Sagardo guztia bertako sagarrez egiteko bidea jorratuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 15a, 02:00

Foru Aldundia eta Gipuzkoako sagardogileak elkarlanean ari dira helburu nagusi bat erdietsi asmoz; Gipuzkoan ekoizten den sagardoa, bertako sagarrekin egina izatea.

Sagarrondoak landatzeko plangintza garatu dute helburu hori lortu ahal izateko. Foru Aldundia eta sagardogileak elkarlanean aritu dira plangintza hori lantzen. Bi ildo nagusi izango ditu plangintzak: sagasti berriak landatzeko lursailak lortzea, eta sagarrondo berriak landatzeko diru laguntzak bideratzea. 

 

Landaketa sustatu

Gipuzkoako Foru Aldundiak Otelarrean duen etxaldean egin zuten plangintzaren aurkezpen ekitaldia, ekaina hasieran. Markel Olano Ahaldun Nagusiak hartu zuen hitza ekitaldia zabaltzeko: “sagarrondoen landaketa bultzatzeko plangintzaren berri eman nahi dugu hemen. Sagardozaleen sektorearekin adostutako plana da. Foru Aldundiak garrantzia handia ematen dio sagardoari. Garrantzia ekonomikoa; bai produktuari berari lotutakoa eta baita aktibitateari dagokiona ere. Horrez gain, ordea, aktibitate hori lotuta dago bisitariekin, turismoarekin. Hori ere oso garrantzitsua da guretzat”.

 

10 milioi litro sagardo

Bide luzea egin du plan berria garatzeko prozesuak, eta Foru Aldundiak sagardogileekin batera landutakoa izan da. Hala azaldu zuen Markel Olanok Ahaldun Nagusiak: “Legealdia hasi eta segituan, sektorearekin batera hausnarketa partekatua egin nahi izan dugu. Gauzak egitea ondo dago, baina nola egiten diren ere garrantzitsua da. Gure lurraldean 74 sagardotegik egiten dute sagardo naturala. 10 milioi litro sagardo ekoizten dituzte eta 13,5 milioi kilo sagar erabiltzen dute horretarako. Sagardo horren balio ekonomikoa, merkatuan, 15 milioi eurokoa da. Plan honen bitartez, beste bultzada bat eman nahi diogu sektoreari”.

 

Diru-laguntzak

Gipuzkoako sagardogileen produkzio osoa bertako sagarrarekin egitea da plangintzaren helburu nagusia. “Bide horretan, lursail berriak topatzeko estrategia martxan jartzen dugu, bai pribatuak, baita lursail publikoak ere, eta sagarrondoak landatzeko diru laguntza plana ere martxan jartzen dugu. Urtero 300.000 euroko laguntzak finkatu ditugu horretarako. Modu horretan, apustu berria egin dugu Gipuzkoako lehen sektorearen mesedetan”, azaldu zuen Markel Olanok. 

Plangintzaren nondik norako zehatzak azaldu zituen Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak: “Sagardogileen elkartearekin lortu dugun ekintza plana neurri hauetan zehazten da; alde batetik lurrak erabiliko ditugu eta bestetik sagardogile eta baserritarrek euren sagasti berriak jartzeko diru laguntzak emango zaizkie. Lehen bost urteetan, 11.500 euro izango dira, hektareako. Horrez gain, formakuntza eta aholkularitza zerbitzuak ere martxan jarriko ditugu”. 

 

Jatorri izendapena

Plangintza honen barnean, sagardogileek ere zenbait konpromiso hartu beharko dute: “Batetik, sagardoa hemengo sagarrarekin ekoizteko konpromisoa hartu beharko dute, eta bestetik, bertako kalitate marka publikorako araudia bermatzea. Modu horretan, erabili gabe dauden lurrei erabilera ona emango zaie, eta lanpostu berriak sortzeko aukera ere badago. Gainera, urtero-urtero kanpora joaten zaizkigun 2 milioi euro horiek bertan inbertitzeko aukera ere izango dute sagardogileek”.

