Xoxo amak habia bakarrik ez, hiru arrautza ere jarri zituen Uxueren etxeko balkoian eginiko habian. Uxue txundituta geratu zen habia bere balkoian ikusitakoan eta arrautzak etxean utzita, ikastolara eraman zuen ikaskide nahiz irakasleari erakusteko. Etxera bueltan, leku berean, lorontziaren gainean utzi zuen habia, arrautzak barruan sartuta. Denborarik galdu gabe, xoxo ama arrautzak txitatzen jarri zen eta, epe laburrera, hiru xoxokume jaio ziren balkoiko habian. Bertan elikatu zituen amak eta kumeak ondo lumatu eta euren kabuz moldatzeko gai zirenean, orain hiru aste inguru, hegaldatu egin ziren.
Natura, aurrea hartuta
David Barandiaran billabonatarra natura-zale amorratua da. Primeran ezagutzen ditu txoriak nahiz haien ohiturak eta ez dauka zalantzarik, habia Uxueren balkoian egin aurretik, xoxo amak ondo ezagutzen zuen neskatila, “xoxo amak bazekien Uxuek ondo zainduko zituela eta horregatik aukeratu zuen leku hura habia egin eta arrautzak jartzeko”. Hegaztien jarreretan aldaketa handia nabari du Davidek, dioenez, orain urte batzuk ez baizitzaien hegaztiei herriguneetara gerturatzea bururatzen. “Gu haurrak ginela, mendian bizi ziren hegaztiak. Ez ziren herrira gerturatu ere egiten, zeharo beldurtuta ibiltzen baitziren gure tiragoma edo zepoekin”, gogoratu du. Natura aurreratzen ari dela uste du, izan ere egun gizaki ia guztiek errespetatzen baitute. “Haurrek txikitatik ikasten dute natura eta animaliak maitatzen eta, dudarik gabe, animaliek sumatu egiten dute goxotasun hori. Lehen xoxo edo birigarro habia aurkituz gero, harrapatu egingo genukeen kaiolan sartzeko edota jateko, baina gaur egun errespetatu egiten dira. Hegaztiak, gizakiaren arrimuan mendiko animalia handiagoen ondoan baino seguruago sentitzen dira”, argitu du Davidek. Hala ere, berriki Villabonan gertatutakoa gai harrigarria dela uste du eta aipamena merezi duela, “ez baikara kaxkabeltz edo txori txikiei buruz ari, xoxoez baizik”.
Xoxokumeak hegan
Orain hiru bat aste abiatu dira kale etxeko habian jaiotako xoxokumeak hegan. Uxuek pena hartu du txoritxoak balkoitik desagertu direnean, baina badaki libre daudela eta poza ematen dio horrek. Davidek inguruan ibiliko direla uste du, ez zirela gehiegi urrutiratuko. Joxanton Artzeren hitzetan oinarrituta, eta balkoian hazitako xoxokumeei zuzenduta, ondorengo hitzak idatzi ditu:
“Kaiolan sartu izan banitu
nereak izango ziren, ez zuten alde egingo
baina horrela txoriak ez ziren libre izango;
txoriak jaio dira libre izateko”.
Hegaztien kantuak
Esan bezala, natura-zale amorratua da David. Bere ustez mendira joan behar da natura zuzenean ikusi, eta ikastera. Beste gaietan bezala, naturaren inguruan ere kultura behar dela uste du eta hori liburuen bidez ikas daitekeela: zuhaitzak, landaredia, hegaztiak… Naturak, bere osotasunean erakartzen badu ere, hegaztiak ditu pasio. Txori ezberdinak margotu eta erakusketa ere jarri zuen Villabonako Gurea antzokian, txori bakoitzaren kantua audioan jasoz.
Ondo bereizten ditu Davidek hegaztien kantuak. Xoxoak, esaterako, oso kantu ederra duela uste du, “birigarroa tenorearen pareko jotzen dut nik: fi fi fi, fi fi fi, fifirififi, goruntz egiten du. Xoxoak, berriz, bemolean abesten du, baritonoak bezala: tti tti tti tti, tto tto tto tto, tturru ttu ttu ttuuu… Oso polita da”. Bakoitzak bere kantu ezberdina du eta badira kanturik ez dutenak ere, “beleak, hotsa egiten du: prrrrra prrrrra, baina ez du kanturik. Kantari onenak, dudarik gabe, txori zomorro-jaleak dira: urretxindorrak eta haren familiakoak, bariazio ikaragarria dute”. Kontu bitxi modura, txori arrak bakarrik abesten duela ere jakinarazi du, txori emeak ez duela abesten. “Arrak emea erakartzeko abesten du eta itxuraz dotoreagoak dira. Piztien artean dotoreagoak izaten dira beti arrak, zertarako eta emeak erakartzeko; habiak egiteko biek elkartu egin behar izaten dute eta emea gerturaraztea da arraren papera”.