Andoainen arrastoa utzitako moja

Elisa Gonzalez mojaren heriotzak, Algodonera lantegiaren eta Milagrosa ikastetxeari lotutako pasarteak gogora ekarri dizkie andoaindar frankori.

Elisa Gonzalez, Karidadeko Alaben kongregazioko moja Vivar del Ciden (Burgos) jaio zen 1924an, eta Rabe de las Calzadas herrian (Burgos) hil zen 2016ko martxoaren 18an. Burgosen sortu eta zendu bazen ere, andoaindar sentitu zen beti. Andoainen 50 urte egin zituen, eta bere bizitzan andoaindarrak izan zituen adiskiderik handienak; ez alferrik, makina bat belaunaldi hazi eta hezi baitzuen herrian. 

Bera aipagai hartzeak, derrigorrean, Karidadeko kongregazioak (La Milagrosa) Andoainen XX. mendean (1920-1993) egin zuen ibilbidea gogoratzea dakar, eta ez hori bakarrik, baita herriko zaharren egoitza edota Etxeberrietan kokatzen zen Algodonera lantegia.  

Kongregazioko moja mordoska igaro zen Andoaindik, baina Sor Elisa izan zen bertan egonaldirik luzeena egin zuena. Arrasto sakona utzi zuen emakumeak andoaindar ugarirengan, eta horren erakusgarri da bere heriotzak hurrengo egunetan eragin zuen atsekabea. Meza bana ospatu zen bere arimaren alde, San Martin elizan eta zaharren egoitzan, jendetsuak biak. Azken agurra egin nahi izan zioten haurtzaroa bere altzoan egin zutenek zein bere ikasle izan zirenek.

Maria Dolores Irigoras eta Marisol Sueskun izan ziren horietako bi. Bikain asko ezagutzeko parada eduki zuten biek ere: bai haurtzaindegian, zein Milagrosako ikastetxean.

1928an Etxeberrietan jaio zen Irigoras bere laguntzailea izan zen haurtzaindegian. “Gurasoak eta denak Algodonerako langileak izan ziren, auzotar gehienak bezalatsu; igual bostehun langile izango zituen. Hala ere, umetan, ni ez ninduten haurtzaindegira eramaten, amonak zaintzen ninduen etxean. Hamabi urterekin Milagrosako ikastetxera bidali ninduten, Kaletxikira. Eta hamalaurekin Algodoneran hasi nintzen. Berehala, ordea, haurtzaindegian egoten ziren mojen laguntzaile gisa jarri ninduten, Pepita Izagirrerekin batera. Orduantxe ezagutu nuen Sor Elisa. 1943an etorri berria zen Burgosko nobiziadutik; abitua jantzi berritan, gazte-gaztea zen. Izaeraz oso ireki eta alaia zen, egundoko jostalaria! Umeen pare jartzen zen, eta haiekin saltoka, korrika, gorde-gordeka… zer ez ote zuen egiten!”. 

1942an jaio zen Marisol Sueskun, eta oroitzapen ezin hobeak pizten dizkiote Algodonerako haurtzaindegian eta haur eskolan egin zituen urteek, besoetako (hilabete) haurra zenetik hasi eta segidakoak. Sor Elisari estuki lotutako bizipenak dira bereak. “Haur zaintzaile goxoa eta irakasle bikaina zen. Oso gogoko zuen kantua eta dantza, baina horien gainetik, esango nuke kontu kontalari paregabea zela. Ikasgaiak etxean ikasteko agintzen zigunean, hurrengo egunean bere mahai ingurura joan behar izaten genuen; azterketa egiten zigun ea zenbat ikasi genuen. Guk ezer ez jakin, bada, gaiaz aldatzeagatik, beti funtzionatzen zigun martingala erabili ohi genuen: Sor Elisa, Sor Elisa, nolakoa zen Cid Campeador? galdetzen genion. Izan ere, sorterri berekoa baitzuen pertsonaia historiko hura! Ez zuen beste aitzakiarik behar, han hasten zitzaigun batailak kontatzen, isildu ezinik! Liberazio ederra guretzat”. Luis Vivesen entziklopedia beste ikas-materialik ez zutela erabiltzen gaineratu du Sueskunek.

Ez ziren errazak izaten garai hartako ikasgelak gobernatzea, ikasleez josita egoten zirenak. Gizartean onetsi egiten ziren metodo zakarrak, baina Sor Elisak nahiago izan izaten zuen pazientzia kiloka erabili, Sueskunek adierazten duenez: “gelan zalaparta nagusitzen zenean, munduaren bola eskuetan zeukan Jesus haurraren irudiari begira jartzen zen, eta zera erregutzen zion: “¡Ay niño Jesus, haz que nos callemos!”.

 

Bokazioa, urkoari zerbitzea

Zaintzan eta hezkuntzan jardun zuen Elisak Andoainen egin zuen berrogeita hamar urteko bizialdian. “Algodoneran goizez eta arratsaldez beti bi moja egoten ziren, bai haurtzaindegian eta baita eskola txikian ere. Pepita Izagirre eta biok beren laguntzaileak ginen, haur jaio berrien zainketarako. Egunean lau joan-etorri egiten zituzten, Kaletxiki eta Algodonera artean; bidaia haiek Julian Oiartzabalek gidatzen zuen zaldi-gurdian egiten zituzten. Sor Elisa arratsaldeetan Kaletxikin geratzen zen Milagrosako ikastetxean eskola emateko. Gauez, berriz, ospitaleko zaharrekin gaubelan egoten zen, beste mojekin batera. Argi dago urkoari laguntzea izan zela bere bokazioa Andoainen, beti”.

