Hotzikararen kronikak, tortura hizpide duen liburua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 30a, 13:59

Berriki Aritza elkarteak aurkeztutako ‘Hotzikararen kronikak’ liburuaren egile Esti Amenabarro eta torturak jasandako Lander Etxeberriak, torturak Amasa-Villabonan izandako bideaz hitz egin dute.

Nola sortu da ‘Hotzikararen kronikak: Tortura Amasa-Villabonan 1960-2011’ liburua?

Esti Amenabarro: 2012 urtean Euskal Memoriaren Fundazioa Aritza elkartearekin harremanetan jarri zen eta Euskal Herriko gainerako herrietan bezala, Amasa-Villabonako datuen bilketa egitea proposatzearekin batera, datu-base bat eskaini zigun. Guk datu-base hori egiaztatu egin genuen, zehaztuta zeuden datuak errealak zirela ziurtatu. Bi elementu hartu genituen kontuan: 1960tik 2011ra, Euskadi Ta Askatasunak su etena iragarri arteko epean gertatutako operazio polizialak batetik, eta tortura kasuak bestetik. Banan-banan horiek konprobatzea eskatu ziguten eta hiruzpalau pertsonako lantaldeak, fitxatan jasotako datuak zuzenak ote ziren aztertu genuen 2012-2013 urteetan zehar, falta ziren datuak gehituz eta osatuz. Euskal Memoriaren Fundazioak gerora, ‘Oso latza izan da’ liburua aurkeztu zuen Villabonan bertan eta baita egiaztatutako datu guztiak biltzen dituen DVDa ere. Guk enkargu moduan egin genuen lan hori, baina liburuaren aurkezpena Villabonan egin zenean, herritar talde batek eta tortura jasan zuten hainbat pertsonak, ‘Oso latza izan da’ liburuaren bertsio herrikoia egitea proposatu ziguten. Aritza elkarteko kideok ekarpena jaso eta orduan memoria historikoko lanekin bete-betean ari baginen ere, iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak tortura lantzeko kaleratu zuen proiektuen deialdira aurkeztu eta liburua egiteko laguntza jaso genuen. 

Harreman handia dugu Paco Etxeberria mediku-forentsearekin, aurrez Amasan deshobiratzeak egiten aritu ginelako nahiz gure proiektua gertutik jarraitu eta asko lagundu digulako. Hainbat ekimenekin aurrera egitera animatu gintuen eta bere aholkuengatik, herritarren artetik jasotako babesagatik eta Foru Aldundiak eginiko deialdi hartan ondo txertatu izanagatik atera da lana aurrera.

Zein emaitza jaso duzue Amasa-Villabonan?

E.: Dokumentatuta dauzkagun 144 atxiloketa kasu egon dira Villabonan eta zehaztu gabeko beste bi. 144 atxiloketa horietatik, tortura salaketen 88 kasu dauzkagu. Istanbuleko protokoloan eta egun Paco Etxeberria egiten ari den lanean oinarrituta, funtzionario publiko batek, erakunde publiko baten egoitzan pertsona baten aurka egiten duen min fisikoa da tortura. Hori hala jasota dago nazioarteko legedian eta horri, ia kasu guztietan, erakunde edo militante politikoen aurka izaten dela gehitu behar zaio; disidentziari aurre egiteko estatuak sistematikoki egiten duen praktika, alegia. Kontuan hartzen da salaketarik egon den edo ez. Baina muga hori nahiko lausoa da, jende askok, beldurragatik ez baititu epailearen aurrean torturak salatu. Guk liburuan aurkeztu ditugun 88 kasuetatik guztiak epailearen edota abokatuaren aurrean egindako salaketak dira. Pertsona horiek, mugimendu politiko ezberdinetan antolatuta egon dira kasurik gehienetan eta funtzionario publiko batek uneren batean jo egin dutela edo psikologikoki tratu txarrak eragin dizkiela salatu dute. 88 kasu horietatik 64 pertsonak sinatuta daukate tratu txarrak jaso izana, herritar batzuek behin baino gehiagotan jaso baitituzte torturak. Ramon Larburu billabonatarrarena da liburuan jasotzen den lehen kasua eta Lander Etxeberriarena, azkena. Ramon eta Lander historia baten hasiera eta bukaera dira. 88 kasu horien artean ez badago ere, Joxe Arregi zizurkildarraren kasua aipatzen da liburuan, bai testigantzetan eta bai kontestualizazio politikoan ere; ingurukoa zelako eta gertaera hark markatu egin zuelako.

