‘Bai ala ez’ izena jarri zioten lehen urtean, baina bigarren urterako izenarekin zalantzak sortu, eta geroztik ‘Zenbat zeate?’ izenarekin hartzen dute parte festetan. Hasierako urteetan 30-40 kidek osatzen zuten taldea, eta egun erdiak badira ere, orduan bezain gogotsu daude herriko festak noiz iritsiko zain. Belaunaldi ezberdinetako herritarrak biltzen dira taldean, 38 urtetik 54ra bitartekoak, hain zuzen; “herri txikietan ez baikara belaunaldika elkartzen, afinitateengandik edota lagunak eta haien ezagunak batuta baizik”, adierazi dute. Taldekideek orain 25 urteko blusa bera mantentzen dute, “originala” eta harrituta daude halako erabilera eman ondoren, nola jarraitzen duten bizirik oraindik ere. “Sanpedroetan zehar, blusa lotarako kentzen dugu juxtu-juxtu”, adierazi dute umoretsu. Festazaleak dira eta herriko jaiak hasi eta bukatu bitartean, orduero izaten omen da blusako kideren baten ordezkaritza kaleetan. “Goizeko ekintzatatik hasi eta hurrengo goizera arte, taldeko kideren bat izango da kalean. Ekintzetan eta parrandan, txanda librean ibiltzen gara”, diote.
Pregoilari
Azken urteotan, merezimenduren batengatik, herriko talde edota pertsonaren batek bota ohi du jaiei hasiera emateko suziria. Aurreko urteetan, eskolako guraso elkartea, emakume taldea, San Isidro eguneko antolatzaileak, elikagai bankuko kideak edota Juan Tapia trikitilaria izan dira pregoilariak. Aurten, bada, ‘Zenbat zeate?’ taldeko kideen txanda izango da. “Ilusioa egin digu gonbidapenak eta giroa sortu du taldekideon artean, aurten benetako sorgina jaitsiko ote dugun erabakitzen ari gara”, azaldu dute barrezka. Lehen gauean blusakideen afaria egin ohi dute Patxine jatetxean, “gure sedean”, baina aurten agian bazkaritik hastea ere ez zaie ideia txarrena iruditzen, udaletxeko balkoira gogo biziagoz iristeko. Zalantzarik gabe, pozarren iritsiko dira eta “hemendik 25 urtera, blusak 50 urte egindakoan, berriz ere gustura igoko ginateke”, aurreratzearekin batera, herritar gazte nahiz helduei blusa gehiago egin eta festan parte hartzeko deia luzatu diete.
Ekainak 28, asteartea
- 19:30 Txupinazoa Zenbat zeate? blusa taldearen 25. urtemugan. Ondoren kalejira: txistulariak, buruhaundiak eta erraldoiak.