Txalaparta tradizionalaren zaindariak

Ezinbesteko bihurtu da San Juan suaren inguruan egiten den jaian. Mari Karmen Zuaznabarrek eta bere seme Pello Urangak txalapartaren dei hotsarekin ematen diote hasiera gau majikoari.

Udaletxeko balkoitik aritzen da bikotea, eta bere emanaldia entzun egiten dute ikusi baino gehiago, gau horretan Goikoplaza lepo jarri ohi duten andoaindarrek. Beharbada horregatik ez dira horren ezagunak Andoainen, herriko belaunaldi berrientzat batik bat. Nolanahi ere, aurtengo jaien pregoia egiteko hautagaien artean izendatu dituzte zenbait herritarrek, esker onez eta estimazioz, eta zerbait esan nahiko du horrek.
1988an edo lehenago ekin zion Zuaznabar familiak ohitura horri, Mari Karmenek adierazi duenez: “Aita (Pello) Lasartekoa izan arren Laborde lantegian topatu zuen lanpostua 1936ko gerra ostean, eta horrexegatik bizi ginen Andoainen; Txitxarrain baserriaren pareko etxean, hain zuzen. Txalapartaria zen gazte-gaztetatik, eta behin, Sanjuanetan jo zezan eskatu zioten. Nire semea hartu, eta halaxe hasi ziren biak. Hutsik egin gabe egin dio aurre Zuaznabar familiak Andoaingo konpromisoari, harrezkero”.
2001ean hil zen Pello Zuaznabar. Bost bat urte lehenago-edo pattal jarri, eta bere alaba Mari Karmenek hartu zion lekukoa. “Txalaparta guztizkoa zen berarentzat, eta bere tokia hartzeko eskatu zidan. Era horretan, aitak emandako agindua betetzen ari naiz urtez urte; ohore bat da nire semearentzat eta biontzat hark eutsi zion tradizioari jarraipena ematea. Andoaingo herriak deitzen digun bitartean, prest egongo gara Sanjuan festari gure ekarpentxoa egiteko, dakiguna eginez”.
Karmenek aitortu duenez, berak aitarekin jendaurrean inoiz ez zuen txalapartarik jo. “Bera osasunez gauza ez zenean hasi nintzen semearekin Andoainen, ez lehenago. Urtero, San Juan iritsi aurreko egunetan, garajean azterketa egiten zigun: “zer moduz ari gea, aita?” galdetzen nion, zorrotza baitzen. Eta berak erantzuten: “ondo ari zerate, ondo”.
Ama eta semea, bi saskirekin, lau makilekin eta ohol bakarrarekin agertzen dira Andoaingo jaietan. Ohol bakarrarekin, azpimarratu nahi izan du Mari Karmenek, eta horren zergatia azaldu du: “txalapartaren forma tradizionalean aritu zen aita, eta guk ere berak egiten zuen eran egiten dugu”.
Ez da ahaztu behar Pello Zuaznabar, bere anaia Migelekin batera, txalapartaren eskola zaharreko ikonotzat hartu izan dela XX. mendean, eta izaten jarraitzen duela XIX. mendean.

Txalapartaren aitzindariak
Egun Euskal Herrian diren txalapartariek eta txalaparta eskola ugariek ziurtatuta daukate txalapartaren osasuna eta etorkizuna… Baina ez da denbora asko txalaparta desagertzeko zorian egon zela, gezurra badirudi ere, Karmenek gogoratzen duen bezala. Egia esanda, XX. mendeko lehen hamarkadetan, leku bakanetan eusten zitzaion txalapartaren usadioari, Donostialdeko nekazari giroko familia eta etxeetan gehienbat; esate baterako, Lasarten, Karmeleren aitaren eta bere osaba Migelen Sausta (Sasoeta) baserrian.
Frankismoaren aurreneko urteetan ere nahiko ezkutuko gauza izan zen txalaparta jotzea, euskal kulturaren adierazpen gisa hartzen baitzen. Beldur ofizialari desafio eginez, hiru bat baserritan eutsi zitzaion tradizioari, txalapartaren historia liburuetan (Juan Mari Beltran, Txalaparta) adierazten denez: aipatu Saustan, eta baita Bilandegin (Martutene) eta Erbetegi-Etxeberrin (Amara). Hori bai, urtean zehar oso-oso gertakizun zehatzetan astintzen zituzten makilak, mandioan eta sagardoa egiteko sagarraren biltzea bukatzen zenean batik bat. Erritual baten antza hartzen zuen emanaldi hark, aparteko gertakizuna familiaren bizitzan.
Poliki-poliki, Zuaznabar anaiek txalaparta baserriko mandiotik plazara eramateko pausoa eman zuten. 50eko hamarkadan izan zen hori, Zubietako euskal jaietan eta nekazari kutsua zuten antzeko ekitaldietan jendaurrean jotzen hasi zirenean. Egun haietako batean, Usurbilgo JosAnton eta Jesus Artze anaiak txundituta geratu ziren zuaznabartarren txalapartaren hotsarekin. Handik ez denbora askora, Ez dok hamairu kultur mugimenduaren doinu modernoei ttakun ttan ttakun-a gehitu zioten.
Egundoko eboluzioa bizitu du txalapartak azken hamarkadetan, eta bide berritzaile horren lekuko izan zen Pello, bere bizitzako azken urteetan. Txalapartari itsatsitako aire berriak entzuten zituenean nahiko ondo onartzen zituela iruditzen zaio Mari Karmeni: “Behin Oreka TX-eko mutilak etorri zitzaizkion bisitan, disko bat besapean zutela; eskura jarri nahi izan zioten, bi anaien txalaparta hotsa sartu baitzuten diskoan. Aitak diskoa aditzen jarri, eta zera esaten zuen, “bai polita dela! Baina ez dakit, bada, txalaparta den hori, edo beste zer edo zer ote den…”. Esango nuke ulertzen zuela txalaparta gazteekin hartzen ari zen bide modernoa. Soinu txikiaren instrumentuarekin parekatzen zuen, hark ere eboluzionatu izan baitu denboran zehar. Tradizionala eta modernoa, biak elkarrekin bizi zitezkeetela, alegia”.

Irakaslea, nornahirentzat
Txalapartak jarraipena eduki zezan izan zen Pello Zuaznabarrek bere bizitzan eduki zuen obsesiorik handienetakoa. “Ez dadila galdu! Horixe errepikatzen zuen maiz. Bere etxeko garajea txalaparta ikasteko gogoa agertzen zuen edonori irekitzen zion, berdin zitzaion kolore batekoa edota bestekoa izan. Andoaingo ikastolan ere aritu zen irakasten. Jende mordoa igaro zen bere eskuetatik azken batean, eta ez ditut denak gogoan. Baina tarteka, jendea hurbildu egiten zait esker onez. Hernanin urtero ospatzen den txalapartaren jaialdietako batean, gogoratzen naiz Katto Amilibiak nola hitz egin zien aurrean zituen txalapartariei, harrotasun puntu batekin: “zuek nahi dezuena esango dezue, baina neri Pello Zuaznabarrek erakutsi zidan txalaparta jotzen”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!