatu.

Horrela, egunen batean, Andoainen emakumeen taldea osatzeko erabaki ausarta hartu zuten, lotsak saihestu eta ingurukoen aurreiritziei kasu handiegirik egin gabe.

 

Entrenamendu saio gogorrak

Sapako lankide zuten Joxe Aldasoro izan zen taldearen entrenatzailea. “La Salle ikastetxeko patioan hasi ginen entrenatzen 1973ko neguan, lantokitik atera ostean. Ez genekien jendaurrean inoiz jokatzerik izango genuen, baina serio aritzen ginen. Bakoitzak zein postuetan jokatu behar genuen zehazteko, lasterka saio ederrak egin behar izan izaten genituen bertan”.

Santa Krutzetan bi partidu antolatu zituztela jakin bezain pronto, Etxeberrietako zelaira eraman zituzten entrenamenduak. Han, espero ez zuten fitxaketa egin zuten, auzoko Lurdes Jauregi, gerora taldeko jokalaririk onena bilakatu zena. “Nire haurtzaroa Etxeberrietako zelaira itsatsita dago; txiki-txikitan Euskaldunako jokalarien entrenamenduetara joan eta haien imintzioak egiten nituen; eta behin koxkortuta, auzoko mutilekin jokatzen nuen egunero. Bada, kontua da, emakumeak etorri zirela behin entrenatzera, eta ni haiei begira jarri. Halako batean, baloia zelaitik irten eta nik ostikoa eman nion. Joxe Aldasoro entrenatzaileak agudo erreakzionatu zuen, “zatoz hona, gurekin jokatzera” esanez”.

Jauregirena entzunda, Maria Jesus Otaegik gizarte rol tradizionalek orduan zeukaten indarra aipatu nahi izan du: “Brilea eta soka saltoa, neskentzako ez zegoen beste jolasik, eta mari-mutilaren iraina entzuteko arriskua edukitzen zenuen mutilekin futbolean hasten bazinen. Futbol taldea osatzea errealitate horri aurre egiteko modu bat izan zela, nik uste. Santa Krutzetan, esaterako, nik danborra jo nahi izaten nuen, baina etxetik hasita kantinera edo ezer ez entzun behar izaten nuen”.

 

Bi neurketa

Bi partida jokatu zituzten denera Etxeberrietako zelaian. Andoainen jokatzeko Donostiako Tiffanys eta Ku diskotekek nola edo hala osatu zuten konbinatu baten aurka lehena, maiatzaren 5ean; Tiffanysen aurka bigarrena, maiatzaren 12an. Laukotearen oroitzapenak bigarren partidarekin dute zerikusia batik bat. Andoaindarrek Zumeatarra elkartearen izenean jokatu zuten, eta Otaño Ardoak enpresa izan zuten diru babesle, jantziteria erosteko garaian.

Deigarria egiten zaigu bi diskoteka horien kontua. Baina ez dugu ahantzi behar garai hartako gaztediak aisialdiaz gozatzeko zeuzkan ohiturekin estu-estuan lotuta doazela diskotekak; moda-modan ziren aipatu bi diskotekak. Ziur, ondo itsatsita daudela egun 50 urtetik gora dauzkaten pertsona askoren iruditerian, beste zenbaitekin batera: Bataplan, Maithuna, Gwendoline, Hollywood, Discobolo, La Perla, Young Play… 24 zenbatzen ziren Donostian, 56 Gipuzkoan osoan. Festa areto gisa ere ezagutzen ziren topaleku horietan Abba, Boney M, Bee Gees, Rod Stewart, Village People, Donna Summer, Jackson Brothers eta beste zenbaiten taldeen doinuak ziren nagusi. Bertsio herrikoiagoa osatzen zuten herriz herri eta plazaz plaza Egan, Trakets, Minxoriak edo Akelarre taldeekin antolatzen ziren dantzaldiak. 

 

Ikusmin handiko ekitaldia

Gertakizun berritzailea zen emakumeen futbol lehia, inondik inora: “Andoainetik lankideak, familiarrak, lagunak eta zaletu ugari erakarri genuen Etxeberrietara, eta Donostiatik ere jendea erruz bertaratu zen, baita Loiolako kuartelean soldaduska egiten ari ziren gazteak ere”, Itziar Lizarraldek zehaztu duenez.

