Santioak 2016

Haur nahiz helduentzako bola tiraldiak, bolatoki berrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 23a, 02:00

2014an jarri zen abian behar zana bola taldea. epe laburrean pauso ugari eman dute eta Santio festen baitan, haur eta helduei zuzendutako saioak antolatuko dituzte bolatokian.

32 urte daramatza Joxe Mari Etxebestek bola jokoan, 8 urte zituela bota zuen bola lehen aldiz, “aita edota aitona ere ibiltzen ziren jokoan eta handik nator ni. Baserria Martutene eta Ergobi artean daukagu eta etxean ikasi nuen; bertan baikenuen bola eta baita bolatoki txiki bat ere. Asteburutan bolatokiz bolatoki ibiltzen ginen eta elkarte bezala, beti Ategorrietako klubarekin jokatu izan nuen”, adierazi du. Villabonara bizitzera etorritakoan, Behar Zana elkartean bolatokia izan zela jakin zuen eta hari horri tiraka sortu zuten gerora Behar Zana bola taldea. Beatriz Unzue herritarrak, berriz, taldea sortu aurretik, ez zekien bola jokoan. “Lehenengo aldiz Mutiloan ikusi nuen tiraldi bat eta gerora, sagardotegiko bazkari baten ondoren, Ereñozuko bolatokian bota nuen lehenengoz. Neurria hartutakoan, hobetzen jarraitzeko gogoa pizten du bola jokoak eta hortxe gabiltza, gustura!”, azaldu du. Puntua harrapatutakoan, kirol zailegia ez dela dio Joxemarik; edozeinek jokatzeko modukoa.

Emakume adina gizon
Villabonan sortutako taldeak badu berezitasun bat. 22 kide daude federatuta; erdiak emakumeak eta beste erdiak gizonak. “Hori ez da beste inon ikusten. Hauxe da bolari emakume gehien duen taldea. Hementxe dago berdintasuna”, dio Joxe Marik. Umeak ere ari dira pixkanaka kirola ezagutzen eta epe laburrean, infantil mailan aritzeko aukera izango dute. Bola jokoa ezagutarazteko, saiakera berezia egin dute aurten taldekideek. Herriko ikastetxeetako haurrekin lehenengoz, nahiz Eskola Kirola ekimenaren baitan hirugarrenez, saio bereziak antolatu baitituzte. Erantzun ona izan dute gaztetxoenen eskutik.
Gaztetxoak ez ezik, herritar helduagoak ere bolatokia erabiltzeko gogotsu daudela sumatzen dute bola taldeko kideek, “gogoa erakusten digute”, eta zain-zain daude Udalarekin hitzarmena sinatu ondoren materiala nahi duenaren eskura kiroldegian jartzeko. “Zerbitzu bat gehiago izango litzateke. Modu horretan, guri eskatu gabe, edozeinek bota ahal izango bailuke bola”, jakinarazi dute. Behin aukera hori eskura jarritakoan, denean bezala noski, ikasi egin behar bola botatzen ere. Hizlarien esanetan, indarra baino teknika behar da horretarako, “bolari gurpilaren keinua ematean dago gakoa; bola norabide onean bota behar da, ez besterik. Indarra ez da hain garrantzitsua; bola ondo bideratuz gero, beti ailegatuko baita”.

Maila hobetzen
Talde bezala emaitza onak lortu dituzte lehen urte hauetan. “Lehenengo urtean bi talde atera ziren: neska nahiz mutilena. Historian lehenengoz, Villabonan sortu zen nesken aurreneko bola taldea eta mugimendu horri esker, gerora baita beste bolatoki batzuetan ere. Geroztik, txapelketa guztiak neska nahiz mutilentzat antolatzen dira”, azaldu dute. Aurtengoan, Beatrizek hiru bigarrengo postu lortu ditu nesken sailean. “Oso pozik nago pertsonalki, bi urte soilik baitaramatzat eta bi urteetan joan bainaiz Gipuzkoa nahiz Euskadiko txapelketetara”, adierazi du Beatrizek. Gustura daude eskuratutako emaitzekin; taldekideen maila gora baitoa. “Hobetzen ari garela nabaritzen dugu, zerotik hasi eta aurrera goazela. Egia esan, bola jokoan ia bizitza guztian ari direnak ditugu aurkari eta zaila da haien aurka lehiatzea”, argitu dute. Hobekuntza horretan, bolatokia estaltzeak asko lagunduko lukeela uste du Joxe Marik. Gainerakoan, euria egiten duenean, ezin baitute erabili. Taldekideen nahia, egungo bolatokiaren ondoan haurrentzako bolatoki txiki bat eta tokan jolasteko gunea jartzea litzateke eta, ondoren, guztia estaltzea. Kiroldegia, pilotalekua eta bolatokia gertutik gertura. Kirol gunearen erdian, bolatokia indartzea da taldekideen helburua. “Bola jokoa biziberritu nahiko genuke”, amaitu  du Beatrizek.


Bi saio Santiotan
Santio festen baitan, 2014. urtean antolatu zuen Behar Zana bola taldeak lehen aldiz bola tiraldia eta berrikuntza handia izan zen. Herritar askok hartu zuen parte. Iaz, Konpartsarekin batera egokitu arren, jende asko gerturatu zen berriz ere. Bi txanda horietan bolatoki ibiltaria jarri zuten, baina aurten, benetako bolatokia izanda, oraindik eta jende gehiago espero dute. Helduei nahiz haurrei zuzenduta, bi txanda antolatu dituzte:

  • Uztailak 24, arratsaldean: Gipuzkoa mailako tiraldi ofiziala, helduei zuzendua. Herritarrek parte hartzeko aukera izango dute.
  • Uztailak 27, arratsaldean: Haurrei zuzendutako tiraldia.


*Udazkenerako torneo polit bat antolatzeko asmotan dabiltza: Iraileko azken bi larunbatetan, bikotekako Gipuzkoako txapelketa, hain zuzen ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!