Lander Etxeberria: Zenbakiak aterata, Villabonako biztanlegoaren 1’5 izan da torturatua. Euskal Herri mailan 10.000 kasu ari dira aztertzen eta dagoeneko 5.000 dokumentatu dituzte. Villabonan egin den lana beste herri guztietan egingo balitz, 30.000 tortura kasu behintzat aterako liratekeela esango nuke.

E.: Liburu hau torturarik jasan ez dugun pertsonok egin dugu, nolabait ere aitortza egin nahi genielako jasan dituzten kideei eta baita ere, zama horrekin bizi diren pertsonek batzuetan entzutea beharko luketela badakigulako. Enpatia hori lantzeak egoera naturalizatu eta gerturatu egiten gaitu errealitate horretara. Mina kentzen ez badu ere, baretu egiten du.

 

1960 urtetik aurrera abiatu zarete liburuan…

E.: Aurreko lanetan frankismo garaiko tortura aztertu dugu eta oraingoan 1960 urtetik aurrera abiatzen garen arren, argi dago tortura ez dela urte horretan hasten. Tortura sistematikoa da, hor dago eta estatuak euskal disidentziaren nahiz errepublikanismoaren aurka ere erabili izan du. Ziklo osoa ixteko dena kontatu behar zela ikusten genuen eta hortxe zegoen tortura ere. Liburu honek gerra garaitik hasita daukagun errelatoaren zikloa ixten duela uste dugu. Gerraurrea, gerra eta gerra ondorena aztertu ditugu aurrez eta oraingo lanak, ustezko trantsizio demokratikoa eta horrek ahalmendu duen torturari bere kontestua ematen dio. Denok dakigu gutxi gora-behera herrian zeintzuk izan diren torturatuak. Bestalde, bagenuen lan hau osatzeko beste arrazoi bat; izan ere, gehien atxilotu eta torturatu duten pertsona billabonatarra baita: Joxe Mari Olarra.

 


Lander Etxeberria

Amasa-Villabona

 

“Kontatu beharra zegoen”


 

Liburuan bere tortura kasua kontatzeak sentimendu kontrajarriak sortzen dizkiola aitortu du Lander Etxeberriak, bi aldiz atxilotuak eta bigarren txandan torturak jasandako billabonatarrak. “Kontraesankorra da. Alde batetik, kontatzeak, kontatzaileari eta entzuleari onurarik ekartzen ez diola pentsatzen duzulako eta herri batek ezin baitu bere bilakaera amesgaizto baten arabera gauzatu, amets baten arabera baizik. Baina era berean, isilik geratuz gero, torturak eta torturatzaileek inpunitatean jarraituko dutela pentsatu eta kontatu beharra dagoela jabetzen zara”. Torturari lotuta, kasu zehatzen eta torturen modalitate ezberdinei buruz baino, inplikazio ezberdinez hitz egin behar dela dio, “ulertu behar baita tortura ez dela lau eroren kontua izan. Gorputz polizial ezberdinak goitik behera sartuta egon dira eta neurri berean, botereko estamendu guztiak: politikoa,  judiziala… Bestela ezingo zatekeen tortura mantendu”. Landerren ustez, informazioa eskuratzeaz gain, disidentzia eta sistemari aurre egiten dion sektore politiko edo gizarte oso bat beldurtzeko eta loturik mantentzeko landu izan da tortura, ohartarazpen modura. “Nik uste estatuak asmatu egin duela oreka hori mantentzen. Alde batetik tortura ezkutatu egin behar zen, ezin zen frogarik utzi –eta oso gutxitan utzi dituzte–, horretarako baitzegoen inkomunikazioa. Baina era berean, eurak izan dira basakeria ohartarazpen moduan erakutsi nahi izan dutenak”, adierazi du. Herritarrek, oro har, torturari buruz ez hitz eginagatik, inor gutxi ausartuko litzateke, bere ustez, tortura existitzen ez dela esatera.

