Xabier Saldias Egan taldeari lotuta dago, bata eta bestea bereizi ezinak direlako. 1970ean Urolan abiarazi zuten musika taldea, eta lehen hamarkada haietan puntako taldea izatera iritsi ziren. Jendetza mugitzea lortu zuten, baita disko ugari saltzea ere. Eurek aitortu bezala, “Aitzindariak izan ginela esan genezake, ordu arte txistua eta trikitixa bakarrik ziren euskaldunak, eta gu gitarra, teklatu eta bateriarekin beste erromeria mota bat jorratzen hasi ginen; rocka, baltsak, rantxerak…, denetik jotzen hasi ginen”. Gaur egun jaietako animatzaile dira gehiago, haur eta familiei bideratuta, eta plazak ez zaizkie falta.