Bihar hasiko dira Karrikako jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 14a, 02:00

Auzoko zenbait herritar jotasu aritu dira azken hilabateetan, ahalik eta jairik gozagarrienak irten daitezen. Azken detaileak lotzen topatu ditugu horietako zenbait egunotan, Karrikan bertan.
Urduritasun puntu batez dena ondo irten dadin sumatzen dira. Baina baita poza ezin ezkutaturik, eguraldia lagun dela, ziur baitira jai politak irtengo direla.

[Egitaraua]

Ana Gaspar, playbackeko perfomancea
{{IMG-35573}}

Ana Gaspar ezinbesteko auzotar bilakatu da Karrikako festetan. Antzezpenerako bere dohainek ez daukate parekorik; playbackeko ekitaldian kapaz da lau show ezberdinetan parte hartzeko, merituzko perfomancea eginez.

Jakinaraziko al zeniguke oholtzan zer eskainiko duzun aurtengoan?
Et-et-et! Hori ezin da argitu. Ingurukoek ere ez dute jakiten zertaz mozorrotuko naizen, playbacka heldu ohi den arte. Ezustearen efektua aintzat hartu behar da. Gehiago jakin nahi duena, bertara  dadila igande arratsaldean.

Hiru edo lau ikuskizun prestatu ohi dituzu urtero. Lana eskatuko dizu horrek…
Ez pentsa! Youtuben sartzen naiz, eta ideiak berehala etortzen zaizkit. Koreografia prestatzeko ere ez dut burua gehiegi astindu beharrik. Abestien letrek diotenari egiten diot kasu, eta aipatzen diren elementuekin jokatzen dut; pepino bat, telefono bat...

Zerk mugitzen zaitu urtero-urtero parte hartzera playba­ckeko ikuskizunean?
Nire auzoko jaiak dira Karrikako jaiak, eta nahikoa dut peluka bat janztea; transformatu egiten naiz jendaurrean. Bizitza gogorra egiten zaigu maiz, eta poz txikiak eragingo dizkiguten pizgarriak behar izaten ditugu. Hemezortzi urterekin playbackean parte hartzen hasi nintzenetik, ohartuta nago ez dela askorik behar jendearen ezpainetan hiru-lau minutuko irribarrea eragiteko.

Ez al zara animatzen antzerkiaren munduan murgiltzera?
Tentatu izan nau antzerki talde batek, eurekin oholtza gainera igo nadin. Baina ez daukat denborarik. Gainera, iruditzen zait ezingo nukeela antzezpenik egin ikusle ezezagunen aurrean, ezta Karrika ez den beste lekuren batean ere. Karrikan eta Karrikako jendearen aurrean hazi egiten naiz, beste egoeratan ez bezala. Oholtza gainean ari naizela, auzotarrak eta batez ere umeak ikusten ditut niri begira kontzentratuta edo irribarrez, txaloka…, eta horrekin, munduko pertsonarik zoriontsuena bihurtzen naiz. Ez dut gehiago behar. 

Bakarrik aritzen zara numero batzuetan, lagunekin bestetan…
Jendea anima dadin saiatzen naiz. Izan ere, ekitaldi herrikoia da play-backa, eta lotsak eta beldurrak uxatu beharko genituzke. Auzoan saiatzen naiz mezu jakin bat zabaltzen: alegia, probatzeko behin behintzat, ikusle bezainbat goza litekeelako antzezle bezala. 

Alaba (Lorena) ere zure bide beretik dator…
Hala dator, bai. Bi urterekin igo zen lehenbiziko aldiz lehengusuekin-eta, eta urtero eskaintzen du ikuskizunen bat. Nolanahi ere, gazteei ederki kostatzen zaie oholtza gainera igotzea!
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!