Eta egunean bertan erosteko asmoa duenak 25 euro ordaindu beharko ditu. 12 urte bitartekoentzat, berriz, bazkariaren prezioa 9 eurokoa izango da.
Iaz bezala, Goikoplazan, San Martin elizaren ondoan izango da. Honako menua prestatuko dute antolatzaileek: txorizo egosia, entsalada mistoa, txuleta, gazta, irasagarra eta intxaurrak. Edateko, sagardoa, ardoa eta ura aukeran jarriko da.
BAZKARIA GIRO EDERREAN
Giro ederrean egin dira aurreko urteetako bazkariak; tradizio bihurtzeko bidean da hitzordua, Andoaingo auzoetako jai batzordeek elkar hartuta antolatzen dutena. Gastronomiaren aitzakian, bi helburu lortu nahi ditu bazkariak: herriko festa zaleek elkartzeko topagune bat izatea, eta kale giroa indartzea.
Andoain ez da jaien faltan dabilen herria; zortzi ditu guztira, eta auzoetan burutzen dira horietako zazpi. Sanjuanen ostean datoz gehienak, bata bestearen atzetik: Kaletxiki, Karrika, Etxeberrieta, San Esteban, Buruntza eta Sorabilla, hurrenez hurren. Horien antolaketan buru-belarri dabiltza jai batzordeak, ahalegindu dira astia hartzen elkarrekin biltzeko eta herriko jaiei bere ekarpena egiteko.