Kontzentrazio eremua pairatu zuen andoaindarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 17a, 02:00

Bruno Ballorca Gomez Andoainen jaio zen errepublikanoak bi urtez nazismoak eduki zuen preso, Alemaniako kontzentrazio eremu batean. Haren memoria eta jasandako sufrimendua gogoratzeko, pasa den apirilaren 30ean bere senitartekoak  Andoainera hurbildu ziren. Frankismoak zapaldutako biktimen aldeko monumentuan ekitaldia egin zen.

Apirilaren 30ean Valladolidetik eta Frantziako estatuko hainbat lekutatik Ballorca Gomez familiako hainbat kide heldu ziren Andoainera. Hunkituta heldu ziren guztiak ere, Alfaro parkean Goiztirian eskulturaren aurrean egitekoa zen ekitaldi xumean parte hartzeko prest.

Ekimena Errenteriako La Ilusion elkarteak antolatu zuen; Gipuzkoan berrogei bat herritar izan ziren deportatuak nazismoak eraikitako kontzentrazio zelaietan, eta horiek jaiotako herrietan omenaldi ekitaldiak antolatzen ari da azken urteetan.

Urki dantza taldeko bi dantzarik eta txistulariak aurreskua eskaini zieten familiarrei,  omenaldiari hasiera emanez. Floren Mariñelarena La Ilusion taldeko kideak hitza hartu zuen ondoren, Bruno Ballorcak askatasunaren alde jardun izana goraipatzeko: “Ohore bat da guretzat Andoainen jaiotako pertsona bat, guztion askatasunaren alde eta nazismoaren aurka borroka egin zuen pertsona, gogoratzea gaur; eta baita ere, zuek, familiakoak, hona etorri izana. XX. mendean giza eskubideen urraketarik larriena gertatu zen nazien kontzentrazio zelaietan, eta Bruno Ballorca izan zen biktima horietako bat. Gaur egun bizi dugun askatasun egoera ez zaigu berez etorri, margaritak zelaian jaio ohi diren antzera, Bruno bezalako pertsonen sakrifizioari esker baizik, eta, beraz, zorretan gara berarekin”.

Ana Carrere Andoaingo alkateak Bruno Ballorcaren familiarrei ongi etorria eman zien, Andoaingo herritarren izenean. Eskerrak eman zizkien, Brunoren memoria bizirik mantendu izan dutelako. “Bere historia pertsonala ezin dugu ahaztu, berreskuratu egin behar dugu geure memoriara. Berak eta bere antzeko biktimek duintasuna merezi dute maila pertsonalean, eta baita ere maila kolektiboan, ez dezagun errepikatu iraganeko historia arbuiagarria. Faxismoak gogor kolpatu zuen Europan, modu askotara; frankismoa izan zen Andoainen biktima ugariren eragile, eta horiek denak gogorarazteko eraiki zen eskultura Alfaro parkeko leku honetan. Bruno ere faxismoaren aurka eta giza eskubideen alde jardun zuten herritarren zerrenda horretara gehitu behar dugu”.
{{IMG-35591}}
 

Gizon zuzen eta hunkibera
Ekitaldia amaiturik, bertan izan ziren Bruno Ballorcaren bi semeek, Jean Pier eta Roberrek, aitari buruzko adierazpenak egin zizkioten Aiurriri. “Oso pozik gaude gure aitari, gaur, Andoainen egin zaion aitormenagatik. Zoritxarrez, Espainian oraindik ez daude ofizialki aitortuta ez gure aita ezta bere antzera nazismoa jasan zuten milaka errepublikanoak”.

Aitak, kontzentrazio esparruetan bizitutako bizipenaren berri etxean sekula eman ez ziela, aitortu zuten bi anaiek. “Oso zuzena, diskretua eta hunkibera zen, eta berarentzat gorde zituen iraganeko bizipenak; iruditzen zaigu oso egoera traumatikoa bizitu zuela, eta horrexegatik nahi izan zuela ahaztu dena. Sekula ez zigun gorrotorako biderik eman; giza balore baikorretan hezi gintezen saiatu zen beti”. Andoainen egindako ekitaldiaren eta antzekoen beharra azpimarratu nahi izan zuten. “Gizartearen memoria kolektiboa indartzeko balio dute, eta gainera, gure familian gertatu den bezala, aitzakia polita izan ohi dira biktima horien ondorengo belaunaldiek galdezka has daitezen”.

Bi urtez nazien eskuetan
Bruno Ballorca Gomez Andoainen jaio zen, 1922ko abenduaren 30ean, Kale Nagusiko 40. zenbakian hain zuzen. Burgosen jaiotako Pedro eta Ricarda zituen gurasoak. Aitaren ogibidea zela eta, hilabete batzuk egin zituzten Andoainen, eta berehala Donostiara joan ziren. 1936an kolpe militarra gertatu zenerako Hendaian bizi zen familia. 14 urteko mutil koskorra zen Bruno orduan. II. Mundu Gerratean zehar, nazismoak Frantzia okupatu ostean, 20 urteko Bruno Ballorca gaztea atxilotu eta es Compiègne herrira (Pikardia erregioa, Frantziako iparraldea, Paristik 65 kilometrora) eraman zuten 1943ko urtarrilaren 24an. Bruno Ballorcak egun bakarra egin zuen Compiègeneko esparruan; izan ere, biharamunean, Sachsenhausen herriko (Brandeburgo, Alemania) kontzentrazio zelaira deportatu zuten. Nazismoak kontzentrazio zelai ugari eraiki zituen, eta bakoitzari bere eginkizuna eman zion. Sachsenhausenekoa, oposizio politikoa konfinatzeko eta erailtzeko erabili zuten.

Ejertzito naziak honako giza taldeak pilatu zituen Compiègeneko esparruan: judutarrak, ijitoak, homosexualak, Jehovako testiguak, eta 1939an hasitako gerran zehar prisionero egin zituzten beste milaka pertsona; horiekin batera, Espainiako estatutik Frantziara ihes egin zuten ehunka iheslari errepublikano. 1945ean 65.000 mila preso zeuzkaten bertan gatibu, eta ordurako 30.000 preso erail zituzten bertan.

Bertan bizi erregimen penagarrian bi urte igaro ostean, Ballorcak 1945eko maiatzaren 3an askatasuna lortu ahal izan zuen. Tropa sobietarrek desegin zuten kontzentrazio esparru hura, gerrate odoltsuaren azken egunetan.

Bruno Hendaian ezkondu zen 1949an, eta lau seme alaben aita izan zen. Familia Hendaian, Bordelen eta Tarbesen bizi izan zen. 1990ean hil zen. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!