Emakume txirrindularien lasterketa, igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 14a, 02:00

XII. Villabona-Aduna-Asteasu-Zizurkil Txirrindularitza Sari Nagusia ospatuko dute uztailaren 17an, igandearekin. Arratsaldeko 15:30ean abiatuko dira kadeteak Villabonako Hiru Aldeta paretik eta 16:30etan junior eta elite mailakoak. Izarne Maioz txirrindulari asteasuarra parte hartzaileen artean izango da.

Kadete mailako txirrindulariak bi aldiz igoko dira Zizurkil Goiko herrigunera, 30,06 kilometroko ibilbidea osatuz. Pasus jatetxearen parean amaituko dute lasterketa.

Ondoren, 16:30ean aterako dira junior eta elite mailako txirrindulariak. 90 kilometroko ibilbidea egin beharko dute eliteek, eta 78,9 kilometrokoa junior kategoriakoek. 8 aldiz igoko dira Zizurkil Goiko herrigunera, eta azken itzulian, gainera, Adunara igoko dira.

Partaidetza handia espero da, eta maila handikoa, gainera. Hain zuzen, izena emandakoen tartean dago Marianne Vos txirrindulari alemaniarra, 12 aldiz munduko txapeldun izandakoa. Tartean izango da, halaber, bailarako ordezkari bat: Izarne Maioz asteasuarra. Aiztondo bailarako udal-ordezkariek lasterketa iragartzeko egindako agerraldian horixe azpimarratu dute: bailarako partaidetza ikusirik, argi dagoela harrobia sortzen ari dela Txirrindularitza Sari Nagusi hau.

Berrikuntza gisa, aurten, gainera, Emakumeen Espainiako Kopa 2016 txapelketaren egutegian sartu da. Hori dela eta, proba honetako hiru kategoriek (kadete, junior eta eliteek) puntuak lortuko dituzte Espainiako Koparako, Gipuzkoako Txapelketarako eta Euskaldun Txapelketarako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!