Lain musika taldea uztera zoaztela iragarri duzue berriki. Nolatan hartu duzue erabaki hori?
Javi Rivero: Sei pertsonak osatzen dugu taldea. Taldea osatu genuenean, oso gazteak ginen, aparteko ardurarik ez genuen eta erraza zen entseguetarako elkartzea. Heltzen joan garen heinean, geroz eta zailagoa izan da ordutegiak bateratzea. Esfortzu handia eskatzen zigun taldearentzako denbora ateratzeak, eta horrek neke punttu bat ekarri digu. Gustura bukatutako lanarekin batera agur esatea erabaki dugu. Bonberenean eskainiko dugu agurreko kontzertua, azaroan.
Egin dezagun Lain taldearen ibilbidearen errepaso txiki bat. 2008ko Gaztea Saria izan zen zuen abiapuntua…
Kristina Aranzabe: 2008an hasi ginen modu serioagoan. Horren aurretik, Leire Berasaluze eta biok hasi ginen, erdi jolasean. Musika eskolan ere, saioak egiten genituen Javik eta hirurok. Gazteako maketa lehiaketa irabaztearen ondorioz etorri zen taldea sortzeko ideia sendotzea. Gure kantak sortzen ere hasi ginen. Jolas izatetik zerbait serioagoa izatera pasa zen.
Maketa lehiaketako garaipena, BBK Live jaialdian jotzea…, egun borobilak izan ziren Lain taldearentzat. Nolako oroitzapenak dituzue?
K.A.: Laino batean murgilduta ibili ginen. Gauza bat bestearen atzetik etorri zitzaigun; maketa lehiaketa, Gaztea saria, BBK live…, ez ginen gertatzen ari zitzaigun guztiaren kontziente. Disketxeak, kontzertuak…, ez genuen mundu hori ezagutzen. Ikaragarri pozik ibili ginen, baina gaur egun gertatuko balitzaigu, beste modu batera aprobetxatuko genuke aukera hura.
J.R.: Gaztetasunetik hartutako erabaki haiek beste modu batera ikusten ditugu orain. Asko ikasteko balio izan zigun.
Lehendabiziko maketaren ondoren hiru diska etorri ziren. Kontaiguzue…
J.R.: 2009an kaleratu genuen lehendabizikoa. Bi urte geroago etorri zen bigarrena, eta hortxe egin genuen topo errealitatearekin. Ordura arteko laino hura desagertzen joan zen. Konturatzen joan ginen egunero borrokatu behar zela kontzertuak aterako baziren. Bestalde, Imanolek taldea utzi eta Mikel Benito sartu zen. Garbi genuen, ordea, taldeak indar handia zuela bi gitarrekin eta Joseba de Amigo gehitu zitzaigun. Taldearen birsortzea etorri zen eta 2015ean Tximeletak diskoa jaio zen.
Zuen jarraitzaile mota ere aldatzen joan da urte hauetan zehar…
K.A.: Hasieran jende gaztea gerturatzen zitzaigun gehienbat. Bigarren diskoak publiko zabalago batengana iristen lagundu zigun, eta Tximeletak diskoarekin ere halaxe izan da. Beharbada, jaso dugun erantzuna ez da espero genuena izan, baina jaso ditugun mezuek esaten digute jendearen gustuko izan dela. Garbi utzi dugu Lainek baduela zeresana eta indarra.
Kontzerturik ba al duzue gogoan iltzatuta?
Joseba de Amigo: Londreskoa. Hango kamerinotan usaintzen zen musika usaina…, niretzat ikaragarria izan zen.
Jon Altuna: Lehendabizikoa aipatuko nuke nik, Aretxabaletakoa. Urduritasunak jota, afaltzeko gogoa ere galduta iritsi zen taldekideren bat. Nik neronek ere ez nituen guztiz menperatzen pare bat abesti. Dena ondo atera zen, ikaragarria izan zen.
Nola definituko zenukete Lain hitz bakarrean?
K.A.: Guretzat familia da. Hemen ateratzen ditugu gure alderdi onak eta txarrak.
Hori horrela izanda, pena emango dizue amaierak…
K.A.: Bai, handia. Gauza asko egin ditugu elkarrekin, onak eta ez hain onak. Hain onak izan ez direnei buelta ematen jakin dugu eta asko ikasi dugu.
Aurrera begira, musikarekin lotuta jarraitzeko asmoa al duzue?
Joseba de Amigo: Bai, modu batera edo bestera, guztiok jarraituko dugu musika egiten. Gaztetan musikan ibili denarentzat, zaila da guztiz uztea.
Polaroidarekin
Santioak iristear dira, gogotsu al zaudete?
Javi Rivero: Beti hartzen dira gogoz herriko festak. Kristina Aranzabe: Dudarik gabe, nahiz eta gero luze samar ere egiten diren. Mikel Benito: Ni ere gogoz, noski.
Jaietako zein egun gustatzen zaizu gehien?
J.R.: Uztailaren 24a, festetako lehendabiziko eguna. K.A.: Nik hiru egun aukeratuko nituzke: Lehen eguna, gazte eguna eta koadrila eguna. M.B.: Horiez gain, rock kontzertua ere nabarmenduko nuke.
Zein hitzordutara ez duzue hutsik egingo?
K.A.: Koadrila egunera. J.R.: Gaztetxeko kontzertura joango naiz, ziur. M.B.: Etxeondoko bazkarira ez dut hutsik egingo.
Zein musika talde entzutea gustatuko litzaizuke festetan?
J.R.: Belako. M.B.: Cohen. K.A.: Altxatu.
Eguna edo gaua?
K.A.: Egunez hasi, eta ahal den arte. J.R.: Niri ere biak aprobetxatzea gustatzen zait. M.B.: Garai batean gaua esango nuke. Orain, biak.
Jateko?
K.A.: Bokadilloa. J.R.: Plazan, kalean jatea gustatzen zait niri. M.B.: Niri ere asko gustatzen zait plazako giroa.
Edateko?
J.R.: Garagardoa. M.B.: Garagardoa. K.A.: Egunaren eta momentuaren arabera. Otorduetan sagardoa, eta bestela garagardoa.
Zer esango zeniekete herritarrei?
K.A.: Antolatzen diren ekitaldietan parte hartzeko.