Mikel Arregi, aurtengo Kandido

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko uzt. 1a, 02:00

Mikel Arregi gaztea izango da Kandido, Kaletxikiko jaietako pertsonajerik gorenena. Bizipen sakoneko egunak esperoan dauzka Arregik, izan ere ezkontzera baitoa larunbatean bertan. 
Protagonismo handia hartuko du mutilak beraz, baina lasai ikusten da, datorkionarekin gozatzeko prest. 

Zer moduz hartu duzu Kandido izendatu izana? 
Mikel Arregi:
Gustura. Ilusioa eragin zidan proposamenarekin hurbildu zitzaizkidanean, normala denez.
Badira ia hiru urte Kaletxikin bizi naizela, eta ez dakit ondo kaletxikitarra izatearen “ohorea” irabazi dudan, baina ahalik eta duintasunik handienarekin saiatuko naiz paper herrikoi hori betetzen. 
Nire familia Ama Kandida etorbidean bizi da, eta Buruntzako San Roke jaiekin batera, Kaletxikikoak dira gertuen sentitu ditugunak. Umetatik gurasoekin etorri izan naiz jaietara, eta gaztexeagotan, berriz, parrandaren bat edo beste egindakoa naiz.  

Jada ikasita al daukazu zein den Kandidok bete behar duen protokoloa?
M.A.:
Oraindik xehetasun batzuk azaldu behar dizkidate jai batzordekoek, baina badakit ostiralean eta igandean egokituko zaidala modu solemnean janztea; batik bat, jaietako bi ekitaldirik handienetan, Txikitxoekin batera jaien hasieran eta Soka-dantzan.   

Asteburu ahaztezin horietakoa daukazu zain, ezkontzera zoazela kontuan hartuta… Urduritasunik ez?
M.A.:
Ez gehiegi. Pregoia egiteko oholtzara igo behar da, eta orduan jarri naiteke urduri beharbada, baina tira, Kandidori ez dagokio konferentzia sakon bat eskaintzea, eta horrek lasaitu egiten nau. 
Azken batean, gizakiek jaiak gozatzeko eta ondo pasatzeko sortu izan dituzte, eta filosofia horri eusten diot nik behintzat; egoerei transzendentzia kentzen laguntzen dizu pentsamendu horrek.

Zer daukazu pentsatua esatea pregoian? Zerbait aurreratzeko moduan al zaude?
M.A.:
Laburra izango naiz. Besteak beste, Ontza elkartearen urteurrena hartuko dut ahotan, eta lehen esan dudan bezala, aurrean dagoen entzuleei gogoraraziko diet jaiak gure ongizatearen zerbitzura daudela.

Jaietako programaziotik, zein ekitaldi duzu gogokoen?
M.A.:
Jai hasiera, esaterako. Kandido eta Txikitxoen pertsonajeek badaukate aparteko xarma. Ez dago antzekorik Andoaingo gainerako jaietan, eta Kaletxikiko jaiei nortasuna ematen diotela esango nuke. Larunbatari dagokionez, sagardo txapelketa nabarmenduko nuke, bere inguruan sortzen duen giroagatik. Igandeari begira, berriz, arratsaldeko desafioa egiten zait erakargarriena; aurreneko urteotan parte hartzeko aukera eduki nuen, eta oso ideia polita iruditu zitzaidan, ekitaldi ikusgarri eta lehiatsu baten inguruan jendea erakartzea lortzen baita. Kaletxikiko jaiek azken urtetan eduki duten asmaziorik indartsuena izan da. Gainera, egoera berrietara aldatzen jakin izan du, auzoen arteko lehia planteatuz iaztik hona. 

Zer esango zenieke Aiurriko irakurleei auzora hurbil daitezen datorren asteburuan?
M.A.:
Ziurtatuta daukala entretenimendua eta gozamena, jai egitarauak denerako ematen baitu. Batik bat Andoaingo auzorik urrunenean bizi direnei luzatuko nieke gonbidapena: Kaletxikikoak ere joan ohi gara haien jaietara, gertukoak sentitzen ditugulako eta badakigulako ondo pasatuko dugula. Ea eurek ere berdin jokatzen duten! Ez dira damutuko!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!