Jaiak amaituta, lanak hasiko dituzte Kaletxikin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 30a, 02:00

Bi eraikin botako dituzte eta Goikoplazaraino ur hoditeria sarea berrituko dute. Lanei jaiak amaitu eta berehala ekingo diete. Udalak argibideak eman zituen Berrozpen, auzotarren aurrean. Bideoa eskegi dute.

Datorren astelehenean eraikin zaharrak eraisteari ekingo diote, jaiak amaitu eta biharamunean.

Jaiak amaitu eta bereahala hasiko dira lanak auzunean. Lehen egunetan Kaletxiki 28 eta 30 zenbakidun eraikinak botatzeari ekingo diote, eta uztailaren erdialdera Goikoplazarainoko bidea irekiko dute ur hoditeria sare berria sartzeko. Bi lan horiekin auzuneko eguneroko bizitza eraldatuko da, hiru hilabeteko epean. Bitartean ibilgailuen joan-etorrirako, aparkatzeko edota zaborrak botatzeko bizilagunek ohitura berriak hartu beharko dituzte. 
Asteartean Andoaingo Udalak bi bilera deitu zituen, lehena merkatariekin eta bigarrena auzotarrekin. Azalpenak eman eta gero, auzotarren kezka nagusiena ibilgailuen ingurukoa zen. Udalak udan Berrozpe ikastetxeko jolastokian eta Goikoplazan aparkatzeko aukera eskainiko du. Eta trenbide ondoan eraitsiko dituzten eraikin horiek garbitu eta gero,  lur azalera horretan ibilgailu gehiago uzteko aukera aztertzen ari dira.
Ur hoditeria hiru fasetan berrituko dute, ahalik eta eragozpen txikiena eragiteko.
Lanekin hasi aurretik, jaiak ospatuko dituzte asteburuan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!