Akelarreak tradizioa eta festa parte hartzaileak uztartu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 23a, 02:00

San Juan plazan eta Plazido Muxika plazan Akelarrearen antzezpena eskainiko diete urnietarrei, eta azken egunetan ikuskizuna eskainiko duten tokietan bertan entseguetan ibili dira. 

Gaurko plana:

Ekainak 23, osteguna

  • 21:00 Sorginen bilkura San Juan plazan. Kalejira Buruntzantzanekin  Plazido Muxika plazaraino.
  • Sorgin dantza eta Akelarrea.
  • 22:30 Sua piztea eta erromeria Txanbolin txistulari bandarekin.

Aiurri astekaria Akelarrearen azken entseguetan izan zen eta hainbat kideren adierazpenak bildu zituen.  Patricia Zelaiak dantza irakasteko lanak hartu ditu eta parte hartzaileen kemena txalotu du: “Akelarrean euskal dantza txertatzea beharrezko ikusi genuen. Partaide gehienentzat euskal dantzak berriak dira eta, beraz, meritu handia daukate. Entsegu asko egiten ari gara eta parte hartzaileen gogoa ikusita, oso polita izaten ari da”.
Arantxa Corbellek sorgin lanetan errepikatuko du, iazkoari jarraipena emanez. Alabarekin aterako da, eta ilusio berezia egiten dio horrek: “Oso berezia da niretzat, ama eta alabaren papera beteko dugulako gainera. Sanjuanak oso gogoko ditut betidanik, eta Akelarrearekin are gehiago”.
Paki Navasek sorginen ontzia prestatzeaz gain, dantza eginez hartuko du parte: “lan asko hartu nuen iaz, baina merezi du. Laura Claudinoren ideia bikaina iruditzen zait. Eta horrez gain, sorginak bereziki maite ditudalako hartzen dut parte”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!