Kopuru polita. Adin eta estilo ezberdinetako jendea bildu da: ikasleak, gazteak, gurasoak, emakumeak, gizonezkoak… Jende gaztea mugitzen ari dela eta hori oso positiboa dela adierazi dute plataformako kideek. Guztiak ere helmuga berarekin ari dira lanean: “Helburu bera lortzeko ari gara lanean. Gaia politizatuta egon arren, ahal den neurrian hortik aldendu eta herritar modura ari gara lanean”.
Duela hamabi urte kezkatuta zeuden bezalaxe, orain ere kezkatuta daude. Are gehiago, oraingo egoera “kaltegarriagoa” dela namarmendu nahi izan du Fran Bravok: “Haizea dela eta, kokapenagatik okerragoa dela esango nuke; baina badirudi jendeari kilometro pare bat urrutiago egoteak lasaitzeko motiboa ematen diola”.
“Kezkatuta eta beldurtuta” daude, ordea, Urnieta Bizirik taldekoak. Horregatik, zenbait ekintza egiteko asmoa dute: mendietara joan eta erraustegiaren aurkako argazkiak atera, sare sozialetan oihartzuna izan, herrian bertan jendea pizteko ekintzak, antzerkiarekin lotutako ekintzak… Sinadura bilketa abian da ere, horrek proiektua atzeratzen laguntzen duelako, eta laster, eskuragai izango dira “Errausketarik ez, eskerrik asko” dioten pankartak. Gainera, uda pasa ostean, Sanmieletan ekintza indartsuak egitea aurreikusten ari dira.
Lehen bileretan, plataforma taldetan banatuta dago eta bakoitza bere aldetik “gogor” ari da lanean. Herritarrak informatzeari garrantzia handia eman diote: “Ikusita jende askok zein egunkari irakurtzen duen, bertatik jasotzen diren mezuen aurka egin behar dugu”, jakinarazi du Mertxe Zapiainek.
Informazioa “gordeta” dagoela salatu dute eta hori herritarrei jakinaraztea da beraien helburuetako bat: “Jendeari jakinarazi behar diogu zer gertatzen ari den”. Gainera, herritar askok erraustegia jarriko dela eta irtenbide gehiago ez dagoela “asimilatuta” dutela adierazi dute: “Inguruan asumituta dutela ikusten dugu, proiektua gelditzea ezinezkoa balitz bezala edo beste irtenbiderik egongo ez balitz bezala. Horren aurka borrokatzea zaila da, baina saiatzen ari gara”.
Bidean atzera
“Orain arte udaletxetatik birziklapena lantzen aritu gara, hori delako bidea eta sistema horretan sinesten dugulako. Bat-batean erraustegia jartzen badigute, lan horrek ez du ezertarako balioko. Ez badugu hemen nahikoa organiko sortzen, kanpotik ekarriko dute. Beraz, birziklapenak ez du inongo zentzurik edukiko erraustegia egiten bada”, adierazi dute.
Europa mailan, Gipuzkoa birziklapen maila “onean” dago. %80tik gora birziklatu daitekeela erakutsi dute zenbait herrik. Horregatik, gobernuaren aldetik “kontraesan handia” dagoela azaldu dute, birziklapena sustatzearekin batera, erraustegia jarri nahi dutelako. “Hori ezin dugu onartu”, ozen esan dute. “Birziklapenari jarraipena ematea eta sistema horrekin aurrera egitea da irtenbidea”.
Parte hartzeko deia
Urnietarrei erraustegiaren aurka mobilizatzeko deia luzatu diete. Izan haur, gazte edo heldu, euskaldun nahiz erdaldun. Hizkuntza ez dela oztopo izango argi utzi nahi izan dute eta, beraz, guztiei plataformarekin bat egitera animatu diete. Interesa duen oro beraiekin harremanetan jarri daiteke:
• Facebook orrialdea.
• urnietabizirik@gmail.com.
FINANTZAKETA
Horrez gain, aurrerantzean egingo dituzten ekintza guztiak ekonomikoki laguntzeko kontu korronte bat ireki eta Xauxar tabernan itsulapiko solidarioa jarri dute.
Kontu korrontea:
IBAN ES74 3035-0148-18-1480032325