Intxaurrondon ekin zion kupoi saltzaile bideari, Hernanin jarraitu zuen eta Tolosan ere aritu zen. Azken hamasei urte hauetan Villabonan ari da eta bertan bizi da, baina asteasuarra da jaiotzez, –eta oso harro dago horretaz–. Jaioterriko tabernetan Onceko kupoiak uzteaz gain, herrian bertan saltzaile gisa ere aritu zen bolada batean. Baina herri txikia izanik, Villabonara etorri zen, mugimendu gehiagoren bila. Garai hartan, egun Ana egoten den kokalekuan beste saltzaile bat aritzen zen, “kabina zuen orduan, baina garajeak egiterakoan bota egin zuten. Saltzaile hura jubilatu zenean etorri nintzen ni gune honetara eta Kutxa banketxearen atarian saltzen ditut kupoiak egun”, adierazi du. Faltan botatzen du kabina; neguan hotza denean nahiz udako berotasunean, babestuago egongo bailitzateke bertan. “Nitaz gain, jendea ere hobeto egongo litzateke ilaran zain, edukazio gehiagorekin”, uste du. Astean zehar egunero etortzen da Ana bere txokora, goizeko 09:00etatik 13:30etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara. Jenderik gehien goizeko lehen orduetan gerturatzen zaio eta eguerdietan ere bai.
Astea lanpetuta
Ezaguna da Ana eskualdean eta berak ere herritar asko ezagutzen du. “Jendearekiko harremana alaia da, baina jende gutxi etortzen da lasai ederrean hizketarako tartea hartuta. Normalean presaka etortzen da gehiengoa. Kupoia erosi eta korrika joaten dira asko”. Krisiaren ondorioz, jaitsiera nabaritu du salmentetan azken urte hauetan. “Asko jaitsi da salmenta, ez baitago denerako dirurik”, aipatu du. Hala ere, astelehena egun lanpetua izaten du, astebururako saldutako kupoiek saririk izan ote duten begira. Asteartea ere bai, azoka eguna egokitzen denez. “Asteazkenetan, ‘gaur lasaiago ibiliko naiz’ pentsatuta etortzen naiz lanera askotan, baina agian orduantxe saltzen dut gehien” aipatu du eta asteburuari begira ere, jende ugari gerturatzen zaiola. Larunbat eguerdietan ere bertan izaten da, pare bat orduz. Igandetan ez. Igandetan jai egiten du.
Esperantza lagun
Azken aldian sari potolo-potolorik ez, baina orain aste gutxi, 1000 eurokoa banatu zuen. “Niri sari handiagoak ematea gustatuko litzaidake, baina zaila izaten da”, adierazi du. Sariak egokitzen direnean, oso esker oneko lana da Anarena eta bezeroak esperantzarekin etortzen zaizkiola gaineratu du, “sari potoloa egokitzea zaila dela jakin arren, esperantzaz etortzen da jendea. Poz handia izaten da haientzat saria jasotzea eta niretzat ematea”. Bezero finkoak eta aldikakoak ditu eta adineko jendea gerturatzen zaio batik bat kupoiak erostera, “gazte jendea ere bai, baina edadeko pertsonak etortzen dira gehiago”. 0tik hasi eta 9ra arte, bezero bakoitzak bere gustuko zenbaki bukaerak aukeratzen ditu. “Bakoitzaren nahiaren arabera, denetariko zenbakiak saltzen dira. Batzuek nik nahi dudana emateko eskatzen didate”.
Aukera zabala kupoietan
Jendaurrean kupoiak saltzeak ere badu atzeko lana. Asteazken goizetan kupoien kartulinak hartzen ditu Anak aste guztirako. Jaso dituela baieztatu ondoren, kupoiak bereizi eta zenbakien arabera, sortaka antolatzen ditu. Egun gainera, ez du kupoi mota bakarra saltzen.
Paperezkoak ez ezik, makinako aukera ezberdinak ditu. Aukera ugari. Udan, esaterako, abuztuaren 15eko sari berezia izango da eta ordura arte lanean arituko da Ana. 16an hartuko ditu oporrak eta familiarekin lasai-lasai egoteko irrikaz dago. “Egunerokoan nekatu egiten du beti jendaurrean egon beharrak eta gustura hartuko dut lasaitasun pixka bat”, aitortu du. Uda ona igaro, bada.