1974ko Santa Krutz jaien egitarauan, maiatzaren 12rako gorde zuten egun handia: goizetik hasita Aupa-Gazteak eta Los Incansables txarangak, kaleak girotzen; 10:30etan, emakumeen bigarren norgehiagoka, eta ondoren, batelen estropaden finala. Frankismo garaiko urtez urteko egitarauei erreparatuz gero, ekitaldi berberekin osatzen zirela ohartzen gara: txarangak, ekitaldi erlijiosoak, krosa, txistulari eta musika bandaren kontzertuak eta batelak. Gauzak horrela, argi dago emakumeen partidak izan zirela berrikuntzarik nagusienak hamarkadetan, eta nolaz ez, beraiek bereganatu zutela herritarren ikusmina, egundoko fama zeukaten tradiziozko batelen lehiaketaren gainetik.   

Bi partidetan, izan zen futbola gizonen kontua zela eta zirku exotiko bat ikusiko zuela pentsatu zuenik, eta baita ere izan ziren jokalarien aurkako gutxiespenezko komentarioak egin zituztenak. Baina orohar, errespetuzko giroa sumatu zutela aitortu du laukoteak. “Jende gehiena jokalariok animatzeko asmoz hurbildu zen Etxeberrietara; pankarta galantekin hurbildu ere horietako batzuk”. Eta bigarren partidaren kronikari dagokionez, zer esan? Aisa irabazi zutela. Itziar Lizarraldek dionez, “aurkariak hiriburuko neska finak ziren, eta geu, berriz, astakilo samarrak. Erraztasunez irabazi genien, nahiz eta lehia parekatuagoa izan zedin epaileak haien alde lerratu zenbait unetan”. Garaipena baino gehiago Etxeberrietako futbol zelaiaren baldintza propioak dituzte gogoan emakumeek: zelaiaren luze zabalaren neurri amaigabeak, bezperako euriak utzitako lokatza, harria baino pisutsuagoa zen baloia… Kontrako baldintza horiek, nolanahi ere, futbolean jokatzeko irrikaz gainditu zituzten andoaindarrek.

 

Lurdes Jauregi neurketako jokalaririk onena izendatu zuten (Argazkia: elkarrizketatuek utzita)

 

Maria Jesus Otaegik jokalaririk borrokalarienaren saria jaso zuen (Argazkia: elkarrizketatuek utzita)

 

Geroztik egindako bidea

1974an jokatutako bi partidek utzitako zapore gozoa errepika zedin nahi izan zuen Santa Krutzetako jai batzordeak hurrengo urtean. Baina Gipuzkoan aurkaririk ez topatzeak Andoaingo taldea desegitea eragin zuenez, Bizkaian sortu berri ziren Sondika eta Amaika-Bat (Bilbo) taldeekin antolatu zen neurketa Etxeberrietan.

80ko hamarkadan, modu iraunkorragoan hasi ziren eratzen emakumeen taldeak, eta horien arteko txapelketak antolatzen. Gipuzkoan, Oiartzun eta Añorgakoak izan ziren lehenak. 1983-1984an Añorgak estatu mailako lehen ligaxka irabazi zuen, baina ofizialki, 1988-1989ko denboraldian jokatu zen lehen liga. Oiartzun izan zen liga irabazle gipuzkoarra, 1990-1991ean; ondoren heldu zen Añorga, hiru liga eskuratuz. Munduko lehen txapelketa, berriz, 1991ean ospatu zen, Txinan.

40 urtetik igaro dira Andoaingo emakumeen saiakera hartatik, eta gaurko emakumeei erruz zabaldu zaizkiela ateak, esan daiteke. Euskalduna kluba da horren adibide argia, urrutira joan gabe. Erakunde publikoen, gizartearen eta komunikabideen arreta eskuratzen ari da poliki-poliki, eta horrekin, irabazten normalizazioan eta prestigioan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!