Leitzarango maratoia, irailean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 17a, 02:00

Irailaren 11n Plazaolako Natur Bideko Maratoia ospatuko da. Otietako parkean hainbat xehetasun eman zituzten ostiralean egin zuten aurkezpenean.

Bi lasterketa izango dira, berez. Bata luzea: Lekunberri-Andoain (maratoia, 42 km.). Motza, bestea: Leitza-Andoain (maratoi erdia, 26 km).

Diversport enpresa da maratoiaren antolatzailea. Natura, kirola eta turismoarekin lotutako ekitaldiak kudeatzen dituen enpresa katalana da, eta Espainiako estatuan beste lau natur bideko maratoi antolatzen ditu: Castello, Girona, Tarragona eta Madrid.

Irekita dago izena emateko epea, www.maratonviasverdes.com helbidean. Autobus zerbitzua jarriko da, Andoaindik Lekunberrira edo Leitzara joan ahal izateko. Abuztuaren 31 bitarte, 42 € balioko du maratoian parte hartzeak, 22€ maratoi erdiak. Irailaren 1tik aurrera 52€ eta 29€.

Espero da maratoia ospatu aurreko egunetarako irekia egotea Leitzarango bidea, Inturiagako parean hain zuzen ere, Andoaindik abiatu eta zazpi bat kilometrora. Izan ere, Inturiagako presa erabat eraitsi zenetik Leitzaran ibaia bidearen zati bat jaten aritu da poliki-poliki, eta hori dela eta, konponketa lanak burutzen ari dira azken asteetan. Ondo bidean, abuztuaren amaierarako bidea konponduta egongo da.

 

Andoain-Iruñea bide berdea garatzen

Aurkezpen ekitaldian erakunde publikoetako hainbat ordezkari bildu ziren, babesa emanez lasterketari. Besteak beste, Andoaingo udala ordezkatuz, Ana Carrere alkatea eta Jon Zulueta Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria saileko zinegotzia; Xabier Elizegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo saileko ordezkaria, Natalia Azkona Lekunberriko alkatea, Gustavo Ruiz de Barron Plazaolako Partzuergo Turistikoko kudeatzailea, Iñaki Martinez de Virgala Nafarroako Gobernuaren Produktu Turistikoen Garapen eta Marketin Zerbitzuaren zuzendaria, eta, Ainhoa Amundarain Donostialdea-Bidasoaldeko Landa Garapenerako Behemendi elkarteko ordezkaria.   

Ekitaldia probestuz, Iñaki Martinez de Virgalak gogoratu zuen Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoa eta Iparraldeko erakundeak Ederbidea izeneko egitasmoa ari direla garatzen elkarlanean, Iruñea, Donostia eta Baionako hiriak batuko dituen natur bidea txukuntzeko  asmoz. 2,72 milioi euroko inbertsioa dauka egitasmoak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!