Uztailaren 27ko kontzertuan azken orduko aldaketa egon da.
Aitor Gorosabelek atzamar batean duen lesioaren ondorioz, prozesu partehartzaile baten bitartez aukeratua izan zen Su ta Gar taldeak ezingo du Santio Jaietan parte hartu abeslari eta gitarrajoleak min hartu duelako. Talde eibartarraren ordez Vendettak baieztatu du etorriko dela.
Vendetta 2009. urtean sortu zen. Etapa profesional luze baten ondoren, Luisillo Kalandraka eta Javier Etxeberriak proiektu musikal berri bati hasiera eman zioten. Euren ibilbide internazionaletik proposamen berri bat sortu zen. Proposamen hori Enriko Rubiñosek, Ruben Antonek (Skalariak musika taldeko azken garaiko musikariak) eta Pello Reparazek posible egin zuten.
2009. urte hasieran taldea abesti berriei forma ematen hasteko bildu zen. Hasieran, era ez-profesionalean grabaturiko bi abesti argitaratu zituzten sare sozialetan. Abesti hauek ondoren zetorrenaren aurrerapen hutsa baino ez ziren. Geroago GOR disko etxearekin sinatu zuten, “Crédito hipotecario” abestia Aurtengo gorakada 2010 bilduma diskoan argitaratu zutelarik.
7 urte hauetan 4 diska argitaratu dituzte: Vendetta (2009), Puro Infierno (2011), Atzo, gaur eta bihar (2012) eta 13 balas (2014).
Telonero bezala Izerberg taldeak joko du.
Villabonako Udaleko kideek, lerro hauen bidez, Su ta Garreko kideari agudo sendatzea opa diote.