Krisia Andoaingo PSE-EE alderdian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 22a, 02:00

Udal politikagintzan dabiltzanen artean bazebilen zurrumurrua, sozialisten artean desadostasunak zeudela aditzera ematen zuena. Bada, Udal hauteskundeak ospatu eta urtebetera Alvaro Gonzalez zinegotziak alderdiarekin hautsi duela iragarri du. Andoaingo zuzendaritza politikoarekin gaindiezinak diren desberdintasunak dituela adierazi du, gainera. Hala ere, zinegotzi postuari eutsi egingo dio.

Andoaingo Udalean zinegotzi den Alvaro Gonzalezek prentsa ohar bidez udal talde sozialista eta PSE-EE-ren diziplina uzteko erabakia hartu duela iragarri du, Andoaineko udal-politikekin eta udal-talde sozialistaren zuzendaritzarekin funtsezko desadostasunengatik. Gonzalezek adierazi nahi du “aurrerantzean proposamenak egiteko eta botoa igortzeko askatasunarekin, andoaindarren alde lan eraginkorragoa egin ahal izatea espero duela”. Horixe izan zen Gonzalezek berak astelehen goizean bidali zuen oharra. Astelehenean bertan udaletxean sarbidea eman zion eskaerari eta Andoaingo alkate Ana Carrereri hartutako erabakiaren berri emateko bilera eskatu zion.
Urte zaila izaten ari da Andoaingo PSE-EE alderdiarentzat. Bigarren alderdia izanik ere, EAE mailako akordioaren arabera, EAJ-PNVren babesarekin alkatetza lortzeko aukera eskura izan zuen. Boto zuri batek, ordea, aukera hori galerazi zion Maider Lainezi. Gonzalezen erabakiak egoera zailean uzten du Andoaingo PSE-EE, Udal ordezkari bat galtzen duelako. Izan ere, Gonzalezek zinegotzi aktari eusten diola adierazi baitu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!