Luis Fracari omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 9a, 02:00

Omenaldia pozez ezin kabiturik bizi izan zuen Luis Fracak, Kaletxikiko jaietan igandean eskaini ziotena. Alberto Agirreren ostean bera izan da urte luzez Andoaingo Udal Musika Bandako zuzendaria. Oroitzapen gozoa utzi zuen herriko musikari askorengan, musikari eta irakasle gisa. Alicia Sanz emaztearekin batera hurbildu zen Kaletxikira, omenaldia jasotzera.

[Argazkiak] Kronika:

Gora Kaletxiki txarangak hamahiru urte darama Andoaingo auzo eta kaleak alaitzen. Aurten iraganean arrasto sakona utzi zuen Luis Fraca Royo gogoan hartu zuten. 87 urte ditu Luis Fracak, pattal dabil osasunez baina hunkituta agertu zen Kaletxikin. 
Joxe Ramon Berrondo txarangako kideak hartu zuen hitza ekitaldiaren hasieran. Gora  Kaletxiki bezalako txaranga herrikoi bat urtetan bizirik iraunarazteko Jesus Ibañezek jarritako kemena azpimarratu ostean, omenaldi ekitaldiaren zergatia adierazi zuen: “Txarangako kide beteranoenek, beti goraipatu izan digute Luis Fraca Bandako zuzendaria izan zena. Uste dugu omenaldiak, omenduak bizi diren bitartean egin behar direla, eta horrexegatik gaurko ekitaldi hauxe. Beti entzun izan dugu Fraca langilea eta xumea izan zela Andoainen, fina izan zela bandan ziren ego pertsonalak kudeatzeko garaian. Musika konposatzaile gisa ere, badakigu fenomenoa izan dela. Gaur, Luis, zure omenez, zure doinuetako bat, “Andoain” martxa pasodoblea joko dugu, beste doinuekin batera. Geure errepertorioan sartuko dugu hemendik aurrera, eta horrela, Andoaingo musikagintzaren idiosinkrasian sartu ahal izango da”.
Berrondoren mintzaldiaren ostean, Urkiko dantzariek egindako aurreskua eta oroigarrien txanda heldu zen. Txarangak 1963ko argazki historikoa oparitu zion, honako esaldia daramana: “Musikaren kulturaren aldeko egindako izugarrizko lanagatik, esker onez”. Ontza eta Batzokia elkarteek ere oroigarri bana eskaini zioten.
Ekitaldiari amaiera emateko, musika emanaldia eskaini zuen txarangak Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduta, honako doinuekin: Andoain, Tolosarrak, Txakurraren partia, Zapa, Batzokia, Ontza eta Andoaingo Ereserkia. Azken hiru piezak Batzokia eta Ontza elkarteen danbor eta kupel joleekin batera egin zituzten. 
Luis Fracak omenaldi ekitaldian Alicia Sanz emaztea eta ikasle izandako Myriam Ulanga alboan izan zituen. Andoaingo udalak antolatuta 2006an Fracari eskaini zitzaion omenaldiko kontzertuan parte hartu zuen Ulangak, Junkal Gerrero eta Ana Belen Garciarekin batera. Fracak doinuak eskaini izan dizkio Ulangari, “Hirugarren kontzertua piano eta orkestarako” izenburua daramana da horietako bat.

Musikari eskainitako bizitza
Luis Fraca Zaragozako Ainzon herrian jaio zen, 1929an. Bost urte zituela Zarautzera joan zen bizitzera, familiarekin batera; bertan bizi da egun ere. 18 urte zituela piano eta armoniako musika ikasketak amaitu zituen Donostiako Kontserbatorioan. Musikaren munduan murgildu zen harrezkero, eta Sestao eta Sos del Rey Catolicoko Musika bandak zuzendu ostean, 1958an Andoaingo bandaren zuzendaritza kargua hartu zuen, oposizioz. 1972an Banda desegin egin zen eta harrezkero Andoaingo musika akademiako zuzendaria izan zen, bertan piano eta gitarrako ikasketak eskainiz. 1989an hartu zuen erretiroa.
Irakaskuntzaz gain, sortzailea izan da Fraca, eta konposizioaren eta piano errezitaldien arloa jorratu izan ditu maiz. Makina bat musika pieza sortu izan ditu, bere gozamen eta entretenimendurako aitortu izan duenez. Amaitezina da bere katalogoa, era guztietara interpretatzeko abestiez osatua: musika bandarekin, kamera musikarekin, pianoarekin, biolontxeloarekin, kitarrarekin…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!