EAJ-PNVk gutuna igorri die amasar eta billabonatarrei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 11a, 02:00

Joan zen astean, alkate izendatu berri den Maite Izagirreren soldataren inguruan, ondorengo gutuna igorri zien EAJ-PNV alderdiak amasar eta billabonatarrei.

EAJ-PNV Alderdi udalzalea da, gertukoa, bertakoen arazoak konpontzen saiatzen den Alderdia (gertuen dagoen erakundeak egin dezakeena eginez, subsidiaritate printzipioa aplikatuz). Guretzat, udala herritarren eta ekonomiaren garapenaren motorra da. Duela gutxi, Eusko Legebiltzarrak (EAJ-PNV eta Bilduren bozekin) Udal Legea onartu zuen. Lege honek, lehen aldiz, udalek ematen dituzten zerbitzuak eta udalek dituzten eskumenak aitortzen ditu, behar beharrezkoa duten finantza sistema bat ematen zaie eta kudeaketa publikoan bete beharreko gardentasun eta partaidetzarako tresnak artikulatu ditu, udalek, Euskal Finantza Kontseiluan, hitza eta bozka izango dutela zehaztuz. Lege berri honen eskutik, udalak euskal erakunde arkitekturaren parte izango dira, Eskuduntza eta zerbitzu ardura gehiago izango dituzte beraien gain, ondorioz baita ardura maila handiagoa ere.

Ardura berri hauei jarraikiz, EAJ-PNVk alkate berriarekin soldata bat adostu du, EUDEL eta Aldundiaren gomendapenarekin bat eginez, 5.000 eta 10.000 biztanleko herrietarako gehienezko 60.378€ soldata aurreikusten dituelarik. Ezkutatzekorik ez daukagunez adostu den soldata urteko 52.000€ko soldata gordina da (garbi jasoko duena gutxiago izango da), kontuan hartu direlarik Maite Izagirreren egungo lan egoera eta egoera pertsonala. EAJ-PNVren ustez, Alkatea da maila handieneko “funtzionarioa”, bere ardurapean 6.000 biztanle baititu eta lan jardunak egun osokoa eta urteko 365 egunekoa izan behar baitu (lan ordu normalak gaindituz). Alkatearen soldata udaleko maila handieneko langilearen parekoa izango da, gainditu gabe.

Horregatik, kezkatu egiten gaitu Bilduk alkate berriaren aurka hasi duen kanpañak. Herriko giroa berotu nahian ibiltzeak kezkatzen gaitu, eta batez ere Bilduko bozeramailearen hitzek eta errespetu faltak kezkatzen gaitu.

Horrelako hitz eta jarrerekin, bere buruarenaz gain, Bildu udaltaldeko guztien izen ona galtzea ekarri du. EAJ-PNVren ustez, hitz hauek, talde “klasista” baten argazki argia dira, pertsonak, egiten duten lanaren arabera, lehen edo bigarren mailan mailakatuz. Guk beti defendatuko dugu edozein pertsonak edozein erakundetan kargua izateko eskubidea. Gure ustez, soldatak ez du zer ikusirik eduki behar aurretik egin duzun lanarekin, bai ordea, bete  behar duzun kargu horrek dituen ardurekin eta eskaintzen zaion denborarekin. Aurkakoa pentsatzeak aldiz, “kasta sistema” bezalakoak babestearen antzekotasun handia du, non pertsonak, jaio den familiaren araberako garapen maila mugatua izango duen. Bilduren jarrera azken muturrera eramango badugu, herri ordezkaritzaren aukeraketaz, pertsonal aukeraketak egiten dituzten horietako enpresa bat arduratu beharko litzateke. Udal politika hori baino askoz gehiago da, ideologia eta herriarekiko konpromisoa da. Gure ustez, egoera pertsonalak kontuan hartuz eta ezarritako legea betez, alkate bakoitzak bere soldata ezartzeko askatasuna eduki behar du. Ildo honetatik, EAJ-PNVk ez zuen kritikatu Bilduk pasa den legealdian alkatea eta beste bi zinegotzi soldatarekin (70.000€) edukitzea. Krisi egoeratan demagogia egitea erraza izaten den arren, udal politikoen soldata ez da dirua xautzea. Aldiz, Atez atekoan 500.000€ baino gehiago erabiltzea, bai.

Bilduk, herria paskinez betetzeko eta mespretxuzko komentarioak egiteko aukera egin du. Kritika politikoa gauza bat da eta pertsonari irainka ibiltzea eta aurkari politikoa izutzeko etengabeko saiakera, beste bat, oso ezberdina. EAJ-PNVk akordioaren aldeko lanean jarraituko du, elkarrizketa eta adostasunaren bidetik, topaketarako eta elkarbizitzarako gune berriak irekitzearekin batera tentsio eta biolentzia egoera politikoak desager daitezen. Eskerrik asko, Maite!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!