Baserritik Argentinara, bizimodu hobearen bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 14a, 02:00

Egun kanpoko lurretako pertsona asko etortzen da gure artera bizimodu hobearen bila. Antzina, hemendik Ameriketara joan ohi ziren euskaldunak lan bila.

Erreportaje hau idazteko ideia, igaro berri den ekainean, Jose Antonio Yarza argentinarra, hirugarrenez, Amasako Mikel Igartza baserrira etorri dela jakin orduko sortu da. Arbasoen sorterrira gerturatzen denean, hunkitu egiten omen da bere birraitona eta ingurukoen ibilerak gogoratuta eta, bereziki, haien jaiotetxean kokatzen denean. XIX. mende bukaeran joan zen, izen bereko, Jose Antonio Yarza birraitona Amasako Mikel Igartzatik Argentinara lan bila. Gainerako baserrietan bezala, anai-arreba asko ziren eta guztientzat lanbiderik ez zegoenez, atzerrira joateko aukera egin zuen. “18-19 urte zituela joan zen eta artzain ibili zen aurrena. Diru pixka bat irabazi zuenean, 300 hektarea lur erosi zituen Buenos Airestik ia 500 kilometrora kokatzen den Trenque Lauquen bailaran. Orduan apenas omen zegoen etxerik inguru haietan, apenas bizi omen zen inor”, adierazi du Mikel Igartzako Julian Yarzak, bere aurrekoei entzundako pasadizoak ondo gogoan gordetzen dituenak. Etimologikoki, herriaren izenak leku txokona, laua esan nahi omen du maputxe indioen hizkeran. “Gerora, esnea biltzen hasi eta letxeria zabaldu zuen bertan. Denborarekin, lur sail gehiago erosteko aukera izan zuen eta 1.000 hektarea osatzera ailegatu omen zen. Aizpurua abizeneko emakume bizkaitarrarekin ezkondu zen han eta bost seme-alaba izan zituzten. Gerora haietako bakoitzari 200 hektarea lur utzi zizkioten”, gaineratu du. Berriki Amasara etorritako Jose Antonio Yarzak, sail horietako batean egiten du lan lurra lantzen eta birraitonak egin zuen etxean bizi da. Hango lurrak landaketarako oso onak direla aipatu zion Juliani, besteak beste, gari nahiz garagarra oso ondo hazten dela. “Azken bisitaldi honetan, argazki zaharrak ikusterakoan, orain dela bi mende Argentinatik Mikel Igartzara bidalitako argazki batean, jende ugari ageri zen argazkiko etxea berea bezala ezagutu zuen, birraitonak jarri zuen bidriera bategatik. Zeharo hunkitu zen hura ikusitakoan”.

Zendoiatarrak Argentinara
Mikel Igartzako senideen kasua, ordea, beste etxe askotakoa bezalaxe, ez zen alde bakarrekoa izan. Esaterako, bertan jaio zen Maria Jesus Yarza Zendoia, Julianen izebaren gurasoen bi aldeetik joan baitziren senideak Argentinara lanera. “Gure ama Juana Inazia Zendoia Amasako Urrusti baserrikoa zen eta zazpi senide zituen. Haietatik sei joan ziren Argentinara, txanda ezberdinetan. Ahizpetako bat, Maria
Antonia, Argentinarako bidean zela, Brasilgo Rio de Janeiroko uretan hil zen”, azaldu du. Baita, bidaiak oso luzeak izaten zirela eta itsasontziak pertsonaz, animaliaz nahiz trastez beteta joaten zirela, eta oso ohikoa zela bidaiariak tifusez gaixotzea. Hala gertatu zitzaion bere izebari ere eta, sendatu ezin zutenez, patu latza izan zuen Argentinarako bidean. “Maria Ignazia etxera itzuli eta Donostian ezkondu zen. Maria Bautista, Josefa Antonia, Juana Franziska eta Manuela Franziska izebek Argentinan egin zuten beren bizimodua eta bertan hil ziren. Osaba Jose Migel etxean geratu zen eta baita gure ama senideetan gazteena ere. Sekulako beldurra izan zion itsasoari bizitza guztian zehar”, gogoratu du. Argentinan bizitutako izeben artean batzuek ezkondu eta seme-alabak izan zituzten, beste batzuek ez. Haietako ondorengo bakarra bizi da egun Argentinan: Francisco Luis Ormazabal, (laugarren abizena Zendoia duena). Dantza irakaslea da.

1953ko eskutitza
Argentinatik iristen zitzaizkien gutun eta argazkiak urrearen pare dauzkate gordeta Mikel Igartzan eta, elkarrizketaren egunean, 1953 urtean izebetako batek bidalitako eskutitza ahots goran irakurri zuen Maria Jesusek, harridura keinuak saihestu ezinik. “Begira, bakardade handia sentitzen duela esaten du. Estantziatan ari direla lanean eta estantzia bakoitzak 4000-5000 behi dituela. Uzta ona jaso dutela ere badio, garia biltzen lan handia egin dutela. Sailetako batzuk, ordea, erre egin zirela, haietako batzuk asmo txarrez gainera. Euri askoko urtea izan zela eta lurrak aberats eta indartsu mantentzeaz gain, azienda gizenduta zegoela”. Maria Jesusek berak bazuen izebei postalak bidaltzeko ohitura. Arantzabi jatetxea oso ezaguna zen garaian, Argentinan bizi ziren izebek, argazki haien bidez bakarrik ezagutzen zutela erantzun omen zioten. Izan ere, Amasan bizi ziren garaian, beste bide batetik ibiltzen omen ziren eta pena zuten jatetxea zuzenean ezagutu ez zutelako.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!