Zizurkilgo palista bikainak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 30a, 02:00

Palan dabilen neska talde polita dago Zizurkilen; Itxaso Erasun, Janire San Sebastian edota Leire Perurena, besteak beste, astero biltzen dira Intxaur pilotalekuan.

Esku-pilotan hasi zuten kirol ibilbidea Janire San Sebastian eta Itxaso Erasunek. Artean umeak ziren, eta “mutilen aurka lehiatzen ginen. Adin batetik aurrera, ordea, zailagoa zen haien aurka jokatzea, indar kontuagatik. Palan hastea proposatu ziguten, eta aurrera egitea erabaki genuen. Talde polita osatu genuen, eta horretan gabiltza orain ere, gustura”, azaldu du Janirek.
Leire Perurena, berriz, ez zen esku pilotan aritu, “zuzenean proposatu zidaten palan hastea. Niretzat gauza berria zen frontoian aritzea, eta froga egitea pentsatu nuen. Ni ere gustura nabil, eta zaletasunari eusteko gogoz”. Uda honetan ingelesa ikasten ariko da Leire, atzerrian, eta ez du pilota txapelketatan parte hartuko, baina itzuleran lehiara itzultzeko asmoa du gazte zizurkildarrak.

Pala saioa eta teknifikazioa
Astean bi entrenamentu saio egiten dituzte zizurkildarrek. “Lau neska elkartzen gara palan aritzeko. Astean behin Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan egiten dugu saioa eta Irurako trinketera ere joaten gara, teknifikazioa egitera. Duela bi urte hasi ginen Irurako saio horietara joaten eta oso ondo etorri zaigu” azaldu du Itxasok.
Hamabost urte ditu Leirek, eta jubenil mailan lehiatzen da, helduen aurka aritzen dira, ordea, Itxaso eta Janire. “Helduen mailan bi kategoria daude, eta gu bigarrenean aritzen gara”, azaldu dute. Azarotik martxora izaten dituzte partida gehien, “orduantxe ospatzen baita pala denboraldia. Udan, berriz, txapelketak izaten ditugu”. Txapelketa gutxi antolatzen dela jakinarazi dute, ordea: “Herrietako jaietan izaten dira, gehienbat, baina zaila da horien berri izatea. Guk mugitu behar izaten dugu batetik bestera, txapelketen berri izan eta parte hartu ahal izateko. Dagoeneko baditugu batzuk buruan”, azaldu dute. Horrez gain, Emakumea pilotari ekimenean ere parte hartzen dute zizurkildarrek: “Euskal Herri osoko kirolariak elkartzen gara bertan, eta oso giro polita egoten da”.

Bikoteak
Maila onean ari dira Janire, Itxaso eta Leire. Bikotea osatuta aritzen dira maiz Janire eta Itxaso, baina ez da beti hala izaten. “Txapelketa askotan, antolatzaileek osatzen dituzte bikoteak. Guk biok urte asko daramatzagu elkarrekin jokatzen, eta oso ondo ezagutzen dugu elkar, baina beste bikoteekin aritzen ere ohituta gaude”. Ataria txapelketan aritu da Itxaso azken asteotan, eta finalerako txartela ere lortu zuen.
Askotan entzun izan dute palan jokatzea ez dela kirol zaila edo neketsua, eta hiru neskak ez daude, inondik inora ere, ados. “Hasi arte, erraza dela iruditzen zaio jende askori. Gauza asko dira, ordea, kontuan hartu beharrezkoak eta ahalegin fisikoaz gain, bere alderdi teknikoa ere badu. Froga egiten duena berehala konturatzen da ez dela uste bezain erraza”, azaldu dute.

Ikusle gutxi
Ikusle gutxi joaten zaie partidetara animatzera: “Horretara ohituta gaude. Oso jende gutxi gerturatzen da pilotalekuetara emakumeen partidak ikustera. Lagunak eta etxekoak etortzen dira tarteka, baina ez da jendetza handiak mugitzen dituen kirola”. Pilotalekuren bat aukeratzekotan, Zizurkilgo Intxaurren aldeko hautua egiten dute hirurek ere. “Ordu asko pasa ditugu bertan, eta oso ondo ezagutzen dugu. Lasaitasuna ematen digu bertan jokatzeak”, azaldu du Leirek. “Hala ere, ikusleen artean jende ezaguna egoteak presio pixka bat eransten dio jokoari batzuetan. Urteen poderioz, urduritasun hori mendean hartzen ikasten da, baina ez da beti erraza izaten”, gaineratu du Janirek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!