Andoaingo Sanjuanak 2016

Aurtengo pregoia Ontzaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 24a, 02:00

75. urteurrena ospatzen ari den Ontza elkarteak hartuko du protagonismoa aurtengo pregoian eta txupinazoan, San Juan jaietan. Elkartearen zuzendaritza batzordeko Iñaki San Buenaventura eta Joxema Setien kideek adierazi dutenez, elkarte kideak ahaleginak egiten ari dira ikusgarria izan dadin San Juan bezperako ekitaldi hori.

Zerbait aurreratu al dezakezue pregoian eta txupinazoan egingo duzuenaren gainean?
Iñaki San Buenaventura:
Ekitaldi horretan elkartearen izaera islatzea nahiko genuke. Plazara hurbiltzen dena begiratu batean ohartu dadila elkartea zer den, nork osatzen dugun, zenbat sekzio dauzkan… Udaletxeko balkoian ere elkarteko ordezkaritzarik zabalena biltzea nahiko genuke. Hori dena ondo antolatzeko, bazkideei elkartean bertan biltzeko deialdia egin diegu, pregoiaren aurretik. Zizka-mizkarako aukera eman, eta ondoren komitiba baten moduan abiatuko gara aldapan gora plazarantz. Taldearen buruan elkartean bertan sortu zen Gora Kaletxiki txaranga joango da, eta atzetik danborrada. Horiekin batera, ehiztariak eta arrantzaleak izango dira, beren jantzi eta tresneria guztiarekin. Azkenik, txirrindularitzaren sekzioko bazkideak ere presente izango dira, lasterketetan behar izaten dituzten elementu adierazgarriekin. Goikoplaza nahiko beteta geratuko da jendearen presentzia handiari esker. Pregoia irakurri osterako ezustekoren bat ere pentsatuta daukagu, baina hobe gehiago ez aurreratzea. 

Pregoirako hautagaiak herritarrek proposatu ostean, gizarte eragileek aukeratu ohi dute pregoilaria. Hautaketa prozesu horrek ezer berezirik pentsarazi al dizue?
Joxema Setien:
Guretzat ohorea da pregoirako izendatua izatea. Esker onez eta pozik hartu dugu elkartea aukeratu izana. Egia esanda, 75. urteurrenaren ospakizuna dela eta, jabetzen ari gara Ontza oso estimatua dela herrian. Elkartea erreferentzia da andoaindarrentzat, bazkari edo afarietan bertan egon izanagatik besterik ez bada ere; badakite zer den elkartea, nork osatzen dugun, eta baloratzen da herriari begira egiten dituen aktibitateak, kirolean edo aisialdian.
I.S.: Egia esanda, urtero aldatzen da zuzendaritza batzordea elkartean, eta guri egokitu zaigu urte berezi honi aurre egitea. Urte berezi honetara moldatu behar izan dugu, ohi baino lan gehiago eskatzen ari zaigu, baina gustura ari gara. Maila pertsonalean, benetan ohorea da horren gertu bizitzea urteurrena zein Sanjuanetako pregoia.

Nola doaz urteurreneko ospakizuneko ekitaldiak, urte osora zabaldu dituzuenak?
I.S.:
Zoragarri irten zen maiatzaren 22ko ekitaldi nagusia. Herriko eragile ugari hurbildu zitzaigun gurekin eguna  ospatzera, eta elkarteko bazkiderik zaharrenak ere hunkituta agertu ziren, ez zuten uste halako dimentsioko ospakizuna izango zenik. Orain arte egin diren gainerako ekitaldiak ere uste bezala irteten ari dira, mus txapelketa, arrantza eta ehizari lotutakoak. Lasarte-Andoain bertso afariari dagokionez, esan behar da saio bikaina izan zela, baina bertso jende gehixeago espero genuela. 
J.S.: Ondorengo aste eta hilabeteetan datozen ekitaldiak darabilzkigu eskuartean oraintxe, eta urrutira gabe, San Pedro jaiekin edo eta Jubenilen Gipuzkoako txirrindularien etaparekin dabiltza buru-belarri elkarteko bazkide ugari. Hori bai, esan beharra daukagu atzeratu egingo dela musika emanaldia, ekainaren 29rako iragarrita zegoena. Andoaingo herria kultur ekitaldiez gainezka ibiltzen da ekainean zehar, eta ezin izan ditugu bildu nahi genituzkeen musikari guztiak. Ez da zehaztu, baina urtea amaitu aurreko egunen baterako atzeratu dugu kontzertua.  

Urteurrenaren harira, ikusi al duzue premiarik etorkizunari begirako hausnarketarik egiteko?
I.S.:
Ospakizuna antolatzera bideratu ditugu ahalegin guztiak, egia esanda. Dena den, elkartea osatzen duen giza taldeak daraman eboluzioa eta dinamika zein den ikusita, ez zaigu iruditzen hausnarketa handiegirik egin behar denik. 137 bazkide ditu elkarteak, horietatik 37 bat jubilatu eta ohorezkoak; beti doa berritzen bazkidez eta mantentzen kopuruz. Arrantza, ehiza eta txirrindularitzako sekzioak beti bezain indartsu mantentzen dira, eta bazkide guztiak mentalizatuta daude bere ekarpena egin behar dutela egokitzen zaienean. Talde berria sartzen da urtero zuzendaritzan, eta bere kide guztiek garbi edukitzen dute aparteko inplikazio pertsonala eskatuko diela urte horrek. 
J.S.: Pixka bat atzera begiratzen baduzu, konturatzen zara elkartea gizartearekin ari dela eboluzionatzen; gizartea aldatzen den heinean ari da aldatzen elkartearen funtzionamendua ere. Gizonak biltzeko espazioa izan zen elkartea garai batean, baina atzean utzi da mentalitate hori. Familia giroa da nagusi gaur egun, eta bertan antolatzen diren bazkarietan islatzen da hori batez ere. Egia da urteurrenean atera zen argazkian, gizonak besterik ez zirela ageri bazkideen artean. Baina denbora kontua izango da emakumeak ere bazkide gisa ikustea. Ez dago ez arau ezta hori eragotzi dezakeen debekurik ere. Gertatzen da zenbait baldintza bete behar izaten direla: bazkide berria izateko, nahi izateaz gain noski, jubilatu edo hil den bazkide baten familiakoa izan behar da, edo eta bestela, plaza bat libre geratu behar da. Auzoan-eta, badira elkartearen errealitatea familia giroan bizitu izan duten emakume gazteak, transmisio hori jaso izan dutenak, eta seguru gaude bazkide egingo direla, goiz ala berandu. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!