Etxean bertan musika banda osatzeko osagai paregabeak dituzte, beraz. Etxetik datorkie musikarekiko zaletasuna, hiru belaunalditan zehar gutxienez, etenik izan ez duena. “Amak pianoa irakasten zuen etxean eta pianoaren inguruan hazi eta hezi gintuzten anai-arrebok txiki-txikitatik”, adierazi du Xabinek. Belarria lantzen eta musikarekiko irrika pizten lagundu zieten umetatik jasotako piano doinu haiek. Umetan hasi zen Xabin solfeoa ikasten eta 7 urterekin txistua jotzen ikasteari ekin zion; 19rekin, berriz, zeharkako flautari. “Gerora utzi egin nuen flauta eta orain berreskuratu dut berriz ere. Ondorioz, musika-tresna jotzen ikasi eta, ikasketak edo beste arrazoiren batzuengatik, uztea erabaki duten seme-alaben aurrean ez arduratzeko esango nieke gurasoei. Oinarria badutenez, aurrerago ere eutsiko diotela hala nahi dutenek”. Xabinek umetan Andoaingo bere etxean jasotakoa, bere seme-alabekin partekatzen du egun eta, aita bezala, hiru seme-alabak ere oso musika zaleak dira.
Marijuliri eskainitako
emanaldia gogoan
Musika tailer eta solfeo eskolak jasotzearekin batera, 8 urte zituela hasi zen Izarbe biolina jotzen ikasten. Andoaingo Bastero musika eskolako ikasketak bukatuta, Donostiako kontserbatorioan ari da egun eta izugarri gustatzen zaio bai entsegatzea eta baita emanaldietan parte hartzea ere, “momentuz zaletasun gisa ikusten dut, baina ikasketak bukatutakoan, biolina irakastea gustatuko litzaidake etorkizunean”, adierazi du. Iñaki anaia, Bastero musika eskolan ari da, baina Donostiako kontserbatoriora pausoa ematekotan da epe laburrean. Pianoa eta bateriaz gain, gitarra elektrikoa jotzen ikasten ari da aurten eta etorkizunean ingeneritzako ikasketak egitea gustatuko litzaiokeen arren, argi du musikarekin lotuta ere zer edo zer egin nahiko lukeela. Iosu da etxeko txikiena eta klarinetea jotzen ikasten ari da. Berriki, Andoaingo Bandako kideekin batera kalejiran hartu du parte, gaztetxotatik kaleko girora egokituz.
Etxean euren kabuz jotzea atsegin dute eta baita laurak batera aritzea ere, nahiz eta ordutegiak bateratzea nahiko zaila egiten zaien. Joan zen maiatzean, Larramendi Bazkunak antolatuta, Marijuli Azkueren oroimen ekitaldian aritu ziren laurak batera. “Gustura aritu ginen. Emanaldi berezia izan zen guretzat, gure laguna baitzen Marijuli”, azaldu du Izarbek. Basteroko Piano jaialdian ere, emanaldi goxoa eskaini zuten laurek batera.
Festetarako gogo biziz
Sanpedro festak iristeko gogoz daude laurak ere. Izarberi kontzertuak ikustea gustatzen zaio gehien eta aurten pozarren dago, oso gogoko duen Vendetta taldearen emanaldia izango delako. Iñakiri ere kontzertuak ikustea eta lagunekin elkartzea gustatzen zaio gehien. Festen baitan, trikitixa taldeko kideekin batera, gitarra elektrikoa joaz hartuko du parte musika emanaldian. Iosuk ez du hutsik egingo krosean, ezta umeen eguneko puzgarri eta jolasetan ere. Musika ikasle izateaz gain, bertso eskolako ikasle ere badenez, bertsoa abestuz hartuko du parte txupinazoan. Xabinek, berriz, festetan erabat kalean egotea atsegin du, herritarrekin lasai egonez. Txupinazo egunean bertan egingo dute txistulari taldeko kideek lehen kalejira, baina San Pedro eguna bereziki, oso lanpetua izaten dute. “Goizean goiz hasten gara txistua joz, gero Udal korporazioarekin goiko elizara joaten gara. Meza bukatu ondoren, Soka-dantzan jotzen dugu txistua eta bazkalondoren, herriko musikarien kalejirari ematen diogu hasiera”. Kalejira berezia izan ohi da txistulari taldeko kideentzat. Bi hilabete lehenago hasi ohi dira mozorroa prestatzen eta giro polita sortzen dute herrian. Aurten gainera, berrikuntzak izango dira, txistulari taldeko kideak, trikitixa taldekoak eta Kantu Jira taldekoak elkarrekin arituko baitira.
Asteasuko txistulari taldea
Musikari askoren habia izan da Asteasu herria. Besteak beste, trikitilari ezagunak eman ditu eta baita txistulari ugari ere. Xabin eta Mari Juli Azkuek herrian zenbat txistulari ote zegoen elkarrizketa izan ondoren, sortu zen egun hogei bat kide biltzen dituen Asteasuko txistulari taldea. Geroztik, urtero-urtero, hutsik egin gabe hainbat ekintzatan hartzen dute parte, bereziena txistularien eta herriko musikarien kalejira delarik.