EAJko Maite Izagirre, Amasa-Villabonako alkate berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 28a, 02:00

Ekainaren 13an Iban Agirrek bere alkate kargua utzi ondoren, ekainaren 27an izendatu zen Amasa-Villabonako alkate berria. Aurrerantzean EAJko Maite Izagirrek beteko du ardura hori.

[Argazkiak] Kronika:

Kargua hartu ondoren, hitza hartu zuen alkate berriak eta lehenik eta behin eskerrak eman zizkion bere alderdiari “betidanik nire alderdia izan den Euzko Alderdi Jeltzaleari, urte luze honetan etengabeko konfiantza emateagatik eta bereziki, azken egunotan, mugagabeko laguntza eta babesa eskaintzeagatik”. Era berean, eskerrak eman zizkien Udal aretora hurbildutakoei; aldez aurretik, bere familiari, aurrerantzean izango duten pazientziagatik eta eskerrik sentikorrena, azken orduetan animo zintzoak eman zizkioten amasar eta billabonatar guztiei. Lehen sentimendua harrotasunezkoa zela adierazi zuen, hurrengo urteetan beti berea sentitu duen herri txiki bezain handia ordezkatuko duelako, “Errebote plazan bertan jaio nintzela esan daiteke”. Harrotasuna bai, baina harrokeria gutxi nabarmendu zuen, garbi daukalako alkate baten ezaugarri nagusietako bat apaltasuna eta umiltasuna izan behar dela. “Hitz egin bai, baina bereziki entzun, entzun beti herritarrei, haien ordezkaritza besterik ez delako alkatetza eta herriak duelako edonon eta arlo guztietan azken hitza”.

Hurbiltasuna eta lankidetza

Ardura eta erantzukizunaren sentimenduak ere bizi zituela nabarmendu zuen, esku artean dituzten erronkak ez direlako makalak eta Amasa-Villabonako etorkizuna helburu, erronka horiek, denon artean, modu egokian gainditu behar direla esan zuen. “2015ean, Udal hauteskundeak irabazi ondoren, EAJk konpromiso zuzena hartu zuen: aurreko legealdian garatutako inposaketaren kultura ezabatu eta elkarrizketa eta akordioa ardatz nagusi dituen kultura politiko berria eraikiko genuela. Konpromiso horren emaitza baikorrak begibistan daude: talde politiko guztiek osatzen dugu gobernu batzordea eta zaborren kudeaketari buruz akordio baliotsu eta iraunkor bat lortu da. Nik gaur, Amasa-Villabonako areto nagusi honetan, gizartearekin dugun itun hori berretsi nahi dut irmoki: akordioa eta negoziaketaz baliatuz, inposaketa ez dela legealdi honentan Udal politikaren tresna izango”. Erronka guztien artean, bakean eta giza eskubide guztien errespetoan oinarritzen den bizikidetza landu eta sendotu behar zela nabarmendu zuen, “askatasun guztiak, eskubide guztiak unibertsalak direlako, horretan nire indarrak jarriko ditudala hitz ematen dizuet. Ez naiz politikari profesionala, baina garbi dut helburu horiek lortzeko zeintzuk diren erabili beharreko tresnak: hurbiltasuna eta lankidetza".

EH Bilduren erantzuna

EH Bilduko Nora Urbizuk alkatearen hitzak entzun ondoren, hemendik bi eta hiru urtera arrazoi ematea espero zutela erantzun zion. “Azken urteetan, ordea, Amasa-Villabonako herrian eta bertako Udal esparruan hainbat egoera absurdo ikusi dugu. Gobernu irekia aldarrikatu duzue behin eta berriz, herritarrei hitza kentzen diozuen une berean. Desgobernuaren adibide gehiago ezagutzen dira legealdi motz honetan gestio ona eta eredugarriarenak baino. Herri egitasmo eta proiekturik gabe, etengabeko inprobisazioan. Herri honen etorkizuna zintzoki lantzeko estrategia gabezia eta ezgaitasuna ikusten aritu gara. Guk EH Bildutik oposizio eraikitzailea egingo genuela esan genuen orain dela urtebete eta eraikitzailea izatea da hau desatre bat izan dela onartzea ere. Eta desastre honek herritarrak etengabe zigortu dituela”. EH Bilduren helburua herritarrekin lan egitea dela adierazi zuen Norak eta hor ez dutela erreparorik izango. Amasa-Villabonak, pertsonak erdigunean jarriko dituen politika sozial aurrerakoiak behar dituela esan zuen, “herri mugimendua eta Amasa eta Villabona herri bizi egiten dituzten eragile eta elkarteak begirunez tratauko dituen Udal gobernua behar dugu eta ez oraingoa, etengabe zailtasunak jartzen dituena, herriko jaiak ere kolokan jarriz. Ekonomia herritarren mesedera jarriko duena eta ez alkate izan aurretik poltsikoak betetzea helburu duena”. EH Bilduk ez zuen Maiteren alkatetza babestu eta babestuko ez duela iragarri zion hautagaitza horrek ez dituelako Amasa-Villabonako errealitate sozial, kultural eta politikoa aintzat hartzen, “etengabeko krispazioa eta haserrea eragiten jardun duzue urtebete honetan eta Udal gobernu batek bere buruaren errebisioa egin eta zintzoki jokatu beharko lukeela uste dugu. Gure konpromisoari eutsiko diogu, herritarrekin eta herritarrentzat lanean aritzeko baikaude. Ateak zabalik ditugu”.

