Ongi etorri Bulano baserrira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 1a, 02:00

Gaur irekiko dituzte Bulano baserriko ateak. ‘Ongi etorri baserrira’ ekimenaren barnean, bisitariak hartuko dituzte, beste hogeita bat baserrietan egingo duten gisan.

Enba nekazarien sindikatuak jarri zuen martxan ekimena, duela hiru urte. Zortzi baserritako ateak zabaldu zituzten lehen urte hartan. Mikel Arteaga asteasuarra Enba sindikatuko kidea da, eta gertutik bizi izan zuen ekimenaren sorrera prozesua: “Hiriko jendeari baserria gertutik ezagutzeko aukera eskaini nahi genion; ez gaitzatela ikusi mendian bizi diren gizaki arraro gisa. Zer egiten dugun, nola lan egiten dugun eta gure egun bat nolakoa izaten den azaldu nahi genien. Azpisektore ezberdinetako zortzi baserri aukeratu genituen, ekimena martxan jartzeko. Esne-behiak, haragitakoak, txakolin ekoizleak, sagardogileak, baratzegintzakoak, txerri-hazleak, etab. Ekimenak arrakasta polita izan zuen, eta parte hartu zuten bisitariak oso gustura geratu ziren”.

Baserritarra, gida lanetan
Argi zuten baserrian zer egiten den azaltzeko pertsonarik egokiena baserritarra bera dela. “Kanpoko gida batek azalpen orokorrak eman ditzake, baina bisitarien zalantzak eta kezkak argitzeko, baserritarra bera izaten da egokiena. Ganaduak zer jaten duen, ukuilutik kanpora zein urte garaitan ateratzen diren…, egunerokoaren inguruko galdera asko egiten dituzte, eta gustura erantzuten ditugu”.  
Hiri edo herri handietako jendea izaten da, gehienbat, baserrietarako bisitetara animatzen dena. Oñatiko Eztenaga baserrian iaz egin zuten bisitan izan zen Mikel Arteaga, “eta gehienak hiri ingurukoak ziren; Bilbo, Ermua, Donostia, Gasteiz…, Oñati inguruko beste kuadrillatxo bat ere bazen. Bi bisitaldi egin genituen egun hartan; Eztenaga baserriko esne-behiak, eta Arantzazuko Gomiztegi baserria. Familia giroan etorri ziren gehienak; haurrekin egun-pasa egiteko asmotan”. Oso gustura hartu dute bisitariek esperientzia hori, eta asko izaten dira urtero errepikatzera animatzen direnak.

Bulanoko ateak, zabalik
Beste baserrietarako bisitak antolatzen eta laguntzen aritu izan da Mikel orain arte, baina aurten, bere baserriko ateak zabalduko ditu. Asteasuko Bulano baserrian bizi da Mikel Arteaga, eta aurten, lehendabiziko aldiz hartuko dute parte ‘Ongi etorri baserrira’ ekimenean. Esne-behiak dituzte Bulanon. “Orain arte, Irungo Lastaola baserriak eskaini izan du esne-behien azpisektorea ezagutzeko aukera. Aurten, uztailaren 1ean egingo dugu ate-irekien jardunaldia, eta herriko jaiekin batera egokitzen zaie. Horregatik, guk hartu dugu haien lekukoa. Goizeko 11:00tan hasi, eta ordu pare batez ibiliko gara ukuilua eta baserri ingurua ikusten eta ezagutzen”. Belardi eta paisaiak ere erakutsiko dizkie Mikelek. Izan ere, “paisaia ez da berez horrelakoa. Ganaduarentzako kalitatezko janaria egin ahal izateko moldatu du gizakiak. Gizaldi askotan zehar egindako lanagatik da gure paisaia den bezalakoa, eta hori azaldu nahi diet bisitariei”.

