Iaz Iruñeako San Ferminetan kantuan zebilen talde handi bat ikusita, Juanjo Irazusta billabonatarrari ekimen hura herrira ekartzeko gogoa piztu zitzaion. Handik denbora batera, herritar talde bat elkartu eta ideiari forma ematen hasi ziren. Musikan adituak diren Asier Vitoria, Iñaki Zalakain eta Agustin Laskurainek hartu zuten ekimenaren alderdi musikala antolatu eta zaintzeko ardura. Eta ekainaren 1ean hasita, hamabost egunero, Aljibean elkartu dira musikariek begi handiz eta belarri goxoz aukeratu dituzten hamasei kantuak entseatzera. Euskal kantutegiko doinu ezagunak dira, ederrak eta alaiak, festa girokoak. Uztailaren 30ean, kantari eta musikarien artean 140 pertsona elkartuko direla aurreikusten dute antolatzaileek. Euskal kantuez gain, dantzak ere ekimenaren osagarri izango dira eta abestearekin batera, euskal dantza ezberdinekin alaituko dute bidea.
Hurrengo entsegua, uztailaren 20an
Kantari-dantzari eta musikariei, Villabonako Erraldoi, buruhandi eta ipotxen konpartsa nahiz Jeronimo Loatzo musika eskolako dultzaineroen taldea ere gehituko zaie egun horretan, oraindik eta kolore, bizitasun nahiz doinu gehiago erantsiz. Euskal kantu eta dantzaren inguruko egunpasa polita izango da, adin guztietako herritarrei irekia. Oraindik ere zabalik dago parte hartzeko aukera. Uztailaren 20an entsegu orokorra izango da Zatorran, arratsaldeko 20:00etan, musikariekin batera, eta Santiotako kalejiran parte hartu nahi duen orok, zabalik aurkituko ditu bertako ateak.
Erromeria egunarekin uztartuta
Uztailaren 30ean, goizeko 11:30etan aterako dira parte hartzaileak Txermingo ikastolatik. Kaleberria zeharkatuko dute goiz eta eguerdian zehar, Santiago egoitzaraino, bidean hainbat geldialdi egin eta kantuak nahiz dantza ezberdinak eskainiz. Ikastola azpian bazkalduko dute gero eta arratsaldean, Kaleberri eta Nagusitik barrena, Errebote plazaraino joango dira. Lauzpabost kantu abestuko dituzte bertan eta antolatzaileen nahia, plazan bildutako herritarrek ere eurekin batera abestea litzateke. Santiotan kantari ekimenarekin batera, Erromeria eguna ere izango da uztailaren 30ean Villabonan eta bi festak uztartu egin nahi dituzte. Erromeria giroko jantziak jantziko dituzte, beraz, kantari eta dantzariek ere.
Bazkarirako izen-ematea
Kalejiran zehar, bi sagardo kupel garraiatuko dira, gainean kantuen hitzak proiektatuko dituen pantaila izango duelarik. Izan ere, antolatzaileek ez dute kantariak paperak eskuan dituztela ateratzerik nahi eta modu horretan, gainera, ikusleek ere kantuak errazago jarraitzeko aukera izango dute.
Uztailaren 30ean Txermingo ikastola azpian egingo den bazkaria aukerakoa izango da. Bertan bazkaldu nahi duenak, uztailaren 20ko entsegu orokorrean eman beharko du izena. Bazkaria eta kalejirako kupelen ordaina 25 eurokoa izango da.
Villabonako erraldoien martxa, dultzainarekin
Antzina, Luis Uharretxena billabonatar musikariak konposatuko zuen seguruenik Villabonako Erraldoien martxa. Dirudienez, dultzainarekin jotzeko pieza zen, baina urteak aurrera behintzat, klarinete doinuarekin egin zen ezagun Villabonako kaleetan. Aspaldiko urteetan, ez zen Erraldoien martxarik jotzen eta aurten, Jeronimo Loatzo musika eskolako dultzainero taldeak berreskuratu ondoren, kalez kale entzun ahal izango da pieza alaia, dultzainaren doinupean. Jeronimo taldeko kideek, Iñaki Salvador dultzaina irakasleari aipamen berezia egin nahi diote, saiakera handia egin duelako kantu hori taldekideei erakusten.