Euskal mitologiari buruzko webseriea grabatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 16a, 02:00

Amasako Lastur parkea izan du eszenatoki Interneteko telesailak. 15 minutuko hiru kapitulu ditu, eta tartean da Olatz Lasa billabonatarra.

Euskal mitologian du oinarria Marik. Protagonistak ematen dio izena webserieari. Mitoak aitzakia hartuta Tartalo, Mikelats, Akerbeltz edota Mari moduko pertsonaien arteko istorioak kontatu dituzte umore kutsuarekin. 

Euskal Herriko Unibertsitatean ikus-entzunezko gradua egiten ari diren hamabi gaztek aurkeztu dute Mari webseriea. Olatz Lasa taldekidearen iritziz, “ez da ohiko istorio bat. Euskal mitologiako pertsonaiak eraldatu egin ditugu istorio entretenigarriagoa egiteko”.

Lau egunetan grabatu dute Lasturko parkean. Guztira hiru kapitulu egin dituzte, bakoitza hamabost minutukoa. Eguzkia, euria, lainoa…, eguraldi aldaketa ugari izan dituzte, eta horrek zailtasunen bat edo beste eragin du. “Grabazioak iraun duen lau egunetan, eguraldi aldaketa ugari izan dira eta horrek gauzak zaildu dizkigu, baina horiei aurre egiten jakin dugu”, azaldu du billabonatarrak.

 

Aktore ezagunak

Karmele Larrinaga, Eriz Alberdi, Amancay Gaztañazpi, Ainhoa Alberdi edota Ander Iruretagoiena moduko aktore ezagunek hartu dute parte webseriean. Baita, Mikel Ibarguren, Mikel Altuna, Andoni Arrasate, Laura Elorduy eta Miren Solozabalek ere. 

Taldekide bakoitzak zeregin jakin bat izan du proiektu honetan: Ane Murua (zuzendaria eta gidoilaria), Olatz Lasa (produktorea eta gidoilaria), Iñigo Arizkorreta (edizioa eta koordinatzailea), Leire Olea (script-a eta edizioa), Telmo Edurza (gidoilaria) Naroa Garzon (kamera eta edizioa), Ainhoa Bayano (kamera), Laura Elorduy (zuzendari artistikoa), Miren Solozabal (argazki zuzendaria), Gonzalo Loza (soinu arduraduna), Ane Abajo (soinu laguntzailea) eta Gabriel Fiallegas (koordinatzailea).

 

Webserieak indarrean

Ikus-entzunezkoen munduan gero eta entzutetsuagoa den fenomenoa da webseriea. Merkea, baliabide gutxirekin egin daitekeena eta hedatze azkarrekoa. Sarerako egiten den produktua da; telesaila, zehazki. 

Euskaraz egiten den lehenengoetako webseria da Mari. “Euskara ikus-entzunezko webseriearen esparruan zabaltzeko aukera ezin hobea iruditu zaigu. Hori izan da hasieratik gure helburuetako bat”, azaldu du Ane Murua zuzendariak. 

Ikus-entzunezko munduak gazte jendearekin du lotura batik bat. Egun Internet da gazteen hedabide nagusia, telebista bigarren mailara pasaz. Hori dela eta, gazteak dira webseriearen kontsumitzaile nagusiak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!