XABI PAYA
“Xabier Letek idatzitako obra honek Txirritari eginiko epaiketa bat irudikatzen du. Duela 34 urte Urnietako Buruntza antzerki taldeak taularatu zuen Urnietan bertan, Xabier Letek berak zuzenduta. Orain, Txirritaren heriotzaren 80. urteurrenaren efemeridea baliatu du Donostia 2016 kultur hiriburutzak obra hau berriro taularatzeko. Joxan Goikoetxearena izan zen obra berreskuratzeko ideia, eta berak jarriko dio musika zuzenean”.
Payak, baita ere, aipatu zuen Ramon Etxezarreta ari dela Leteren obra hau gaztelaniara itzultzen, eta euskaraz ez dakiten ikusleek ere, modu batera edo bestera, antzezlana jarraitzeko aukera izango dutela. Baita ere, jakinarazi zuen, irailaren 10ean Donostiako emanaldiaren egunean, euria egiten badu leku estali batean eskainiko dela.
MIKEL PAGOLA
“Donostia 2016 kultur hiriburutzatik obra hau elkarlanean aurrera eramatea proposatu ziguten, eta ezin genuen ezetzik eman. 60-70eko hamarkadetan Urnieta, Euskal antzerkiaren munduan erreferente bat izan zen, Egi billa eta Buruntza antzerki taldeekin. Azken hamar urteetan berriro berpizte bat bizitzen ari gara. Beraz, talde honek badu eskarmentua eta donostiarrak harritzeko moduko emanaldia eskainiko dutela ziur nago.”
MIREN GOJENOLA
“Aktoreak lan oso ona egiten ari dira, asko ahalegindu dira, amateurrak dira, baina profesionalen moduan ari dira lanean. Hainbat antzezlanetan parte hartutakoak dira. Pozik gaude, lan ederra ikusten da. Lortuko dugu jendea pozik uztea. Leteren obrari fidelak izaten saiatu gara. Aldaketaren bat aipatzekotan, esango nuke emakumeen presentzia gehitu dugula. Duela 34 urteko emanaldietan gizonezkoenak ziren juezaren eta tabernariaren pertsonaiak, emakumeenak izatera pasa dira, eta aldeketarekin obrak irabazi egiten du.”
JOKIN IZAGIRRE
“Duela bost hilabete deitu zidaten honen berri emateko, kriston beldurra sartu zitzaidan, baina, ezin nuen ezezkorik eman, eta hemen nago, duela 34 urteko paper bera jokatzen. Orduan, 18 emanaldi eskaini genituen, eta arrakasta handiz. 30.000 pezeta kobratzen zituen taldeak emanaldiko, eta besteak beste, diru harekin arropak alokatzen genituen. Xabier, oso exijentea zen gurekin, eta bere jenio txarra frogatzeko aukera ere izan genuen. Berarekin asko ikasi genuen.”
SAIOAK ETA SARREREN
SALMENTA
- Trinitate plaza, Donostia, irailak 10, gaueko 21:00etan. Sarrerak, dagoeneko salgai: Sarobe, DSS2016EUren Alderdi Ederreko informazio puntua, Donostia 2016ren webgunea eta Kutxabank.
- Urnietako kiroldegia, irailak 23, gaueko 22:00etan. Sarrerak, Saroben (uztailaren 18tik aurrera). Helbide elektroniko honetan ere erreserba daitezke: sarobe@urnieta.eus.