Leitzarango Bisitarien etxea, zabalik egunero

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 17a, 02:00

Leitzarango Bisitarien Etxea indarberrituta dator uda honi begira. Otietako parkean kokatzen den etxeak uztaila eta abuztuan egunero irekiko ditu ateak, eta asteburuetan irailean zehar. Kirolarekin eta aisialdiarekin zerikusia duten zenbait ikastaro antolatzen ari dira bertan.

Maddi Sarasola eta Xuban Portos gazteak hartu dute etxearen ardura; natur turismoan espezializatutako BiziBiziki enpresako kideak dira biak ere.

Egunotan gazteei bideratutako arrantza ikastaroa antolatu dute, eta beste ikastaro gehiago prestatu dituzte datozen aste eta hilabeteetan. Hona zeintzuk diren:

- Arrantzan trebatzeko bigarren ikastaroa, uztailaren 30 eta 31n.

- Eskalada ikastaroa (Amasolako horman), abuztuaren 12an; hastapenekoa da, edonorentzat zuzendua.

- Orientazio ikastaroa, abuztuaren 20an.

- GPS aplikazioa erabiltzen ikasteko ikastaroa, irailean zehar.

-Oraindik zehazteke dauden ibilbide tematikoak oinez zein bizikletaz.

Bestalde, esan beharra dago 20 bizikleta alokairuan jarri direla Bisitarien Etxean bertan, honako prezioekin: ordu bete 5€, egun erdia 10€ eta egun osoa 15 €.

Otietara bertaratzen denak Uraren Interpretazioa Zentroa bisitatzeko aukera ere badauka. Bertan, Leitzarango bailararen ondareari lotutako azalpenak ematen dira; 1995az geroztik Babestutako Biotopoaren kalifikazioa daukan bailararen altxor naturalez gain, mendeetan zehar gizakiak bertan garatu izan dituen jarduera ekonomikoei buruzko informazioa dago. Doan da zentrorako bisita.

Informazio gehiago: 943 300 929.

info@leitzaran.org

Ordutegia: egunero 10:30etik 18:30era.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!