Adunako lantegiko lanak aurrera doaz; aurrez pentsatuta bezala al doaz?
Bai, lanak aurrez pentsatutakoaren arabera doaz. 2017 hasieran produkzioan hasteko aurreikuspena genuen, eta lanak ondo bideratuta doaz. Urte amaieran ia bukatuta egongo da lantegia. Bulegoak martxoa edo apirila inguruan jarriko dira martxan, baina autobusen ekoizpena lehentxeago hasteko moduan izango dela uste dugu.
Eraikina bera oso aurreratuta dago; dagoeneko estalita dago eta kanpoaldeko hormak jartzen hastera doaz laster. Barrualdea egitea izango da hurrengo pausoa. Oso eraikin argitsua eta zabala izango da, zutabe handirik gabekoa. Izan ere, toki asko beharko dugu hiriko autobus elektrikoak egin ahal izateko. Irizarrek egiten dituen ohiko autobusak, distantzia ertain edo luzekoak, 12 edo 15 metroko luzerakoak izaten dira; hemen, ordea, 25 metroko autobus artikulatuak ere egingo ditugu eta horrek toki zabalean aritzea eskatuko digu. Eraikinaren albo batean ‘showroom’ bat egongo da. Bezeroei gure produktuak erakutsi ahal izango dizkiegu bertan, eta lantegia bera ere ikusi ahal izango dute bertatik.
Autobus elektrikoak egingo dituzue Adunan. Ormaiztegiko plantan egin al dituzue, orain arte, mota horretako autobusak?
Irizar taldeak dituen beste enpresa batzuetan egin genituen lehendabiziko prototipoak. Orain Salbatoreko enpresan egiten ditugu autobus elektriko banaka batzuk, baina sektore horretan jauzi bat eman ahal izateko, beste zerbait behar genuen, eta horregatik etorri zen Adunako lantegia martxan jartzeko erabakia.
Izan ere, autobus elektrikoaren aldeko apustua egin du Irizarrek, baina ohiko erregaia darabiltenak alde batera utzi gabe, noski. Ormaiztegiko lantegiak garrantzia handia izaten jarraituko du arlo horretan. Distantzia ertain eta luzeko autobusetan erreferentzia da Ormaiztegiko lantegia, eta halaxe mantenduko da, bai hemen, eta baita mundu mailan ere.
Etorkizunari begira, zein aurreikuspen duzue autobus elektrikoari dagokionez?
Inbertsio handia egin dugu autobus elektrikoari lotuta; bai Adunako lantegia eraikitzen, bai ikerketa eta garapen proiektuetan, baita lanerako beharko ditugun produktuak eskuratzen ere. Guztira 60 milioi euro inbertitu ditu Irizar taldeak. Inbertsio handia da. Dagoeneko ari gara inbertsio horri lotutako zenbait produktu lantzen. Autobus elektrikoa da horietako bat, baina badira gehiago ere, esaterako, hirietan jendea bizpahiru minututan autobusetara igotzeko sistema berriak, autobusak garajean kargatzeko sistemak, bateria berriak, kontrol unitate elektrikoa, edota Irizarrek ekoizten dituen motorrak. Horrez gain, autobus artikulatua ere produktu berria da guretzat. Etorkizunean, gainera, hirietan dabiltzan kamioien sektorea ere landu nahi genuke. Dagoeneko, kamioi elektriko baten prototipoan lanean ari gara. Arlo ezberdinetan egiten ditugu gure ikerketa eta lanak, eta denborak esango du ondo ari garen ala ez.
Europan aitzindariak izan ginen autobus elektrikoari dagokionez. Dagoeneko zenbait hiritan badabiltza guk egindako autobusak: Bilbo, Bartzelona, Marsella, Niza, Paris… Oso emaitza onak ematen ari dira. Beste zenbait hirik ere azaldu du autobus elektrikoarekiko interesa, eta lehen probak egiten ari dira. Proba egiten duten horiek guztiek gustura daudela jakinarazten digute, beraz, oso gustura gaude.
