"Golak sartzearen gakoa taldearekiko duzun konfiantzan dago"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 9a, 02:00

Urtebete darama Tolosa Futbol taldeko senior mailan 17 urteko zizurkildarrak. Aste osoan Donosti Cup-eko torneoan ibili dira, eta finalista geratu dira. Mailaz igotzea lortu dute, eta datorren denboraldian Euskal ligan jokatuko dute.

Txikitatik zabiltza futbolean. Nondik datorkizu zaletasuna?

Nire lagunak panpinekin jolasten ziren bitartean, ni plazan ibiltzen nintzen futbolean. Ikastolako jolas-orduetan ere berdin. Neskak panpinetan jolasten ziren eta niri horrek aspertu egiten zidan; nahiago nuen baloiaren atzetik korrika ibili. Orduan, eskola kirolean hasi nintzen futbolean. Oso gustura sentitzen nintzen bertan eta geroztik ez diot futbola jokatzeari utzi.

Urtebete daramazu Tolosako Futbol taldean, senior mailan. Zer moduz talde berrian?

Oso gustura. Hasieran animo gutxirekin nengoen, pena ematen zidalako betiko taldea atzean uzten nuelako, gazteen mailan. Seniorretan giroa bestelakoa da. Taldekideak adinez nagusiagoak dira, baina oso oso gustura nago.

Euskal liga mailara igo zarete. Ilusio handiarekin, ez?

Bai. Hasteko gogotsu gaude. Gogorra izango da, baina bakoitzak bere aldetik jarriz gero ondo ibiliko gara. Maila onean gaude.

Adinez txikiena izan arren, ia partida bakoitzean sartu dituzu golak. Taldeko “pitxitxia” zarela esan daiteke?

Beno.. taldekide batek bi goleko aldea ateratzen zidan hasieran. Alde hori gutxitzea lortu nuen, eta orain bai, esan daiteke ni naizela gol gehien sartzen dituena.

Zein da ba golak sartzearen sekretua?

Sekretua taldean dago. Beren laguntzarik gabe ezin izango nituen golak sartu. Taldean konfiantza edukitzea oso garrantzitsua da. Nire ustez, hor dago gakoa.

Aste osoan zehar Donosti Cup-eko torneoan ibili zarete. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso ona. Hasieran nahiko urduri geunden. Partida asko dira, neke handia, baina esperientzia oso ona izan da.

Ez da lehenengo aldia bertan parte hartzen duzuna ez?

Ez. Hirugarrena izan da. Eta beno, urtetik urtera gehiago disfrutatzen dut.

Finalera iritsi eta Kataluniarrak 3-2 gailendu ziren…

Agian, konfiantza gehiegi ipini genuen guregan. Aurretik jokatu zituzten partidak ikusi genituen, eta ez genuen uste horren zaila edukiko genuenik garaipena eskuratzea. Jokatzen hastean ordea, sorpresa hartu genuen. Ahalegin handia egin behar izan genuen markagailuari buelta emateko, eta azkenean ez genuen lortu.

Zein herrialde izan da aurkaririk gogorrena?

Añorga dudarik gabe. Betidanik egon da pikea Añorga eta Tolosaren artean. Oso onak dira. Baina beno, orokorrean ondo konpontzen gara beraiekin.

Sartu duzun golen bat aukeratzeko esatean, zein aukeratuko zenuke?

Amerikarren aurka jokatu genuenean sartu nuena. Penaltietara iritsi ginen, eta azkena sartzea egokitu zitzaidan. Nire esku zegoen partidaren garaipena. Taldekideak animatzen egon zitzaizkidan uneoro. Baloia ondo ipini, jaurti, gola sartu eta atzera begiratzean taldekideak besarkatzera etorri zitzaizkidan. Momentu oso polita izan zen.

Udan zer plan dituzue?

Orain deskantsatu eta indarberritzea tokatzen da. Laster aurredenboraldiarekin hasiko gara eta indarrak hartu behar ditugu.

Etorkizunera begira zer erronka dituzu?

Futbolean jarraitzea da nire asmoa, ia noraino iristeko gai naizen. Eta ikasketa aldetik, batxilerra bukatzea da orain helburua, eta ondoren ikusiko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!