 

Tortura, sistematikoa

Intentsitate mailan torturari dagokionez inolako desberdintasunik egon ez dela azaldu du Etxeberriak, Espainiako gobernutik igaro diren presidente guztien garaian, torturek intentsitate berdinarekin jarraitu dutela. “Neurri batean, torturen gaia zama bat bada espainiar estatuarentzat, internazionalki nekez kontsidera baitaiteke estatu bat demokratikoa, giza eskubideen urraketa sistematikoa egiten duenean eta Euskal Herriaren kontrako tortura sistematikoa izan da”. Oso kalitate eskaseko demokraziatzat jotzen du elkarrizketatuak espainiarra, alor guztietan. “Begiratu besterik ez dago torturengatik kondenatu dituzten polizia gutxiak urtebetera indultatu egin dituztela. Lasa eta Zabalaren kasua, esaterako, harrigarria da. Hirurogei urteko kondenak bazituzten ere, hiru urtera ez zegoen haietako inor espetxean. Joxe Mari Olarra eta bere anaiak torturatzaileak epaitegira eraman eta haien aurkako kondena lortu zuten lehenak izan ziren, baina hamar hilabetera indultatu egin zituzten polizia guztiak. Estamendu politikoaren inplikazioa oso garbia izaten zen; zerbitzari leihalak ez zituzten alboratzen, aske utzi baizik”. Epaileen jarduna ere harrigarria iruditzen zaio, “haien aurretik milaka eta milaka herritar txikituta igaro baitira, sekulakoak pasata eta epaileei bost inporta izan zaie guztia. Epaile eta poliziaren arteko adiskidantza estu horren izena tortura da. Komunikabideak eta eliza gertaera hauen aurrean isilik mantendu dira”. Era berean, EAJ-PNVk tortura isiltasunean mantendu duela salatu du, tapatu egin duela. “PNV torturarekiko daukan erantzukizunaz oso kontziente dela uste dut eta hain dela kontziente, Villabonako Udala liburuaren aurkezpenera joateko gonbidatu arren, ez zela agertu. Ez azaltzearekin, euren ardura edo inplikazio maila erakusten ari dira nire ustez”. Ardura politikoak bideratzen jakin behar dela dio. “Batzuk oraindik bidea edukiko dugu egiteke, baina beste batzuei askoz ere bide luzeagoa geratzen zaie. Ez dut uste borondaterik dagoenik”.

 

Beldurra

Tortura jasan duenari, pasatakoa sekula ahazten ez zaiola adierazi du Lander Etxeberriak. “Nire kasuan lokartuta dago orain oroimen hura, baina ez ahaztuta. Orain, liburua egiterakoan azaleratu egin zait berriz ere, baina pertsonalki ez daukat inolako ondorio nabarmenik. Beldurra bai, ordea. Berriz ere hortik pasatzeko beldurra. Eta beldur horrek eragotzi egiten du bizitzan hainbat gauza naturaltasunez egiten”. Torturak beti oso-oso gertutik jarraitu duela sentitzen du Landerrek, baina zorteko izan dela dio. “Nik 48 ordu pasa nituen inkomunikatuta, ez dut imajinatu nahi 120 ordu zer izan daitezkeen. Intentsitatean, %95ak nireak baino tortura kasu gogorragoak jaso dituela kontsideratzen dut. Niri bi tortura saio egin zizkidaten eta nire ondoan zegoenari zazpi behintzat bai. Alde horretatik zortedun sentitzen naiz, baina noski, badakit beste askok ondorioak bizi-bizirik dituztela”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!