“Gipuzkoako garraiolariak izango gara kaltetuenak”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 18a, 02:00

Gipuzkoako N1 errepidean bidesaria jarriko dela iragarri du Foru Aldundiak berriki. Garraiolariei ezarriko zaie, eta oso kexu agertu dira horiek. Peio Ugartemendia Andoaingo garraiolari autonomoak hala adierazi dio Aiurriri. “Etsita gaude garraiolariak; jarri nahi den peajearekin Gipuzkoakoak kaltetuko gaituzte batez ere”.

Haserrea agertu duzue Gipuzkoako kamioilariek…
Peio Ugartemendia:
Geu izango gara gehien ordainduko dugunak, ez Gipuzkoa astean behin zeharkatzen dutenak. Garraiolariak gauza guztien errudunak garela ematen du. Ondo dago errepideen mantenimendurako ordaindu behar izatea, baina dauzkaten zor guztiak garraiolarien bizkar kitatu nahi dituzte. Errepideak geuk bakarrik erabili eta hondatuko bagenitu bezala.
Oso gutxi baloratzen da gure lana, gizarteari eskaintzen diogun zerbitzua. Adibidez, goizero esnea nahi dugu gosarirako, baina ez gara ohartzen ezinbestekoa dela garraiolarien zeregina esnea alde batetik bestera eramateko.

Zer eskatzen diozue Foru Aldundiari?
P.U.:
Har ditzala neurriak, gu zertxobait konpentsatzeko. Esaterako, fiskalitatearen arloan, edota bana dezatela ordainsariaren kostua ekonomiaren katea kontuan hartuta, hau da, guk bitartekaritza zerbitzuak eskaintzen dizkiegun lantegiak. Jarri den sistemak Gipuzkoako garraiolariak ahalik eta gutxien kaltetzen duela dio Aldundiak.

Zuri nola eragingo dizu, konparazio batera?
P.U.:
Nik txatarra garraiatzen dut, eta askotan hiru bat alditan joaten naiz Araba aldera; hortaz, sei aldiz pasa beharra daukat Etzegaratetik. Egunean 20 euro ordaindu beharko baditut, hilean 400 euro dira… Bestalde, Andoaingo peajetik igarotzen denak euro bakarra ordaindu beharko duela diote, baina hori oso garraio lokalerako izango litzateke, eta ez da batere erreala.

Zuen sektorea nahiko lur jota dagoela ulertzen da zure hitzetatik…
P.U.:
Etsia da nagusi. Eta okerrena da indibidualismoa ari dela nagusitzen gurean. Ondokoa kalean geratu bada, ematen du poztu eta guzti egin beharra daukagula hark beregain hartzen zuen lana etorriko zaigulakoan.
Ni 2007an autonomo izateko animatu nintzen, eta iraun dut orain arte, baina ez dakit noiz arte. Inguruan jende ugari ikusi dut kalean geratu dena kamioia utzita edo soldatapeko langile bihurtu behar izan duena. Lantegiak ere ixten direnean, galtzen diren lanpostu ez zuzeneko horien artean garraiolariak dira asko. Arcelorrekin, kasurako, berrogei bat kamioi kale gorrian geratu direla kalkulatzen da. 
Zahartzen ari dira kamioiak, eta gero eta gutxiago inbertitzen da bere mantenimenduan. Gero eta zaharragoak gara geu garraiolariak ere, eta gazterik ez dator atzetik. Nola etorriko da, bada, legeen aldetik jartzen dituzten baldintzekin? Garraiolari izan nahi duen gazte horri, besteak beste exijitzen zaio CAP izeneko ziurtagiria ateratzea, hiru kamioi edukitzea garraio tituluaz jabetzeko… Azkenenean, administrazioek da kanpoko enpresak sektorean nagusi izan daitezen nahi dute, gu kalean utzita.

Kamioien flota zaharkituta dagoela diozu…
P.U.:
Egoera ekonomikoa dela, eta, gero eta gutxiago inbertitzen da kamioaren mantenimenduan. Lehen errazago aldatzen ziren gurpil gastatuak, esaterako.

Zer esan nahi duzu horrekin?
P.U.: 
Enpresa multinazionalak gero eta gehiago ari dira sartzen Gipuzkoan, baina bertan zergarik ordaindu gabe. Dumpinga praktikatzen dute. Kanpoko garraiolariak ekartzen dituzte, gure soldataren erdiarekin lan egiteko prest daudenak. Autonomo faltsuak sortzen dituzte horiekin; ez dituzte guk bezala zergak ordaintzen hemen, eta ez dute guri eskatzen zaizkigun txartel eta garraio titulurik behar. Nahi dituzten prezioak jarrita, gu bazterrean geratzea nahi dute, ondoren sektoreaz jabetzeko eta nahi dutena egiteko. 

Etorkizunean, protestak iragarri dituzue…
P.U.: 
Bai, ni Hiru sindikatuko kidea naiz, eta pentsatzen dut protesta ekintzak antolatuko dituela sindikatuak; egin izan ditugu, eta jarraitu beharko dugu mugitzen, Gipuzkoako garraiolarien sektoreak bizirik iraun dezan. Instituzioek badakite krisi larrian dagoela gure sektorea, baina ez adituarena egin diete orain arte geure eskakizunei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!