Azeriak triskantza egin du Goiburu aldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 30a, 02:00

Azeriak triskantza egin du Goiburu auzoan, aurreko egunetan. Zehazki, Istuitza txiki etxean 47 oilasko eta oilanda akabatu zituen larunbat gauean. Jabeak adierazi duenez, ez da lehenbiziko aldiz gertatzen dena; ondoko baserriek ere jasan izan dute azeriaren bisitarik lehenago ere.

Renfeko trenbidez bestalde, Ortzaikako bidean dagoen oilategira sartu zen azeria. Lurra harramazkatzen ibili, sartzeko moduko zuloa egin eta sarearen azpitik pasa eta gero, bertan ziren 47 oilasko eta oilanda hil zituen; lepoa moztuta utzi zituen horietako zenbait. Hilabete terdikoak ziren, oilalokekin jaiotakoak.

Azeria ibilia da orain aurretik ere inguruko baserrietan; hala nola Ortzaikan, Artolanean eta Bekaiztegin. Larunbat gauean azeriak hil dituen oilasko eta oilanden jabeak adierazi duenez, azeriak gero eta gehiago ari dira gerturatzen herri guneetara. Behin, beste azeri bat etxe barruraino sartu omen zitzaion, eta makilkada batez akabatu behar izan omen zuen.

Usaimen eta entzumen fineko animali haragijalea da azeria, eta ehizarako daukan instintuari erantzuten dio oiloen aurka egin ohi dituen triskantzak, nonbait.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!