Adunako eraikin berria, eraikin handiago baten lehen fasea litzateke. Bigarren fase baterako ere prestatuta zaudete…
Eraikitze-prozesuan dugun eraikinak 18.000 metro karratu ditu. Merkatuak aginduta produkzioa handitu beharko bagenu, eraikina handitzeko aukera izango genuke, 30.000 metro karratu baino gehiagoko eraikina osatzeraino. Oraindik ezin dugu jakin etorkizuna nolakoa izango den, baina hazteko aukera hortxe dugu.
Lanpostuei dagokienez, zein aurreikuspen duzue Adunako lantegian?
Oraindik ezin dugu zenbaki zehatzik eman. Duela bost urte autobus elektrikoaren aldeko apustua egin zuen Irizarrek. 2014an egin genuen lehen aurkezpena eta, poliki-poliki, ari gara gure autobus elektrikoak hiri ezberdinetan saltzen. Gaur egun ez dakigu, ordea, zein izango den merkatuaren joera. Gure helburua datozen urteetan hazten joatea da, baina ez dakigu zein erritmotan. Gure ustez, epe ertainean, hirietan dabiltzan autobus gehienak elektrikoak edo hibridoak izango dira, baina hori guztia ikusteke dago. Merkatuek hartzen duten joera horren arabera moldatuko dugu gure garapena, bai produkzioan, baita pertsonalean ere. Momentuz, dagoeneko Irizarreko langile diren 40 pertsona inguru etorriko da Adunara hasieran eta, beharren arabera joango gara baliabideak eta langilegoa handitzen.
Zein perfiletako jendea beharko zenukete?
Elektronika eta elektrizitatearekin lotutako goi mailako modulua egin duten langileak beharko ditugu, batik bat, zuzeneko langile gisa aritzeko. Auto-mekanikan adituak diren batzuk ere beharko ditugu, baino gutxiago. Hortik aurrera, zeharkako langile gisa, ingeniariak beharko ditugu eta baita beste zenbait perfiletakoak ere.
Zer egin beharko luke Irizarren lan egin nahi duen norbaitek?
Ormaiztegiko lantegian utz dezake kurrikuluma. Gure webgunearen bidez ere jar daiteke gurekin harremanetan. Esan bezala, oraindik ez dakigu zenbat jenderen beharra izango dugun, baina Adunako lantegia hazten doan heinean langileak hartzen joango gara.
Lantegiko lanekin batera, aurrera doaz errepidea zabaltzeko lanak ere…
Urte amaierarako bukatuta egongo direla uste dut. Irizar kooperatibak eta Foru Aldundiak adostutako lanak dira errepidean egiten ari direnak. Errepide estua da, eta zenbait gunetan ez du espaloirik ere. Etorkizunean kamioien joan-etorri handia sortuko dela aurreikusita, errepidea zabaldu beharra zegoela ikusi genuen. Lanak amaitutakoan, seguruagoa izango da Sorabilla eta Aduna batzen dituen errepidea, bai ibilgailuentzat, baita oinezko edota txirrindularientzat ere.
Mundu osoan zehar zabalduta dago Irizar. Zer nolako aurreikuspenak dituzue?
Adunako lantegia eginda, gure sarea osatuta geratzen dela esango nuke. Geografikoki ondo kokatuta gaude autobusen munduan. Aduna eta Ormaiztegiko lantegiekin, erantzuna ematen diogu Europako eskaerari; Maroko eta Hegoafrikako lantegiekin Afrikako merkatuari egiten diogu aurre eta Brasilgo plantan egiten ditugu Hego Amerikarako autobusak. Horrez gain, Estatu Batuetatik iristen zaigun eskaerari Ormaiztegiko lantegitik ematen diogu erantzuna. Nolanahi ere, ez dugu baztertzen Estatu Batuetarako jauzia ematea. Dibisen eraldaketak izango du horretan zeresanik.
Asian ere eduki izan ditugu lantegiak, baina gure esperientzia ez da baikorra izan eta, momentuz, ez dugu merkatu hartan sakontzeko asmorik.