Galderei erantzunez
Egunean zehar egiten dituzten lanak azalduz ekingo diote bisitaldiari Bulanora gerturatzen direnek. “Goizean goiz jaiki, eta ia esnatu baino lehen hasten gara lanean. Behiak jetzi, jaten eman, oheak garbitu… Azalpenak eman eta ukuiluan barrena gabiltzala, jendearen zalantzak argitzen joango naiz. Orain arte ikusi ditudan bisitaldietan, gisa honetako galderak egiten ditu jendeak: behiak gaixotzen ote diren, ukuilutik ateratzen ote diren, zenbat esne ematen duten…, eta haurrek ere izaten zituzte euren zalantzak; ukuiluan ikusten dituzten txahalak behi izango al diren eta horrelakoak. Jendeak, orokorrean, oso gutxi jakiten du gure lanbideaz”. Euskaraz emango ditu azalpen gehienak Mikelek, nahiz eta ez duen eragozpenik gaztelaniaz galdetzen duenari bere hizkuntzan erantzuteko ere.
www.ongietorribaserrira.eus webgunean eman dute izena ekimenean parte hartu nahi izan dutenek. Bi egunetan antolatu dituzte bisitak; uztailaren 1ean eta 2an. “22 baserrik hartuko dugu parte. Zehaztua dago baserri bakoitzak gehienez zenbat bisitari har dezakeen eta gehienak bete egiten dira. Larunbatekoak aspaldi hasi ziren betetzen eta ostiraleko bisitaldiek ere izen-emate handia dute aurten”. Ekimena antolatzen den hirugarren aldia da aurtengoa, eta bisitari kopurua ikaragarri hazi da. Zortzi baserrirekin hasi ziren, eta dagoeneko hogeita bi baserri dira ateak zabaltzen dituztenak. “Hala ere betetzen ari dira. Urte garai polita da; eskola amaitu berritan, eguraldi onarekin, belazeak berde-berde direla…, plan polita da”.
Baserriko ateak zabaltzea ez da gauza berria. Mikelek azaldu duenez, “aktibitatea duen eta ganadua duen baserria beti egon izan da zabalik. Guk hala ezagutu izan ditugu; gauez ere, baserriko ateak beti irekita. Orain gauzak aldatzen ari dira pixka bat, baina baserriaren esentzia beti irekia izan da eta horri eutsi nahi diogu. Animaliekiko eta bertan bizi garenokiko errespetua azaltzen dutenek, beti izango dute gurera etortzeko eta gu ezagutzeko aukera”.

Elikadura, kezka
Elikadurarekiko kezka geroz eta handiago dela sumatu du Mikel azken urteotan. “Jaten duguna nola egiten den jakiteko gogoz dago jendea. Horrez gain, animaliei ematen zaien tratua ere askotan aipatzen dute. Haien zaintzaren inguruko galdera asko egiten dute”. Bisitariek askotan agertzen duten kezka da, Mikelek azaltzen duenez, esne-behiak erabat ukuiluan sartuta egotearena. “Modu horretan bakarrik berma dezakegu behiek ur garbia, elikadura egokia edota ohe garbiak dituztela. Gauza horiek azaldu egin behar ditugu”. Bisitariek askotan galdetzen diete baserritarrei, euren produktuak ekologikoak edo industrialak ote diren. Mikelen hitzetan, Bulanoko esnea ez da ez bat eta ez beste, “produktu tradizionala da, beti egin izan den bezalakoa”.

Esne-ekoizle
2800 litro esne ekoizten dute egunero Bulanon. Horretarako, 200 buru inguru dituzte; txahal, biga eta behi. Kamioia etorri, eta Kaikura eramaten du Bulanoko esnea, han produktu ezberdinak egin ditzaten. “Lau pertsona aritzen gara hemen lanean. Bada zuzeneko salmentan aritzen den ekoizlerik ere, baina lan eta antolakuntza handia eskatzen du horrek. Guk ekoizpen handia dugu eta nahiago dugu Kaikura eraman; horretarako prestatuta gaude”, azaldu du Mikelek.
Bisitaldiaren amaieran, etxeko produktuak eskaintzen dizkiete bertaratu direnei. Horrez gain, Euskal Herriko baserrietan ekoiztutako kalitatezko produktuez osatutako saski ederra ere zozketatzen dute. “Aho zapore gozoz joaten dira eta umeek ere ederki pasatzen dute zozketaren kontuarekin”.

Datorren urtean, berriz
Datorren urteei begira, ekimenari jarraipena emateko asmoa dute Enbako kideek. “Erantzun handia jasotzen dugu urtero, eta argi dago jendeak baduela baserriak ezagutzeko eta ikusteko gogoa. Euren iritzia eskatzen diegu, eta orokorrean oso positiboak izaten dira. Hori horrela den bitartean, jarraitu egingo dugu, noski”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!