Gipuzkoako sagardoaren jatorri izendapena sortzeko prozesua martxan da dagoeneko. Horretarako, premiazkoa izango da sagardoaren %100 bertako sagarrekin egina izatea. Helburu hori hartuta ari dira lanean Foru Aldundia eta Gipuzkoako sagardogileak.

 

Bi elkarte

Bi elkarte nagusi dituzte Gipuzkoako sagardogileek. Gorenak zigilua sortu zuten Sagardoaren Mahaia elkarteko kideek. 2007an jarri zuten martxan elkartea, eta hamahiru sagardotegi biltzen ditu egun. Gipuzkoako sagardogileen elkartea, berriz, 1977 urtean sortu zen eta sagardo naturala ekoizten duten 41 sagardotegi biltzen dira bertan. Bi elkarteek hartu dute parte Foru Aldundiarekin batera landutako plangintzan. 

Oihana Gainzerain Sagardoaren Mahaia elkarteko lehendakaria da, eta haren iritziz, “irizpide moduan jarri da honetan sartzen diren sagardogileek, erakunde publikoak ezartzen duten marka berriei heldu behar diote”. 

Gainzerainek azpimarratu zuenez, Gorenarentzat hori ere pozgarria da, “izan ere, kalitatearen aldeko apustua egin dugu beti, begi onez ikusten dugu, eta kontsumitzaileek ere hala ikusiko dutela uste dugu. Sagardogileok, har dezagun sagardoaren kalitatea bermatzeko eta marka publiko horietan sartzeko ardura”.
 


Joxe Angel Gaztañaga, Gaztañaga sagardotegia  Andoain
{{IMG-35587}}
Andoaingo Gaztañaga sagardotegiak Gorenak zigilupean merkaturatzen du sagardoa. Joxe Angel Gaztañaga gustura ageri da bertako sagarra sustatzeko aurkeztu berri duten plangintzarekin: “Bide horretan ematen diren pauso guztiak ongi-etorriak izango dira. Hala ere, ez zait iruditzen erraza izango denik sagardo guztia bertako sagarrarekin egitea lortzea. Urte guztiak ezberdinak izaten dira eta aldagai ugari sartzen da jokoan. Hau ez da pieza mekanizatuak egiteko lantegi bat. Sagarra da gure lehengaia eta hor naturaren legepean gaude. Eguraldia, polinizazioa…, gauza asko hartu behar da kontuan, eta guztiak ez daude gure esku. Nolanahi ere, bide horretan emandako pauso guztiak onuragarriak izango direla uste dut. Jatorri izendapena lortzeko bide hori oso ondo ikusten dut, nahiz eta oraindik urruti samar ikusten dudan”. 

Ibon Aburuza, Aburuza sagardotegia  Aduna
{{IMG-35588}}
Ibon Aburuza adunarra, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakaria da egun. “Sagar asko falta zela ikusten genuen. Apustu handia dugu orain gure aurrean, jatorri izendapen zigilua ateratzeko. Prozesua martxan dago, eta denbora gutxi barru aterako dugula uste dugu. Bertako sagarra behar genuen horretarako, eta laguntzarik gabe zaila genuen apustu horri eustea. Kanpoko sagarra ez da txarra, baina bertakoa izanez gero, kalitate handiagoko produktua ateratzen da. Ea urte gutxi barru %100 bertako sagarrekin egindako sagardoa dugun, eta kalitatezko sagardoa egiten dugun”. 
 

Martin Zabala, Zabala sagardotegia  Aduna
{{IMG-35589}}
Adunako Zabala sagardotegiko Martin Zabala, gustura ageri da bertako sagarra bultzatzeko plangintzarekin. “Denbora beharko da plangintza honen fruituak ikusteko. Lursailak bilatu, prestatu, sagarrondoak landatu…, 10 edo 15 urte barru nabarituko da aldea. Zaila izango da Gipuzkoan egiten den sagardo guztiaren %100 bertako sagarrarekin egitea, baina beti izango da onuragarria gaur egungo portzentajea handitzea”. Martinek bereziki nabarmendu du sagardogileek plangintza honen aurrean azaldu duten elkartasuna, “bertako sagastien aldeko apustua egin dugu, guztiok elkarrekin, eta hori oso garrantzitsua izan da”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!