Indarra bai, baina bereziki teknika ona behar da halterofilia kirola landu ahal izateko, “teknikarik gabe ezin baita pisurik altxa”, adierazi dute Ion Ander Iriarte eta Susana Davila, Danok Danena halterofilia taldeko kide billabonatarrek. Gaztetxotan hasi ziren biak ere kirol hori lantzen; 13 urterekin Ion Ander, 14rekin Susana. 12 urte daramatza Ion Anderrek, 4 Susanak, eta lortutako emaitzekin pozarren egotearekin batera, etorkizunera begira ere badituzte helburuak. “Datorren denboraldian 150 kilotik gora altxatzea lortu nahiko nuke eta Espainiako txapelketan marka onak eskuratuta, Kirolgi beka jasotzeko aukera izatea. Beti izan behar dira helburu berriak buruan, horrek motibazioa gehitzen baitu”, azaldu du Ion Anderrek. Susanaren aurtengo denboraldia bikaina izan da. Besteak beste, Maltan lehiatu zen maiatzean, oso emaitza onak bereganatuz. Espainiako absolutuan 2. postua erdietsi zuen eta, berriki, Euskadiko marka ere hautsi du junior mailan. “Marka onak egiten jarraitzea gustatuko litzaidake. Santiotako erakustaldian bertan, 100 kilotik gora altxatzea”, adierazi du. Kirolgi beka lortu du Susanak aurten, baita Espainiako beste bat ere. Madrilera joan eta halterofilian sakontzen jarraitzeko eskaera egin du eskolan. Erantzunaren zain dago. Abenduan Europako junior txapelketan hartuko du parte eta oporraldiaren ondoren txapelketa hori buru-belarri prestatzen hastekotan da. Halterofiliaren aitzakian, Peru, Polonia, Kroazia, Malta edota Suezia bisitatzeko aukera izan du azken urteotan Susanak. Frantzia eta Suezian izan zen Ion Ander. Kirolean emaitza onak lortu eta aurrera egiteko, sekreturik ez dagoela aitortu dute, “lana gogotik egitea”.
Plazaren erdira
Pozarren eta oso esker oneko azaldu dira Santio festetan txupinazoa botatzeko aukera eskaini dietelako. “Zulo batean sartuta bezala aritu izan gara beti eta orain artean gure kirola ez da gehiegirik baloratu. Guretzat oso garrantzitsua da plazaren erdian, herritar guztien aurrean azaltzea. Horixe nahi izan dugu beti eta eskerrak eman nahi dizkiegu aukera hori eman digutenei”, azaldu dute. Talde guztiak denboraldi osoan zehar lortutako emaitza onak ospatuko dituzte modu horretan, baina Susana Davilaren lana nabarmenduko dute bereziki, bere lorpen bikainez gain, Villabona eta Zizurkilgo izena urrutira eraman duelako. Ondorioz, Susanak botako du suziria, taldekideak alboan dituela. Txupinazoa eta gero, Errebote plazan bertan eskainiko dute halterofilia erakustaldia eta poz berezia ematen die horrek. “Aurreko urteetan ere jende asko etorri izan da beti halterofiliako proba ikustera, baina Errebote plazaren erdi-erdian aritzea oso berezia da guretzat”, azaldu du Ion Anderrek. Susanak, berriz, herritarrak kirola ezagutaraztera animatu ditu, “gustura hartuko genituzke gaztetxoak taldean eta saioa ikusi ondoren, entrenamenduetara etortzeko deia luzatuko genieke”. 9 urtetik aurrera hasten dira gazteak halterofilian. 13 urtera bitarte teknika lantzen dute eta 14 urtetik aurrera hasten dira pisuarekin.
Festetarako gogoz
Halterofilia gutxiengoaren kirola dela uste dute eta gazteak ez direla gerturatzen gogorra izango delakoan. Eta bai, hasieran kirol gogorra dela diote, baina pisuarekin hasitakoan batez ere, oso polita dela. “Bakoitzaren mugak agerian jartzen ditu kirol honek eta egunetik egunera pauso berri bat eman nahi izaten dugu. Oso motibagarria da”.
Urte guztian zehar gogor lanean aritu eta gero, merezitako atsedenaldia hartuko dute orain. Kirolariak ez ezik, aukera dutenean, festan ibiltzea ere gustatzen zaie eta gogotsu daude Santioei begira. Ion Anderrek gazte eguna gogoko du. Iaz karroza atera zuten eta ekimen hori indartzea gustatuko litzaioke. Susanak koadrilen bazkaria eta kalejira ditu kuttunenak. Ondo pasa!
Batis Kortajarenari eskerrak
Batis Kortajarena entrenatzaileari eskerrak eman nahi dizkiote Susana eta Ion Anderrek, “beti gure ondoan eta atzetik ere lanean aritzen delako. Bera gabe ez genukeen lortu duguna lortuko. Ondo pasa itzazu Santio festak eta deskantsa ezazu”.
Azaleko irudia, Flori Garciarena
{{IMG-35596}}
Flori Garcia Corchado billabonatarrak irabazi du Udalak bideratutako egitarauen azal lehiaketa. ‘Villabonako besamotza’ren irudi ezaguna jasotzen du Floriren lanak, margo akrilikoekin margotu du, serigrafia teknika baliatuz. Aurpegiak eta aurpegierak marraztea oso zaila iruditzen bazaio ere, ausartu egin da eta emaitza ona eman dio. Villabonako pintura ikastaroetan hartzen du parte 2009az geroztik. Irabazleaz gain, beste bi lan ere aurkeztu ditu Florik lehiaketara, “niri agian gehiago gustatzen zitzaizkidan besteak, baina epaimahaiak lan honen alde egin du. Ez dut lehiaketetara aurkezteko ohiturarik eta pozarren nago, izugarrizko ilusioa egin dit irabazi egin dudala jakiteak”, adierazi du.