1993an, Andoaingo zaharren egoitzan ematen zituen zerbitzuei uko egitea erabaki zuen Karidadearen Kongregazioak. Ekainaren 27an azken agurreko omenaldia eskaini zitzaien mojei (ordukoak dira argazkiak). Haurrak eta gaztetxoak izan zirenean Sor Elisaren tratu maitekorraz eta eztiaz gozatu zutenek ez zuten hutsik egin egun berezi hartan.

Geroztik, kongregazioak Rabe de las Calzadasen daukan egoitza izan zen Elisa Gonzalezen bizitokia. Sekula ez zuen harremana galdu andoaindarrekin, nolanahi ere. Andoainera etorri izan zen bisitan, eta bestela ere loturari eutsi izan zioten hark eta Andoaingo bere adiskideek, heriotza heldu zitzaion arte, Marisol Sueskunek azpimarratu nahi izan duen bezala: “Andoaindarra sentitu zen beti, beste inongoa baino gehiago. Askok, ohitura genuen egun berezietan (bere urtebetetze egunean, Gabonetan…) berarekin telefonoz hitz aspertua egiteko. Bazen Burgosera joaten zenik ere. Erritual jakin bat errepika arazten zigun beti. Ohiko “Zer moduz?” “Eta zu?” diosala egin ostean, “Ama Maite Maria” eta “Agur Gurutze Santu” abestu behar izaten genituen”. Albotik, beste mojek harriduraz galdetzen omen zioten, zera, “baina, zuk zer daukazu Andoainekin?”. Eta berak erantzuten: “nire herria da; han daukat bihotza, hantxe dauzkat adiskide eta oroitzapenik handienak”.

 

Karidadeko mojak Andoainen (1920-1993)

Karidadearen Alaben kongregazioa San Vicente de Paulek sortu zuen 1660an, ongintzarako bokazio erlijiosoa zuten emakumeak bideratzeko asmoz, eta horiek txiroei, gaixoei, umezurtzei eta abarri lagundu ziezaieten.

1920an Andoainen kokatu zen kongregazioa. Lau moja Kaletxikiko ospital zaharrean (Irigoienazpikoa) jarri ziren bizitzen, bi hitzarmen sinatu ostean: bata udalarekin ospital zaharra zuzentzeko, eta bestea Subijana lantegiarekin, honek ireki berria zuen haurtzaindegia zuzentzeko. 

 

Kaletxikiko ospitala

Kaletxikiko ospitalean, adinduak zaintzeaz gain, neska-mutilen eskolaurreko ikastetxea ireki zuten. 1958an, Hezkuntza Ministerioaren baimena lortu zuen, eta hurrengo urtean eraikuntza berri bat eraiki zuten Irigoienazpikoaren aldamenean, Milagrosako Ikastetxea izena jarrita. Kultura orokorra, joskintza eta administraritza (takigrafia, mekanografia, frantsesa…) erakusten zuten, ikasleak inguruko lantegietarako prestatuz. 

1972an, La Salle eta Milagrosa ikastetxeak batu egin ziren. Handik aurrera, La Salle-Milagrosa ikastetxea integratua eta mistoa bilakatu zen. 

1990-1991 ikasturtean, irakaskuntzan jarraitzen zuen kongregazioko azken mojak erretiroa hartu zuen. Aldi berean, 1940az geroztik Andoainen kokatuta zegoen Jesusen Alaben ikastetxea eta La Salle-Milagrosa elkartu egin ziren. La Salle-Berrozpe izango zen ikastetxearen izen ofiziala aurrerantzean.

90ko hamarkadaren hasieran, San Juan Bataiatzailearen Udal erresidentzia administratzera murrizten zen Karidadeko mojen eginkizuna. Azkenik, 1993an, eta arrazoi ugari zirela medio (udalarekin desadostasunak, pertsonal falta, e.a.), kongregazioaren zuzendaritzak Andoainen eskaintzen zituen zerbitzuei uko egitea erabaki zuen.

 

Algodonerako haurtzaindegia

Bi moja, hilabete eta erditik 14 urtera arteko haurren kargu egiten ziren, horien amak, irundegian eta ehundegian aritzen ziren emakumeak, lanean ziharduten bitartean; 14 sehaskaz osatutako gelan egoten ziren. Aldi berean, eskolaurrea ere antolatu zuten bertan. Urtetan aurrera, lantegiko emakume gazteei josteko klaseak ere ematen zizkieten. Ikastetxe horrek zazpi urte bitarteko neska-mutilak hartzen zituen, eta baita 14 urte bitarteko neskak ere. Kultura orokorra, joskintza eta etxeko laboreak irakasten zuten bertan.

1957an Ricardo Matxinbarrenaren esku geratu zen Algodonera, eta laster, haurtzaindegia ixteko erabakia hartu zuen. 1965ean, berriz, lantegiak ere ateak itxi zituen betirako.


 

Elisa Gonzalez bere zenbait ikaslez inguratuta, agurreko omenaldian. Ezker eskuin, zutik: Mertxe Mendia, Josebe Zinkunegi, Juana Mari Poza, Mertxe Amondarain, Maria Pilar Letamendi, Tere Arribillaga, ?, Mari Karmen Irizar, ?, ?, Manoli Arizaga, Enkarna Etxaniz eta Ana Mari Mendoza. Erdian: Elisa Gonzalez, Margarita Aranburu eta Mari Cruz Sanjuan. Makurtuta: Mari Carmen Gonzalo, Mari Carmen Soler, Marisol Sueskun, Mari Carmen Prieto, Maria Victoria Arribillaga, Marisol Otamendi eta Maria Dolores Mendia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!