PSE-EEren erantzuna

PSE-EEko zinegotzi Maria Luisa Arijak, bere aldetik, alkate berriak lan ondo egingo duela eta Udala ongi bideratuko duela iritzita eman zion aldeko botoa, “aurreko alkatetzan akatsak izan badira ere, aurrera ateratako egitasmoak ere izan dira. Aurreko legealdian ere egin ziren hankasartzeak, baina hau ez da arazoak gogoratzeko unea, bihartik aurrera lanak ondo egitekoa baizik”, adierazi zuen.

Soldataren inguruko eztabaida

Batzarreko hirugarren puntua, ‘kargua erabateko dedikazioz beteko duten udalkideen ordainen erregimena onartzeko proposamena’ zen eta batzarraren aurreko astetik kalean ahoz aho zebilen gaia zen, alkate berriak 52.000 euroko soldata eskatzen zuela jakin zenetik. Gaia lantzeko garaia iritsi zenean, alkate berriak gaia hurrengo batzordean eztabaidatzeko uztea proposatu zuen, arrazoi pertsonalengatik zinegotzi guztiak batzarrera gerturatu ezin izan zutelako. Batzar aretora gerturatutako herritar ugari kexu azaldu zen erabaki horren aurrean eta Nora Urbizu zinegotziak hartu zuen berriz ere hitza, gure herrian, egoera latzak, larriak eta oso gogorrak gertatzen ari direla esanez, “gure bizilagunen etxeetan, eskoletako jangeletan, koadrilan, familian… Baina zuk 52.000 euro irabazi nahi dituzu eta erabaki hori alkate izan aurretik hartu duzu. Lotsa sentitu beharko zenukete zuk eta taldeak. Zure hitzetan politikari profesionala ez zarela aipatu duzu, baina soldata bai, soldata profesionala da. Oso grabea iruditzen zaigu eta behar den leku guztietan publikoki salatu egingo dugu egoera hau, onartezina iruditzen zaigulako”. EH Bilduko Arantxa López zinegotziak ere, bide beretik, soldataren inguruan PNVk egindako proposamena lekuz kanpokoa zela salatu zuen eta gaizki aholkatu zirela gaineratu, 18.000 biztanle dituen Tolosa bezalako herri handiagoetan ere alkatearen soldata baxuagoa delako. “Ez dut uste erabaki egokia denik eta arazoak ekarriko lituzke aurrera begira”, adierazi zuen. Beste hainbat gai ere landu zen batzordean, tartean PSOEko Maria Luisa Arija zinegotziak, pertsona helduen bizimodua hobetze aldera, Euskadilagunkoia sarea abian jartzeko mozioa aurkeztu zuen. EH Bildu abstenitu egin zen bozketan eta Arantxa Lópezek, joan zen udazkenean “kendu zuten arte” Ibilian programa bizirik zegoela –oso parte hartze handiarekin– eta Santiago egoitzan ere hamaika ekimen antolatzen zela gogorarazi zuen. “Lehen martxan zegoen eta oso ondo funtzionatzen zuen programa bati izena aldatu nahi diozue, lehen egindakoa gutxietsi eta beste zerbait berria egiten ari zareten itxura emanez. Ez diogu zentzurik aurkitzen”. Tentsio uneak izan zituen batzarra, herriko gazte batek “Violencia es no llegar a fin de mes” aldarriarekin amaitu zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!