Iturria esprinterren tropeltxoan helmugaratu zen lehen eta laugarren etapetan. Ostiraleko erlojupekoan minutu eta erdi inguru galdu zuen onenekin, eta etapa nagusian, Val d’Azun eski estazioan bukatu zen saioan, 12. helmugaratu zen Nairo Quintana itzuliko garailearengandik minutu eta erdira.
Tourmaletean aurrealdean, eta elurpean
Etapa horretan Tourmalet mendate ezaguna igo zuen tropelak La Mongie-tik. Eguraldi traketsarekin, eta elurpean, azken bi kilometroetan. Hogeiren bat lagun igaro ziren onenen tropelean Tourmaleteko gainetik, eta han zen Iturria, Quintanaren alboan. Iturriak sailkapen nagusian Top 15 izatea zuen helburu, eta 11. postuarekin kontent itzuli da etxera. Jakina, hamar onenen artean sailkatzeak oihartzun mediatiko handiagoa edukiko luke, baina 11. postua ere ez da txarra.
Are gutxiago Urnietako ziklistak denboraldi hasieran izan dituen arazoak izan eta gero. Orain bi hilabete erietxera eraman behar izan zuten, birus batek erasotuta konortea galdu zuelako. Neguan errepidean egindako lan guztia pikutara joan zen bat-batean, osatu bitartean. Route du Sud probara sasoiz justu samar iritsi zen, baina emaitza onak konfiantza handia eman dio denboraldiko bigarren zatiari indartsu ekiteko.
Larunbatean Espainiako Txapelketa korrituko du Iturriak, Alacanten. Ondoren etorriko dira Ordizia eta Getxoko klasikak, eta Burgosko Itzulia, abuztuaren 2tik 6ra. Proba horietan guztietan hamar onenen artean sailkatzeko erronka dauka Iturriak, gorago ez bada, eta Burgosen sailkapen nagusian ere onenengandik gertu egin nahi luke. Lortuko balu, pelotoi profesionalean tokitxoa daukala erakutsiko luke urnietarrak.
La Route du Sud
Sailkapen Orokorra:
1 Nairo Quintana Movistar
2 Marc Soler Movistar
3 Nicolas Edet Cofidis
4 Thomas Voeckler Direct
5 Sergio Pardilla Caja Rural
6 Ricardo Vilela Caja Rural
7 Mikel Bizkarra Murias
8 Stephane Rossetto Cofidis
9 Luis Angel Mate Cofidis
10 Artem Nych Gazprom
11 Mikel Iturria Murias
12 Jose Joaquin Rojas Movistar
13 David Arroyo Caja Rural
14 Delio Fernandez DMP
15 Garikoitz Bravo Murias
*Gazteen sailkapenean: Hirugarren.
*Taldeka: Murias, laugarren.