Zer moduz doaz aurtengo prestakuntza lanak?
Laura Claudino. Ekitaldiaren gidoia dagoeneko itxita daukagu. Musika eta dantza atalak prest ditugu, eta orain entsegu orokorretan hori guztia batera jarri behar dugu.
Iaz abiatutako bidetik jarraituko duzue, berrikuntzarik ba al dago?
L.C. Ezin dugu den-dena iragarri, baina urnietarrek jakin dezatela aurten San Juan plazatik abiatuko garela. Gaualdiari hasiera emateko gunerik egokiena dela iruditzen zaigu. San Juan plazatik kalejiran abiatuko gara Buruntzantzan taldekoekin batera, Iurramendi kaletik aurrera egingo dugu Plazido Muxika plazara iritsi arte. Txanbolin taldea zain izango dugu. Baga Biga kantuaren doinupean, gure argitxoekin plaza argiztatuko dugu. Iaz abiatutakoaren bidetik pauso bat haratago joango gara Sua piztuta, dantzan jarraituko dugu. Erromeri horretan ikuslegoa gurekin dantza egitera gonbidatuko dugu.
Iaz eman zenuten ezusteko atsegina izan al da aurrera jarraitzeko arrazoi nagusia?
L.C. Orokorrean denok bat gatoz iazko onena herritarren aldetik jaso genituen hitz onak izan zirela. Kalean zehar jendeak zoriontzeko geratzen gintuen. Nolanahi ere, denetariko erreakzioak izan ziren. Festarekin bat egin eta ospakizunak hazkundea izan dezan, festa hobetzeko jaso ditugun kritika konstruktiboa aintzat hartu dugu.
Talde ezberdinak elkarlanean ikustea pozgarria da…
L.C. Bai, eta bereziki hain ezberdinak direla ikusita. Alde batetik, tradizioan oinarria duen Txanbolin banda, bestetik Buruntzantzan batukada eta horiei guztiei baturik emakume piloa, guztiak dantzarako eta antzerkirako gogo handia duten Urnietako bizilagunak... Bada, den-denak aktore baten eta bi dantzarien esanetara jarri dira. Ez dakit ausartak edo inkontzienteak diren, baina haiei guztiei esker osatu da sorginen akelarrea. Meritu ikaragarria dute.
Noiztik ari zarete aurtengoa antolatzen?
L.C. Urrian elkartu ginen aurtengo edizioa prestatzen hasteko. Ideia garatu eta berehala entseguekin hasi ginen. Lantalde bakoitzak ikuskizunaren atal bat garatu du. Akelarrean dantza egingo dugunok bi talde osatu behar izan genituen, entseguetara hainbeste jende hurbiltzean dantzarako tokirik gabe geratu ginelako. Beraz, astean hiru egunez entseatzen dugu, ordu eta erdiko saioetan. Berriro diot, sorginek egin duten ahalegina miresgarria da. Den-denak, gaztetxoenak eta helduenak. Ez da erraza Akelarrearen prestaketa eguneroko zereginetan barneratzeko denbora hartzea.
Egun asko dira, ordu asko. Lan handia da.
Zein ikuskizunetan oinarritu zineten Akelarrea sortzeko garaian?
L.C. Tolosako Akelarrean, hango adiskide asko ditut. Ezin izan nuen hangoan parte hartu lana zela medio, baina ahal izan nuenean Urnietan bertan sortzea bururatu zitzaidan, beste herriren batera ez joateko. Hori dela eta, orain arteko jaia antolatzen zuen Txanbolin bandarekin harremanetan jarri nintzen lehenik eta behin. Gerora Funky dantza taldeko kideak Buruntzantzan taldearen erritmora dantzan ikusi nituen behin, eta zuzenean haiengana joan nintzen. Ikuskizunean burubelarri sartu ziren eta horrela, denen artean, ikuskizuna sortu zen. Ez du zerikusirik Tolosakoarekin, urnietarren zigilua daramalako.
Beraz, gau magikoa izango da. Ikusi beharrekoa, iaz izan zirenentzat edota hurbildu ez zirenentzat…
L.C. Iazkoa ikusi ez zutenek herriarentzat landutako sorpresa ederra galdu zuten, eta aurtengoan hutsik ez egiteko esango nieke. Gau magikoaz gozatzeko ez da herritik atera behar.
Eguraldiari begira egon beharko da...
L.C. Sorginok dagoeneko haizeari eragiten dioten jeinuekin harremanetan jarri gara. Euren artean bakean egon daitezela, ez dezatela ekaitza sortuz jaia oztopatu.