Irantzu Urkola, trontzalari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 17a, 02:00

Trontzan hasi berri da Irantzu Urkola zizurkildarra. Alatzne Etxaburuaren eskutik eman ditu lehen pausoak, eta gustura dabil.

Denbora luzea zeraman Alatzne Etxaburuak Irantzu Urkola trontzarako animatzen. Txapelketan aritzeko bikotea behar zuela, eta Irantzuri esaten zion behin baino gehiagotan: “Erdi txantxetan aritzen ginen maiz kontu horrekin. Nik, ordea, ez nion ezezkorik esaten eta pixkanaka, txantxetan hasitako proposamen hura serioagoa izaten hasi zen”. Lehen entrenamendu saioak eginda, gustura dabil gazte zizurkildarra.

 

Jaia eta kirola

Lehendabiziko frogak egiten hasi zen Irantzu, Alatzneren eskutik. “Ez zen kirola egitea bakarrik. Jai giroan elkartzen ginen beti; elkarrekin bazkaldu edo afaldu, eta trontza saioa egiten genuen etxera joan aurretik. Oso gustura aurkitu nintzen giro horretan eta gero eta gehiago murgiltzen joan nintzen”.

Uztailean izaten da trontza txapelketa eta hortxe jarri zuten euren jomuga bi kirolari zizurkildarrek: “Oso emakume gutxi animatzen da txapelketan parte hartzera. Iaz, esaterako, bertan behera utzi beharra izan zuten. Kirola biziberritu eta lehia pixka bat sortzeko, aurtengoan parte hartzea erabaki genuen Alatznek eta biok. Niretzat, ordea, urte lanpetua izan da hau. Batxillergoko bigarren urtea egin dut, eta ikasketek ez didate entrenatzeko denbora askorik utzi. Alatzne ere lanpetuta zebilen, aizkora eta segako entrenamenduak egiten. Ez dugu prestaketarik egin eta txapelketaren kontua alde batera utzi genuen. Nolanahi ere, ez dut baztertzen noizbait txapelketan parte hartzeko aukera”, azaldu du Irantzuk.


{{IMG-35583}}

Gazte gutxi

Hamazazpi urte ditu Irantzuk, eta trontzan gazte gutxi dabilela azpimarratu du. “Nire adin inguruko jende gutxi dabil. Mutiletan pixka bat gehiago, baina neska gutxi animatzen da. Beste herri kirol batzuetatik pasatako jendea hasten da, batik bat, trontzan. Eta horrek esan nahi du adinez ere aurrera doazenak izaten direla”. Jendeak, oro har, oso gutxi ezagutzen duen kirola dela aipatu du Irantzuk. “Gure inguru honetan, gutxienez, ez dago ohitura handiegirik. Nafarroan pixka bat gehiago aritzen dira, baina han ere asko ez”. 

Urtean zehar erakustaldi batzuk antolatzen dira herriko jaietan, “nolanahi ere, ez da aukera gehiegirik izaten. Herri kirolak antolatzen direnean, oso gutxitan sartzen dute trontza saioa”. Irantzuk, herrian bertan eskaini zuen lehendabiziko erakustaldia, ekainaren 25eko kirol jaialdian. 

 

Gihar guztiak lanean

Kirol ezberdin bat ikasteko asmoz egin zuen froga Irantzuk, eta gustura dabil: “Asko gustatzen zait gauza berriak probatzea, eta animatu egin nintzen”. Ez da, ordea, Irantzuk uste zuen bezalakoa: “Besoetan indar handia beharko zela uste nuen, eta egia da besoek lan handia egiten dutela, baina baita gorputzeko gainerako atalek ere. Hankak, bizkarra…, gorputz guztiaren indarra baliatzen da trontzan egiteko”. 

 

Kirol gogorra

Ahalegin fisiko handia eskatzen duen kirola da trontza Irantzuren aburuz, “mugimendu errepikakorrak direlako. Nekatuta bazaude ere, egurra mozten jarraitu beharra daukazu. Ez dizu pentsatzeko denborarik ere ematen. Kirol gogorra da; maila txukuna eman ahal izateko entrenamendu handia eskatzen duena”. Trontzaren alderdi teknikoa ere aipatu du Irantzuk: “Kanpotik begiratuta ez du ematen, eta neronek ere ez nuen pentsatuko zenbat gauza hartu behar diren kontuan trontzan egoki egiteko. Pixkanaka ari naiz ikasten”.

Ez dira saio luzeak izaten trontzarekin egiten direnak. Txapelketan, esaterako, hamar ebakialdi ematen dizkiote emakumeek enborrari. “Denbora gutxienean lan hori betetzen duen bikoteak irabazten du. Mutilek 22 ebakialdi eman behar izaten dizkiote, horietako bi zutika jarritako enborrari. Hamar minuturen azpitik ibiltzen dira onenak. Saio motzak izaten dira, baina intentsitate handikoak”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!