GERTUTIK
- Zer moduz moldatzen zarete herriko festetan lanean?
- Lan erritmoa biziagoa izango da. Zein da zuentzat unerik gogorrena?
- Lan egiteaz gain, festetako ekintzaren batean murgiltzen al zara?
JON OTAEGI
Iturri Ondo jatetxea
- 30 urte daramat langintza honetan eta ez dit eragozpenik sortzen festetan lan egin beharrak. Baina nik bakarrik guztia egitea posible ez denez, lantaldea behar dut eta zailagoa izaten da festetan taldea osatzea. Denborarekin, gazteek asteburu eta jai egunak lanetik saihestu nahi dituztela konturatu naiz. Hainbeste urte eta gero, bizitzeko era bat da niretzat nire lana. Hala behar, bestela aspaldian utziko bainuen.
- Biziagoa baino, tentsio handiagokoa esango nuke. Sanpedroetan, taberna nahiz jatetxearen ardura bideratu eta hornitzaileen gainean egoteaz gain, festetako kanpoko hainbat ekitalditan ere erantzun behar izaten baitugu. Erritmoari eusten badiogu ere, tentsioa handiagoa izaten da eta desgastea sortzen du horrek.
- Ez dut festarako denborarik izaten. Gaztea nintzela, pilota partidetan parte hartzen nuen eta gauez ere ateratzen nintzen pixka bat. Baina gero eta ardura gehiago hartu, denbora gutxi izaten dut festarako. Lanean zentratzen naiz.
BEGOÑA MUJIKA
Kabela kafetegia
- Barraren bestaldean gustura aritzen gara lanean. Festetan pozik ikusten da jendea eta poz hori transmititu egiten denez, pozik aritzen gara gu ere. Momentu batzuetan, jende asko batera etortzen denean, estuasuna ere sentitzen dugu. Baina haiek gustura badaude, gu ere bai.
- Normalean baino jende gehiago etortzen da festetan, bertako nahiz kanpoko. Batzuk, festen aitzakian, baita herria ezagutzera ere. Eguerdia edota ekitaldi baten ondorena izaten da momenturik gogorrena; denak gose eta egarri etortzen baitira orduan.
- Ez naiz izatez asteasuarra. Senarra eta seme-alabak bertakoak direnez, ni baino parte hartzaileagoak dira. Lan egitea, festan ibiltzea baino gehiago egokitzen zait Sanpedroetan, baina plazan trikitixa entzuten badut, dantza saioa egitera ateratzen naiz, baita seme-alaben emanaldiak ikustera ere.
OLAIA ARANBURU
Patxine jatetxea
- 16 urteak betez geroztik, Sanpedro festetan lanean aritu izan naiz beti eta dagoeneko ohituta nago horretara. Parrandatxoren bat egiten dugu tarteka, baina lanean ordu asko igaro behar izaten dugunez, lan egin eta gero deskantsua eskatzen du gorputzak.
- Festetan laneko erritmoa biziagoa izaten da, asteburuko eguerdietan bereziki. Baina, afariak hasi eta bukatu arteko garaia izaten da gogorrena niretzat, askotan afari bukaerako kafeak tabernan parrandan dabiltzanekin batera egokitzen baitira. Indartsu abiatzen ditugu festak, baina egunak aurrera joan ahala, nekea handitzen joaten da.
- Koadrilen bazkarira urtero joaten naiz, baina kalejira hasterako etortzen naiz lanera. Ez dut ekintzetan parte hartzeko denborarik izaten, nahikoa lan izaten baitugu tabernan eta jatetxean.