Andoaingo Sanjuanak 2016

Disko berriena aurkeztuko du Esne Beltzak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 24a, 02:00

Andoaingo jaietan ekingo diote Esne beltzakoek udako kontzertu sortari. Ekainaren 25ean disko berria aurkezteaz gain, aurreko lanetako kantuak ere eskainiko dizkiete zaletuei.

 

Maiatzean aurkeztu zuten Esna2 diskoa prentsa agerraldian. Diskoa, ordea, ez da bakarrik jaio, izan ere, proiektu bikoitz baten bigarren alea baita. Iazko azaroan aurkeztu zuten lehendabiziko alea, Esna izenburupean. Abesti intimoagoak biltzen ditu taldeak lehen ale hartan; aldarrikatzaileagoa da, ordea, proiektua borobildu eta osatzen duen Esna2 diskoa. 
Andoainen ekingo diote Esne Beltzakoek udako kontzertu sortari. Disko berria aurkezteaz gain, aurreko lanetako kantuak ere eskainiko dizkiete zaletuei. Andoaingo kontzertuaren ondoren, Loiun arituko dira uztailaren 2an eta ondoren etorriko dira Euskal Herrian barrena eta nazioartean eskainiko dituzten emanaldi gehiago. 

Zazpi kantu berri
Zazpi kantu biltzen ditu guztira Esna2 diskoak. Iñigo Cabacasen heriotza salatzen duen ‘Hil zuten’ kantuak zabaltzen du sorta. Aldarrikapen doinuei eutsiz, euskal presoen egoera salatu eta dispertsioaren aurka ari da ‘Mugitu Harriak’, eta euskararen eta ikastolen alde Herri Urrats jaierako sortu zuten ‘Jalgi’ kantua. ‘Askeak’, ‘Zaunkaka’ , ‘Esna gauden artean’ eta ‘Agurrik ez’ kantuek osatzen dute diskoa.  

Taldeak hain bereak dituen reaggea eta hip hop doinuei eutsi die disko honetan ere. Hitzei dagokienez, berriz, Jon Garmendia ‘Txuria’ urnietarra izan da kantu guztietako hitzen egilea. 

Estudioko seigarren lana dute Esne Beltzakoek eta lehen aldiz, taldekoak ez diren bi musika ekoizlerekin elkarlanean aritu dira. Batetik, Laurent Dupuy, bi Grammy irabazitakoarekin, eta bestetik Jeremie Garat biolontxelista eta sortzailearekin. Kolaboratzaile gehiago ere izan ditu Esne Beltza taldeak Esna2 diskoa ontzeko garaian. Esate baterako, Arianna Puello eta MS Maiko, Bad Sound System eta Glaukomako kideak, Oreka TX taldeko txalapartariak, Ciocarlia fanfarea, etab, 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!