Andoaingo udalak auzotarrekin ekainaren 28an eduki zuen bileran iragarri bezala, eraiste lanak bi asteetan luzatuko direla kalkulatzen da.
Atzera begira jarriz gero, esan daiteke oroitzapen eta bizipen ugariren eragile direla bi etxe horiek, bertan bizi izan ziren familientzat batik bat; hala nola, lizarribartarrak, prietotarrak, lasatarrak, eltzaburutarrak… Oroitzapen onak bai ugari gorde etxe horien hormek eta etxe barruek, baina baita ahaztu nahi eta ezinezkoak ere.
Azken horien artean, nolaz ez, gogoan hartu indar parapolizialek Andoain eta bereziki Kaletxiki kolpatu izan zituzten garaiak. Hiru koktel molotov jaurti zituzten lasatarrak bizi ziren 28ko etxeko eskaratzara gau batean; eta zoritxarreko beste gau batean, etxe horren pean Eltzaburu familiak zeukan ardo saltokia metrailatu egin zuten.
Urtetan gertuago ere, 2012ko ekainean, ezin dugu ahantzi hilketa gertatu zela 30. etxebizitzan. Okupak bizi ziren bertan orduan, eta lagun batek bestea mailukadez hil ostean, bere gorpua astebetez eduki zuen ezkutatuta. Moises Kargbo zen hildakoa, 52 urtekoa eta Sierra Leonako jatorriz.
2014ko uztailean, berriz, sutea gertatu zen 28. zenbakiko etxean. Okupak bizi ziren han ere; umeak tartean. Sutea piztu zenean ez zegoen inor bertan, eta zorionez kalte materialik besterik ez zen gertatu. Bi etxeak hutsik egon dira harrezgero.